Elkarrizketa: Larraitz Etxeberria, Eureka! Zientzia Museoko marketin- eta eduki-zuzendaria

Gizartearen zerbitzura dagoen baliabide kultural eta hezigarria da Eureka Zientzia Museoa, Kutxa Gizarte Ekintza.

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean kokatutako Eureka! Zientzia Museo interaktiboan informazioa modu erakargarrian aurkezten da komunikazio-estilo berria erabilita, eta objektuak manipulatzeko zein esperimentuak egiteko aukera ere badago.

 20171026_1027121.- Zer eskaintzen die Eureka! Zientzia Museoak bisitariei?

Eureka! Zientzia Museoak egonaldi dibertigarri eta didaktikoa eskaintzen die bisitari guztiei.

Ikasleek, adibidez, eskolan ikasitako ezagutzak praktikan jartzen dituzte, kontzeptu berriak ikasten dituzte modu praktikoan, eta, hori guztia, esperimentuez gozatzen duten bitartean.

Bisitari partikularrentzat (gehienetan familiak edo talde soziokulturalak), bestalde, eskaintza zabala dago asteburu, jaiegun, zubi eta oporraldietan. Askotariko jarduerak eskaintzen dira etxekoekin batera egiteko.

2.- Erakusketa iraunkorra, planetarioa, Animalia, ekintzen agenda… Edukien zerrenda luzea…

Museoak eskaintza zabala eta oso anitza du. Erakusketa iraunkorrak 9 gela eta 170 modulu baino gehiago ditu hainbat gai jorratzeko: optika, elektrizitatea, mekanika, zentzumenak, giza gorputza, animaliak, etab.

Planetarioak osatzen du museorako bisita. Unibertsoan murgiltzeaz gain, askotariko gaiei buruzko proiekzioez gozatzeko aukera dago 360º-ko kupulan, ¡eta, orain, 3Dn ere bai!

Eta, hori gutxi balitz, simulagailuen gelako 5 simulagailuek mundu birtualetara eramango gaituzte. Formula 1eko pilotu edo hegazkineko pilotu bihur gaitezke, eta emozio zirraragarriak bizitzeko aukera izango dugu MaxFlight simulagailuak ematen dituen 360˚-ko birei esker. Eta emozio lasaiagoak –baina ez zertan zirrara gutxiagokoak– nahi dituztenek Errusiar mendia eta Orion simulagailuen bidez beste mundu batzuetara bidaia dezakete.

Horrez gain, ekitaldiak antolatzeko gelak alokatzeko aukera ematen du museoak. Eureka museoan hainbat neurritako aretoak daude, bikainak edozein motatako ekitaldiak egiteko: bilerak, jardunaldiak, konferentziak eta jai-giroko formatuak. Askotariko ekitaldiak antola daitezke geletan (Da Vinci, Newton, Montessori, Darwin eta Copernico), haien ezaugarrien arabera 40 eta 360 pertsona arte sar baitaitezke.

3.- Ba al du hezkuntzak lekurik Eureka! Zientzia Museoaren programan?

Hezkuntza zientifikoa da Eureka! Zientzia Museoaren oinarrietako bat. Eskola-taldeentzako eskaintza zabala dugu, alegia, 20 tailer baino gehiago prestatzen ditugu Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko neska-mutilentzat, baita Helduen hezkuntzako eta Heziketa Zikloetako ikasleentzat ere. Tailer eta bisitaldi gidatu guztiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez eskaintzen dira, ahalik eta jende gehiagok parte har dezan.

Era berean, azken urteotan, hainbat jardunaldi antolatu dira Eureka! museoan, non profesional zientifikoek eta ikasleek haien bizipenak eta zalantzak elkartrukatu dituzten. Aurten, adibidez, 7. Bizitza Zientifikoen Topaketa egingo da bi egunez, iaz bezala. Horrela, ikasleek aukera gehiago izango dute parte hartzeko. Joan den urriaren 23an egin zen lehenengo saiora 22 profesional eta 174 ikasle bertaratu ziren. Azaroaren 6rako antolatu da bigarren saioa, eta antzeko parte hartzea aurreikusten da.

4.- Zer abantaila dakarzkio museoari Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean kokatuta egoteak?

Enpresa zientifiko eta teknologikoak gertu-gertu ditugunez, profesionalen arteko interakzioa eta lankidetza ahalbidetzen dira. Esaterako, profesional zientifiko eta teknologiko horietako askok parte hartzen dute aldez aurretik aipatutako Bizitza Zientifikoen Topaketan; bestalde, BCBL zentroak –Parkean du egoitza– antolatzen duen Burmuinaren Astearen barruan, konferentziak eta eskola-tailerrak egin ohi dira Eureka! museoan.

Baina ezin dugu ahaztu enpresek garatutako proiektuen erakusleiho izan dela museoa, eta egun ere badela. Izan ere, enpresa horien lanak jendaurrean erakusten ditugu gure instalazioetan.

Azken finean, Parkean, zientzia eta teknologia egiten dira. Eta ba al dago horren lekuko den toki hoberik gure bisitarien bokazio zientifikoak esnarazteko.