Elkarrizketa: Gurutz Linazasoro. VIVEbiotech SL-ko CEOa

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Enpresaren jarduera…

VIVEbiotech SL gaixotasun genetikoak (horietako asko gaixotasun arraroak) dituzten eta minbizia duten pazienteetan terapia genikoko saiakuntza klinikoak egiteko bektore lentibiralak ekoizten dituen konpainia bioteknologikoa da.

Bereizgarriak (filosofiari edo erantzukizun sozialari dagokionez)…

Medikuntzaren munduak medikuntza pertsonalizatuaren eta zehaztapeneko medikuntzaren bidea hartu du, giza genoma sekuentziatu zenetik. Terapia genikoa etorkizuneko medikuntza horren prototipoa da. Terapia genikoak orain arte sendaezinak izan diren gaixotasunak sendatzen ditu. VIVEn egiten duguna oso motibatzailea da; izan ere, gaixotasunak sendatzen laguntzea hunkigarria da eta lehentasunezkoa da mediku batentzat.

Gizarteari egin nahi dizkiozuen ekarpenak…

Oraintsu aipatu dudan ekarpenaz gainera, ezagutzaren ekonomia lurraldean finkatzen lagundu nahi dugu. Gizarte-ongizatea hobetu nahi dugu eta, horretarako, gazteentzat eta prestakuntza ona dutenentzat –horietako asko emakumeak dira– aberastasuna eta enplegu gaitua sortu.

Eta Euskadiko Parkeen Sareari dagokionez, zer ekarpen egiten diozue?

Bioteknologia oso sektore hasiberria da Euskadin. VIVEbiotech Parkean finkatzen ari den terapia genikorako teknologia-polo baten alde eragilea da.

Munduan zehar hedatutako enpresa batek hau eduki behar du…

Bere balio erantsi altuko produktuak eskatzen dizkion nazioarteko merkatua eta erregulazio- eta merkataritza-oztopo batzuk gainditzeko adituen sarea.

Ez, ordea…

Konplexurik. Parkeko enpresa askok planeta osoan oso lehiakorrak diren zerbitzuak eskaini eta produktuak garatzen dituzte.

Haren filosofiagatik gustuko duzun enpresa…

Gustuko ez dudana Ryanair da, bere filosofia ez baitut gogoko. Eta motiboa enpresa-kultura da. Bere CEOaren harrokeria transmititu egiten da. Bestalde, ez ditut gustuko enplegatuekiko nolabaiteko paternalismo babeslea (gimnasioak, sormenerako espazioak etab.) erakusten duten konpainiak ere; izan ere, horien bidez produktibitatea areagotzea eta estilo irreala sortzea (itxura, itxura fisikoa, burutsu izatea etab.) bilatzen dute, azken batean. Elkarlaneko ekonomia izenez ezagutzen denaren konpainia askoren kasua da, neoliberalismo gordinaren benetako monopolioak. Start-up israeldarren kontzeptua oso gustuko dut, ausardiagatik, freskotasunagatik eta finantza-laguntzagatik. Arrakastarako bide ona da. Eta oso positiboki balioesten ditut enplegatuen hazkuntza pertsonala eta profesionala sustatzen duten, I+G+b jardueran berrinbertitzen duten eta gizarte-erantzukizun korporatibo handia duten konpainiak.

Talentuak hauxe dakar berarekin…

Ausardia eta finantza-laguntza, pertsona ekintzaile batek bere ideia eraldatzaileak, bere talentuaren ondoriozkoak, errealitate egin ahal izateko, pertsonarik onenez inguratuz.

Non bilatzen dituzu enpresarako behar dituzun talentuak?

Oso zaila da senior talentu atzerritarra erakartzea; izan ere, gaur egun talentuak nora joan aukeratzen du, bereziki ezagutzaren ekonomiarekin zerikusia duten jardueretan. Testuinguru horretan, bertako edertasun naturala eta gastronomia gorabehera, Donostia ez da oso lehiakorra, munduko beste leku batzuen aldean. Batez besteko soldata beste leku batzuetakoa baino baxuagoa da, etxebizitzaren eta bizitzaren prezioak altuak dira eta familia-bizitza garatzeko azpiegiturak falta dira (eskola eta haurtzaindegi eleaniztunak etab.). Erakundeak ahalegin bizia egiten ari dira, baina, oraindik, oztopo horiek ditugu.

Lurraldean LH suspertzeak eta bioteknologiako espezializazioa garatzeak asko errazten du trebakuntza handiko langile teknikarien bilaketa.

Nire laneko mahaian edo bulegoan, beti dut…

Ordenagailua zabalik, mugikorra konektatuta, oharrak hartzeko bloka, boligrafoa eta aurrera egiteko ilusio handia.

 

Partekatu

Beste berri batzuk