Elkarrizketa: Verónica Arrieta Picó, Derio Nekazaritza Eskola BHIko zuzendaria
1.- 1985-86 ikasturtean sortu zenetik hainbat etapa bizi izan ditu eskolak, erreferentziazko ikastetxe bihurtu den arte. Gaur egun, zein da zuen eskaintza?
Lanbide-heziketako ikastetxe publikoa da Derio Nekazaritza Eskola BHI, eta, haren ibilbide luzearen ondotik, nekazaritza eta basozaintzaren alorreko erreferentzia bilakatu da.
1985-1986 ikasturtean sortu zen, transferentzia autonomikoak zabaltzen hasi zirenean, eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak bazekien Bizkaian ez zegoela nekazaritzako prestakuntza eskaintzen zuen ikastetxerik. Hortaz, Derioko eskola sortzearen alde egin zuten. Orduz geroztik, eta 32 urteotan, nekazaritzarekin loturiko lanbide-heziketako titulazioak eskaini eta eman ditu ikastetxeak, unean-uneko Hezkuntza-legeen arabera. Denbora horretan titulartasun-aldaketak ere eman dira. Hasiera batean, Nekazaritza eta Arrantza Saileko ikastetxea zen. Ondoren, Mendikoi enpresa publikoaren parte bilakatu zen, eta, gero, Itsasmendikoi (Nekazaritza Sailaren mende biak). Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mende dagoen ikastetxe publikoa da.
Hasierako prestakuntzari dagokionez, 4 titulazio eskaintzen dira: erdi-mailako 2 eta goi-mailako beste 2. “Nekazaritza ekoizpen ekologikoko teknikaria” eta “Lorezaintza eta loregintzako teknikaria” dira erdi-mailakoak. Goi-mailako titulazioen kasuan, bestalde, “Basoa eta natura-ingurunea kudeatzeko goi-mailako teknikaria” eta “Paisajismo eta landa-inguruneko goi-mailako teknikaria” ditugu.
Formakuntza ez-arautuari dagokionez, enplegurako prestakuntza-ekintza ugari antolatzen ditu Eskolak lehen sektoreko azpisektoreen alorrean, askotariko iraupen eta mailakoak: iraupen oso laburreko ikastaroak, 400 ordutik gorakoak, oinarrizko mailakoak edota kualifikazio altukoak.
Lanbiderekin ere hartu-eman zuzena dugu, besteak beste, profesionaltasun-ziurtagiria eta langileentzako prestakuntza (birziklapen-jarduerak) eskaintzeko.
2.- Bizi dugun aroan, teknologiak, ikerketa, etab. gailendu ei dira. Nola egiten diozue aurre inguruabar horri?
Teknologiak, ikerketa, berrikuntza, etab. ez daude lehen sektoreko prestakuntzatik kanpo; are gehiago, nik esango nuke gure prestakuntzaren motor eragilea direla. Edozein sektore ekonomikotan, oinarrizkotzat jotzen dugun prestakuntzaz aparte, teknologia berriak, ikerketa, etab. ez badira islatzen, sektore horiek balio eskasa izango dute. Izan ere, gure gizartearen onurarako sortu dira aurrerapen horiek guztiak eta beharrezkoa da dagokion prestakuntza duten pertsonak egotea.
Nekazaritzaren munduan –eta, lehen sektorean, oro har– denbora luzez uste izan da teknologia berrien gaineko interesa edota berrikuntza eta ikerketa gauzatzeko beharra ez zirela hain erabakigarriak sektorearen garapenerako. Gainera, beste diziplina batzuetan ez bezala, belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutza nahikotzat hartzen zen. Halere, bestela ezin izan zitekeen moduan, gure sektorean nahiz gizartean geroz eta gutxiago dira horrela pentsatzen dutenak. Hortaz, bai prestakuntza berak, bai teknologiaren eta ikerketaren erabilerak, biak lortzen ari dira merezitako balioa eta berezko tokia.
Horretarako, behar-beharrezkoa da eskola osatzen dugunok egunean egotea, etengabe birziklatzea, gure jardunean erabiltzen ditugun berrikuntza tekniko zein metodologikoei dagokienez.
3.- Nolakoa da emakumearen presentzia horrelako ikasketetan? Erraza al da haientzat lan-merkatuan sartzea?
Orokorrean, nekazaritzako lanbide-heziketan emakume gutxi daude. Azkeneko 5 urteei erreparatzen badiegu, %14 eta %19 artekoa da emakumeen presentzia. Nahiz eta kopuru txikia izan, gehienak “Nekazaritza ekoizpen ekologikoa” erdi-mailako zikloan daude, “Paisajismoa eta landa-ingurunea” goi-mailako zikloaren aurretik. “Basoa eta natura-ingurunea kudeatzea” zikloan, aldiz, oso-oso emakume gutxi daude, promozio askotan ia testigantzazko adibideak izatera heldu arte. Aurtengo ikasturtean adibidez, 180 ikasle ditugu hasierako prestakuntzan; haien artetik 25 (%14) soilik dira emakumeak. “Basoa eta natura-ingurunea kudeatzea” zikloan, esaterako, 47 pertsonek eman dute izena eta emakume bakarra dago (%2,3).
Lan-merkatuan sartzeari dagokionez, ikasleentzako lan-poltsa kudeatzen dugu Eskolan bertan. Askotan, norbait kontratatu behar dutenean, enpresak edo ekoizleak gure ikastetxearekin harremanetan jartzen dira dira hautagaiak aurkitzeko. Nahiz eta emakumeen presentzia urria eta hautagai emakumeen kopurua baxua izan, emakumeak ez kontratatzeko nolabaiteko joera dago sarri. Egoera hori ez da ematen, baina, ingurumen-hezkuntzan edo loradenden alorrean.
Kontrara, administrazio publikoetan berdintasunak betekizun handiagoa du. Hala ere, administrazioetan ez dira berez horrelako lanpostu asko sortzen (adibidez, udaletako lorezaintza-teknikariak), zerbitzuak gero eta esternalizatuagoak daudelako eta horrek ez duelako berdintasunerako bidea errazten. Arazo hori arindu nahian, udal batzuek kontratuetako baldintza agirietan jasotzen dute emakumeak hartzeko obligazioa.
Dagokigun sektorean, bereziki, prestakuntza jaso gura duten emakume guztiei leku egitea da gure asmoa, eta, ahal dugun heinean, emakumeen laneratzea erraztea.
4.- Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dago zuen ikastetxea. Zer abantaila dakartza horrelako inguru batek?
Parkea eta gu, Eskola, adin berekoak gara gutxi gorabehera. Hasierako urteetan, Parkea Zamudion eraikitzen hasi zirenez, Eskolaren eta Parkearen arteko hartu-emana urria zen. Parkea handitzen eta hedatzen joan den heinean, ingurua nabarmen aldatu da gure ikuspuntutik eta gaur egun Parkeko parte sentitzen gara.
Begi-bistakoa den moduan, Parkeko azpiegiturei esker, hobeto komunikatuta gaude, herritarrengandik askoz ere hurbilago.
Eskolak berez duen edertasuna gutxietsi gabe, Parkearen inguru berdeek balio erantsia eman digute, gure eskaintzak berdeguneen eta lorategien kudeaketa ere jasotzen baitu.
Parkeko lorategiak kudeatzen dituen enpresarekin batera (Lurgintza) ekintza asko antolatu ditugu eta antolatzen ditugu Parkeko instalazioetan. Hala, Lurgintzan lan egiten duten edota “Laneko prestakuntza” modulua bertan egin duten ikasleak ere badaude. Goialdea kimatzeko saio praktikoetan ere gurekin elkarlanean aritu da Lurgintza.
Ura agentziarekin lankidetzan, Parketik igarotzen den Danoz ibaiaren ertza berreskuratzen ari dira gure ikasleak.
Azkenik, Parkeak inguru berdearen aldeko lan handia egin duenez –zuhaitzen gida ere argitaratu zuen–, zuhaitzen eta zuhaixka apaingarrien azterketa egin dezakegu, bestelako espezieren artean.
Parkeak, beraz, bere osotasunean indartzen du inguru teknologiko batean hobetzeko dugun nahia.