Elkarrizketa: Jon Arberas, SARENET-eko zuzendari nagusia
1995. urtetik Interneteko hornitzailea da Sarenet, soluzio korporatiboetan espezialista. Gaur egun, punta-puntako ahots- eta datu-operadore izaki, euren zerbitzuak eskaintzen dizkiete Espainiako hainbat enpresari.
1.- 1995ean Sarenet jaio zenetik Internetek izan duen bilakaeraren jakitun gara. Baina zer nolako eragina izan du bilakaera horrek enpresaren munduan?
Noski, Internetek gure bizi-ohiturak aldatu ditu. Beste askoren artean, banku-jarduera elektronikoaren aurrerapenak, e-commerce plataformen bidezko erosketak, aisia, eta albisteak kontsumitzeko modua erabat aldatu dira. Enpresa-alorrean ezin zitekeen gutxiago izan: elkarren artean hartu-emanak izateko modua aldatu da; orain, azkarrago lan egin dezakegu gure ordezkaritzekin, erabiltzaile ibiltariekin, bezeroekin, kolaboratzaileekin, hornitzaileekin… Guztiok bulego beretik jardungo bagina bezala. Aurrerapauso handiak dira horiek. Une honetan, esaterako, noiznahi, nonahi eta askotariko gailuak erabilita atzi dezakegu informazioa.
Konexioaren bilakaera funtsezkoa izan da puntu horretara arte heltzeko. Gehienez 48 kbps-ko transferentzia-abiadura zuten Dial-UP telefono-linea bidezko konexioen ordez, 300Mb/300Mb-ra arteko abiadura duten zuntz-konexioak (FTTH) ditugu orain, baita Etherneteko Gb edo 10 Gb lineak ere. Komunikazioen iraultzaz gain, Interneteko demokratizazioa ikusi dugu: gaur egun, edozein ETEk ditu lehenago korporazio handiek soilik eskura zituzten aukerak.
Esternalizazioa izan da aldaketa-prozesuaren beste faktoreetako bat. Enpresek (batez ere, baliabide espezializatuak ez dituzten ETEak) alde batera utzi dute baliorik ematen ez diena, eta enpresa espezializatuei eskatu diete haien aplikazioak ostatatzeko. Modu horretan informazioaren edo datuen kudeaketara mugatzen dira soilik, erabileraren araberako ordainketa ereduak erabilita. Sarenetek eskaintzen duen ekosistemari esker, enpresak gai dira horrelako proiektuei aurre egiteko hainbat formaturen bidez (Cloud, housing, hosting dedikatua, etab.).
Enpresen informazioaren irisgarritasuna eta informazio horrekiko interakzioa geroz eta handiagoak direnez, segurtasun-sistema gehiago behar dira Sarearen bidez gauzatzen diren balizko intrusio, eraso eta iruzurren aurrean enpresak babesteko.
2.- Zeintzuk dira Sarenetek eskaintzen dituen zerbitzuak?
Ahots- eta datu-operadore izaki, Sareneten behar guztiak asetzen ditugu enpresa batek Internet bidez abiaraz dezan haren negozioa, edo komunikazioa optimiza dezan konektibitatearen (finkoa zein mugikorra), ostatatzearen eta ahots-soluzioen alorrean.
Gure indarguneen artean daude, batetik, azpiegitura ezberdinak (adibidez, Parkeko zuntz-optikozko sarea) erabiltzen dituzten era askotako teknologiekiko konexioak, zerbitzu kritikoenen trafikoa lehenetsiz sare pribatu birtualak osatzeko (VPN, MPLS); eta, bestetik, IP bidezko telefono-zerbitzuak eta telefonogune birtuala. Era berean, aipatutako azpiegituretan cloud-zerbitzuak gehitzen ditugu bezeroen aplikazioak ostatatzeko; segurtasuna bermatzeko, berriz, aplikazio-suebakiak erabiltzen dira. Bezero-leiho bakar batek aukera ematen du zerbitzu horiek guztiak monitorizatzeko, baita edozein gorabehera ireki eta haren jarraipena egiteko ere.
Duela pare bat urte telefonia-mugikorreko zerbitzua abiarazi genuen, bezeroei zerbitzu integratua eskaintzeko asmoz.
3.- Zuen sektorea etengabe bilakatzen ari da, ezta?
Bai, hori da. Hain aldakorra den negozio batean, aldaketak oso arin gauzatzen dira. Horrek malguak izatera behartzen gaitu, azkar egokitu behar izatera. Ezinbestekoa da bezeroarekiko hurbiltasuna, eta aseta ez dauden beharrak garaiz hautematea ere bai. Horren haritik, konpainiak egin duen apustu teknologikoetako bat izan da IoT azpiegitura kudeatu eta sekurizatu bat eskaintzea (konexioa + ostatatzea) industriaren alorreko ETEentzat. Hala, Data Center bat ireki dugu berton, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean.
Segurtasuna ere bada gure I+G departamentuaren arduretako bat, eta zeharka eskaintzen dugu zerbitzu guztietan. Horregatik, eskakizun hori borobildu guran, segurtasun perimetraleko zerbitzua garatu dugu. Hala, bezeroek hainbat arau ezar ditzakete, batetik, gure sareko muga-routerretan babesa eskuratzeko, eta, bestetik, zerbitzu-ukatze erasoak murrizteko (DoS).
4.- Zuen enpresak arrakasta-kasu asko izan ditu. Adibideren bat eman ahal zeniguke?
Gure ustez, interesgarria litzateke bide horretan aurrera egitea; are gehiago gaur egun, jada aipatu dudanez, Internetaren demokratizazioarekin dena partekatzen den garai honetan. Hau da, antzekoak diren enpresak gure bezeroen abiapuntuko egoeretan islatuta ikusten dute euren burua; azken finean, ez dago hoberik gure bezeroak eurak bozgorailu izatea baino, eta askatasunez adieraztea gure soluzioekin euren komunikazioetan izan dituzten onurak.
Adibidez, Save The Children kasu praktikoa izan da martxan jarri dugun azkenetariko bat. Sarea atzi dezaketen 120 erabiltzaileren baino gehiagoren abiadura eta erakundearen baliabideak hobetu behar zituen konpainiak, eta, besteak beste, lizentziak ezartzearen eta mantentzearen ondoriozko kostu altuak ekidin behar ziren. VPN-MPLS motako proiektu batean integratu eta interkonektatu ziren erakundearen lantoki guztiak, segurtasun perimetral bateratuko konektibitate-soluzio baten bidez.
Ahalmen handiko monitorizazio-tresna bat gehitu genuen soluzio horretan, lineen egoera uneoro ezagutzeko eta lantokietako funtzionamendua kontrolatzeko. Ondorioz, erabilgarritasun handiko konexioa lortzeaz gain, sarea errazago kudea daiteke. Esan beharra dago, gainera, gure laguntza teknikoko zerbitzuak berehalako aholkularitza eskaintzen duela uneoro.
Bestalde, Cementos Lemona enpresaren kasuan –eurekin lanean hasi ginen Interneta erabiltzen hasi zenetik ia-ia–, euren sare internazionalarekin konektatzean zetzan soluzioa. Kalitate eta erabilgarritasun maximoa bermatzeko, eta komunikazioak eten ez zitezen, hainbat teknologiatako segurtasun-lineak txertatu genituen operadore anitzeko soluzioetan.
Enpresako langileen ataria ere diseinatu eta garatu genuen. Gainera, ataria bisualki oso erakargarria zenez, interkomunikazioa errazten lagundu zuen eta erantzukizun sozial korporatiboko politika hobetu zen. Eta euren weba, extraneta eta langileen ataria esternalizatzea erabaki zutenean, guk eskaintzen ditugun Cloud Computing eta ostatatze-soluzioak aukeratu zituzten (segurtasuna eta zaintza bermatzeko neurri zorrotzak dituzten gelak; 24×7 mantentzea).
(Ikusi Sareneten arrakasta-kasuak)
5.- Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea bezalako kokapen berezi batean egoteak zer eskaintzen dizue?
Hasiera-hasieratik gaude Zientzia eta Teknologia Parkean. Elkarrekin hazi eta ondu gara denbora honetan. Sareneten, teknologiaren eta hazkuntzaren alde egiten dugu; Parkeak berak ere balore horiekin bat egiten du. Ikerketa, garapen eta berrikuntzaren alorreko erreferentzia bilakatu da Parkea, eta enpresa-ekimen berriak hartzen ditu urtetik urtera. Hain zuzen ere, gure bezeroetako asko Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen barruan daude. Abantaila bat da eurengandik hurbil egon ahal izatea.