“Ezin dugu galdu talentu-tanta bakar bat ere”

Bizkaia

UPV/EHUko Zientzia Parkeko egoitza-eraikinean “Zientzia eta teknologia berdintasunean” jardunaldia antolatu du Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak, Emakundek abiarazitako Berdintasunerako Gunea 2017 ekimenaren barruan

 

varios 003Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean “Zientzia eta teknologia berdintasunean” jardunaldia gauzatu da, Emakundek abiarazitako Berdintasunerako Gunea 2017 ekimenaren barruan. Enpresa-munduko eta instituzioetako ordezkariak ez ezik, ikasle asko ere bertaratu dira.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak lehenengoz parte hartu du Berdintasunerako Gunean, jarduera zientifiko-teknologikoen ibilbide osoan –hau da, ikaskuntzaren oinarritik garapen profesional eta enpresarialera arte– genero-ikuspegia jasotzearen garrantzia ikusgai egiteko asmoz, dibulgazioaren, hezkuntzaren eta enpresaren ikuspuntutik.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak plan estrategikoa martxan jarri du zientzia eta teknologia gizarteratzeko, alor horietan emakumeek duten zeregina babesteko eta hedatzeko, eta bokazio zientifiko-teknologikoak hedatzeko eta sustatzeko gazteenen artean. Izan ere, plan estrategiko horren ekintza-planaren barruan kokatzen da jardunaldia.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusi Itziar Epalzak ongietorri egin die bertaratutakoei, eta, Parkeen Sareak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean hartutako konpromisoa gogorarazteko, mezu argi bat igorri du: “gure gizartean, ezin dugu galdu talentu-tanta bakar bat ere”.

Bestalde, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak ere parte hartu du hasierako ekitaldian, eta eskerrak eman dizkio Euskadiko Parke Teknologikoen Sareari Emakunderen ekimenarekin bat egiteagatik. Gogorarazi duenez, “indarrak batu beharra dago, sinergiak sortu, eta berdintasunaren alorrean gauzatzen diren ekintzen bozgorailu bihurtu”.

Emakunde 2016 saria jaso zuen Marta Macho doktorea arduratu da ponentzia nagusiaz. Emakumeek arlo zientifiko-teknologikoan izan duten eta egun duten egoera birpasatu du, gure gizartean dauden estereotipo inplizituek kalteak baitakartzate emakumeek eremu horietan posiziona daitezen. Horrez gain, berdintasunari buruzko politika aktiboak modu sakonagoan lantzearen garrantzia azpimarratu du.

Jardunaldiaren amaieran, mahai-ingurua egin da Bizkaiko zenbait emakumeren esperientziak jasotzeko. Aline Chiabaik, Basque Center for Climate Change zentroko emakume ikerlariak; Azucena Castrok, emakume ekintzaile eta OWLko zuzendari nagusiak, eta Inés Núñezek, emakume zuzendari eta Ingeteameko zerbitzu juridikoetako zuzendari korporatiboak hitza hartu dute.

Hirurek bat egin dute esatean, gaur egun, oraindik ere emakumeek zailtasunak dituztela erantzukizun-lanpostuak hartzeko eremu jakin batzuetan. Baina euren adibideek erakusten dutenez, lor daiteke. Emakumeak “askatasun osoz” euren karrerak aukeratzera bultzatu dituzte Alinek, Azucenak eta Inések, duela zenbait mendetatik hona emakume askok egindako lanarekin eta oinordetzan utzitakoarekin elkarrekin aurrera egiteko.

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk