Elkarrizketa: José Castellanos, MYRUNS TECHNOLGYko zuzendari nagusia

Gipuzkoa

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean egoitza duen MYRUNS Technology enpresak RFIDn oinarritutako hardware-soluzioak diseinatu eta garatzen ditu.

Horretarako, erabateko planteamendua osatzen duten berezko soluzio eta garapenak ditugu (etiketak, antenak, irakurketa-sistemak eta middlewarea), eta gai gara horiek guztiak enpresa bakoitzaren beharretara egokitzeko.

Myruns-en berebiziko garrantzia eman nahi diogu enpresen negozio-inteligentziaren garapenari, haien balio-kateko osagai guztiak digitalizatuz.

Zuzendari nagusiak azaldu digu zer egiten duten.

1.- RFID teknologiak diseinatu eta garatzen dituen enpresa da MYRUNS Technology. Zertan datzate teknologia horiek?

José CastellanosRFID akronimoari, euskaraz, “irrati-frekuentzia bidezko identifikazio” deritzo. Aktibo “etiketatuak” identifikatzeko aukera ematen digu teknologia horrek, aktibo horiekin inolako kontakturik edo sarbiderik izan gabe. Asko laburbilduz, gure soluzioaren bidez aktiboak digitalizatu eta hodeian txertatzen ditugu. Hala, etiketen eta urruneko irakurketa-sistemen bidez, irakurketa automatiza dezakegu, baina baita informazio hori enpresen sistemetan integratu ere (ERPak, CRMak…) modu eraginkorragoan eta denbora errealean.

Teknologia hori ezartzeko potentziala izugarria da askotariko sektoretan, hala nola txikizkako salmentan, industrian, logistikan eta aktiboen kudeaketan; eta are gehiago esparru batzuetan ematen ari den garapen itzelean, esaterako, Bigdata edo datu handien eta gauzen Interneten kasuan.

2.- Hainbat produktu eta zerbitzu eskaintzen dituzue; laburbildu ahalko zenituzke?

Myruns-en planteatzen ditugun soluzioek digitalizazio-prozesuetako giltzarrietako bat izatea dute helburu. Batzuek gure portfolioaren osagai guztiak dituzte ardatz, beste batzuek, aldiz, horietako batzuk soilik. Kasu bakoitzak soluzio espezifikoa behar duenez, guk “neurrirako trajeak” diseinatzen ditugu uneko eskakizunen arabera. Era berean, gure teknologiak eskain dezakeenetik harago doazen erronkei erantzun ahal izateko, gure gaitasunen osagarri diren enpresa kolaboratzaileen sarea dugu.

Gaur egun arte, oso heterogeneoak diren hainbat sektoretako proiektuetan parte hartu dugu: aktiboen eta instalazioetako produktuen trazabilitatea hobetzea, inbentarioak kudeatzea, sarbideak eta presentzia kudeatzea, erabiltzailearen esperientzia hobetzea, armairu adimendunak…

Aktiboak hodeian txertatuz, kudeaketa-aukerak biderkatzen dira, dela prozesuetan dela analisi prediktiboa egiteko simulazio-modelo eta tresnak elikatzean. Hortaz, bete-betean dihardugu 4.0 industrian.

3.-Hazkunde- eta hedapen-bidean dagoen enpresa gaztea zarete. Nola ikusten duzue etorkizuna teknologien esparruan hainbeste aldatzen den gizarte batean?

Ahaztu gabe teknologia baliabide bat dela, eta ez inoiz helburu bat bere horretan, nire ustez, etorkizuna aukera bat da gizartearentzat. Alegia, bizi-kalitatea hobetzeko aukera, orain dela gutxi arte ezinezkoak ziruditen erronkak gaindituta. Horrek guztiak inplizituki dakar malguagoak diren eredu batzuetarako bilakaera, gero eta arinago aldatzen den testuinguru batera egokitu ahal izateko.

4.- Gipuzkoako Parkean duzue egoitza. Egokitzen al da Parkea zuen beharrei, bai enpresa-mailari bai langileei dagokienez?

Myruns-ek esker onak baino ezin dizkio eman Parkeari. Hemen jaio gara eta jasotzen ari garen babesa –besteak beste, BIC Gipuzkoaren eskutik– ezinbestekoa da gure garapenerako. Eragileek eta enpresek elkarrekin sortzen duten ekosistema katalizatzaile argia da guretzat, eta bertako zerbitzuek gure behar guztiak asetzen dituzte.

Partekatu

Beste berri batzuk