Elkargik eta Socilenek ETEetarako finantzaketa-lerro bat atera dute
Bi erakundeen arteko akordioari esker, Euribor + % 0,95etik aurrerako inbertsioak finantzatu ahal izango dira, 5 urtera arteko epeekin
Elkargik crowdlendingeko (partaidetza bidezko finantzaketa-plataforma) sozietate batekin hitzarmen bat ezartzen duen lehen aldia da
Elkargik eta Socilenek beste urrats bat egin dute ETEen finantzaketa sendotzeko bidean, kreditua lortzeko baldintzak hobetuko dituen hitzarmen baten bidez.
Akordioa ELKARGIko merkataritza-zuzendari Jorge Belausteguik eta SOCILENeko zuzendari nagusi Álvaro Castrejanak izenpetu dute Bilbon. Biak pozik agertu dira, akordio honen bidez bultzatu eta indartu egingo baita enpresa-proiektu eta merkataritza-proiektu berrien abiaraztea eta lehendik zeuden beste batzuen finkatzea, bi finantza-erakundeek beren jarduera garatzen duten arlo guztietan.
Kreditu-lerroa ETEen ohiko premiak finantzatzeko lehentasunezko baldintzetan formalizatu da. Enpresa txiki eta ertainek 1.500.000 euroko maileguak eta kredituak lortu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, eta 900.000 euro lurralde mugakideetan. Euribor + % 0,95etik aurrerako inbertsioak finantzatu ahal izango dira. Inbertsiorako maileguen kasuan, epea 3-5 urtekoa izango da, urtebeteko gabealdiarekin (aukeran), eta zirkulatzaile- maileguen kasuan, berriz, 1-3 urtekoa.
Elkargik ordezkatutako elkar bermatzeko sozietateek betetzen duten zeregina azpimarratu du Jorge Belausteguik, ezinbestekoa baita enpresa-proiektu guztiek beren finantzaketa-premia espezifikoei merkatu-baldintzarik onenetan eta berme guztiekin erantzun ahal izan diezaieten. Bestalde, Álvaro Castrejanak ziurtatu duenez, akordio honen bidez aurrera egin ahal izango dute, Socilenek eta Elkargik ez ezik, crowdlendingaren sektore osoak ere bai. Akordioaren bidez, Socilenek aparteko baldintzetan eskaini ahal izango die finantzaketa ETEei, eta errenta finkoaren antzekoa den, baina askoz errentagarritasun handiagoa duen aurrezpen-produktu kontserbatzaile bat eskaini ahal izango die plataformako inbertitzaileei.