VIXION enpresa jaio da SPYROren eta TECNALIAren eskutik, 4.0 industriako soluzioak garatu eta merkaturatzeko

Gipuzkoa

Makina-erremintaren sektoreko fabrikatzaile garrantzitsuekin batera, lau urtez, Europan aitzindaria den lana gauzatu ondoren, start-up berriak merkaturatutako lehenengo produktua da Vixion

acuerdo-vixion-tecnalia-spyro-0_originalSpyro konpainiak eta TECNALIA ikerketa-zentroak –Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean kokatzen dira biak– bat egin dute “VIXION Connected Factory” enpresa eratzeko. Enpresaren asmoa da, batetik, 4.0 soluzio industrialak sortzea, eta, bestetik, makinetako fabrikatzaile eta erabiltzaileentzako zerbitzu aurreratuak eraikitzea.

Start-up berriak duela gutxi merkaturatu du Vixion, alegia, hodeian monitorizazioak egiteko sistema berritzailea. Fabrikazio-makinak kontrolatzeaz arduratzen diren PLCen bidez datuak bildu ondoren, datuok automatikoki erregistratzen eta aztertzen ditu sistemak.

Teknologia eskualdatzeko asmoz Europan burututako lan aurrendariaren fruitua da Vixion. Izan ere, azken lau urteotan, SPYROko eta TECNALIAko I+G departamentuak elkarlanean aritu dira makina-erremintako lau fabrikatzaile nagusi hauekin batera: Zayer, Ibarmia, Nicolás Correa eta Ona (soluzioa jada instalatu dute haien makinetan).

Soluzio berriari eta enpresa berria eratzeari esker, 4.0 industriaren aitzindari izaten jarraitzen dute Spyrok eta Tecnaliak. Esaterako, zenbait ikerketa-proiektutan parte hartu dute eta “fabrika adimendunak” ere abiarazi dituzte. Konpainia biek milioi bat euroko inbertsioa aurreikusten dute hurrengo 3 urteetarako.

“Datu historikoen jarraipenaren eta mantentze prediktiboko algoritmoen bidez makinen portaerak identifikatu ez ezik, Vixion soluzioak balizko arazoei ere aurre hartzen die eta produktibitatea areagotzen du. Ondorioz, makinekin komunikatzen garen modua alda dezakegu, eta, beraz, makinak fabrikatzeko eta haiekin lan egiteko moduak ere bai. Hortaz, ahalik eta etekinik handiena atera diezaiekegu makinei”, azaldu du Ricardo Gonzálezek, SPYROko zuzendari nagusiak.

Makina industrialen fabrikatzaile eta erabiltzaileentzat garatu da Vixion. “Makinen konektibitatea hobetzen duten soluzioen merkatu internazionaleko lider bihurtu nahiko genuke Vixion”, nabarmendu du Ricardo Gonzálezek.

Partekatu

Beste berri batzuk