“Emakumeek CIC energiGUNEn duten lidergo Zientifikoa pertsona bakoitzaren merituen aldeko apustua egitearen ondorio naturala da”

Albisteak, Araba, Konpromisoa

Emakumeek Zientzian betetzen duten lekuari buruzko txostenek zuzendaritza karguetan arrakala erakusten jarraitzen duten arren, Zentroak “meritukraziako” eskeman oinarritutako parekotasunari eutsi dio denbora luzean

Zuzendari nagusia emakumea izateaz gain, Biltegiratze Termikoaren Arloko Zuzendaritza Zientifikoa eta Biltegiratze Elektrokimikoaren Arloko Koordinazio Zientifikoa energiaren sektorean ibilbide profesional eta ikertzaile nabarmena duten emakumeen esku dago gaur egun

Antolaketa egituran erabateko parekotasuna duen Ikerketa Zentro Kooperatibo bakarra da, ez bakarrik ikertzaile-taldearen mailan, baita zuzendaritza-batzordean ere

CIC energiGUNE, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroa, emakumeak buru diren Zuzendaritza Zientifikoa duen horrelako lehenengo erakundea da. “Gure plantillaren garapen profesionalaren ondorio naturala da, gizonen eta emakumeen presentzia %50ekoa baita”, adierazi du Asier Urzelai CIC EnergiGUNEko Pertsonen arloko zuzendariak, eta “harro” agertu da “berdintasunari buruzko azken inkestan plantillaren balorazioa oso ona izan delako; orain, zentroan eta, oro har, gizartean kezka sortzen duten kontziliazioaren zenbait alderdi hobetzeko lan egin behar dugu, COVIDak eragindako krisiaren ondorioz azkartu den telelaneko agertoki honetan nabarmenagoak izan baitira.

Ikerketa Kooperatiboko Zentro bat zuzentzeko ardura bere gain hartu zuen lehen emakumeetako bat izan zen Nuria Gisbert zuzendari nagusiaren iritziz, Zuzendaritza Arloak ezin du ahaztu ikerkuntzaren arloan gero eta emakume gehiago dagoela. “Ez da behartu dugun egoera; hemen lan egiten duten pertsonen errealitateak eta balioak eraman gaituzte agertoki honetara”.

Horrela, zentroak emakume Zuzendari Zientifikoak ditu orain bi ikerketa-arlo nagusietan: termikoan eta elektrokimikan. Nazioartean oso ibilbide ezaguna duen Elena Palomo doktorea, Euskal Herrian ikerkuntzan aritzen den erakunde batean zuzendaritzako postu bat izan zuen lehen emakume zientzialarietako bat izan zen. Gaur egun, Biltegiratze Termikoaren Arloko Zuzendaritza Zientifikoaren arduraduna da.

Biltegiratze Termikoaren Arloko arduradun gisa, Palomo doktorea “Egoera solidoan dauden erreakzio kimikoak”, “Fase-trantsizioak eta jokabide kritikoak”, “Interfaseak, koloideak eta bitarteko porotsuak” eta “Bero-transferentziaren areagotzea” ikerketa-taldeen arduraduna da. Era berean, Europako proiektuen kudeaketan parte hartu du, bai zuzendaritzan – 6 proiekturen buru izan da –, bai FP6, FP7 eta H2020 esparru-programen ebaluazioan, eta lan hori sektoreko industriarekin uztartu du, 20 proiektu baino gehiago zuzendu baititu enpresekin.

Duela denbora gutxiagokoa da Montse Casas-Cabanas doktorea CIC energiGUNEko zuzendaritza taldean sartu izana. 2020. urtearen hasieratik, Energia Elektrokimikoaren Biltegiratze Arloko koordinatzaile zientifiko kargua betetzen du, zentroan hainbat urtez egindako karrera- eta mentoring-planeko prozesuari amaiera emanez.

“Ikerlana, bizitzako beste alderdi asko bezala, pertsonen gaitasunari baino ez dago lotuta, eta emakumeen presentziak, prestakuntza-etapan zein profesionalean, gutxienez, gizonena bezain ugaria izan beharko luke”, esan du Montse Casas-Cabanasek. “Inori ez litzaioke arraroa egin behar emakume bat erantzukizun zientifikoko arlo baten buru ikustea”, adierazi du Casas-Cabanas doktoreak. Bere iritziz, soilik pertsonen merituak sustatzean oinarritzen den CIC energiGUNEna bezalako ereduek, erantzukizun zientifikoko postuetan emakumeen presentzia txikiagoa izatea zientziaren errealitatetik kanpo dagoen faktore anomaloa dela erakusten dute.

Ildo horretan, Montse Casas-Cabanas modelizazio eta simulazio konputazionaleko, elektrodo aurreratuetako eta elektrolito aurreratuen integrazioko eta gelaxken integrazioko taldeen lidergoaren arduraduna ere bada orain. Gainera, FAULTS programaren garapenean izan duen parte hartzea eta Europako hainbat proiekturen eta plan nazionalen ikertzaile nagusi gisa betetzen duen lekua ere nabarmendu behar dira. FAULTS programa erreferentzia bihurtu da baterien industriako ikertzaileentzat eta profesionalentzat.

“Biltegiratzearen alorrean zientzialari onenak bilatzen eta gurekin izaten ditugu, gizonak zein emakumeak izan, eta aniztasuna sustatzen dugu”, ondorioztatu du Asier Urzelaik zientziarekin eta teknologiarekin erlazionatutako erakundeetako zuzendaritza-postuetan emakumeek duten presentzia aipatuz. “Inolako neurri espezifikorik hartu gabe, pertsona bakoitzaren hazkunde profesionalari lagunduz, egin dugun ibilbidea, berdintasuna lortzera daraman prozesu naturala baino ez da”.

Ikerbasqueren txostena

CIC energiGUNEren errealitatea, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako ikerketa-zentroen errealitatearen oso bestelakoa da, Ikerbasquek argitaratutako azken txostenean islatzen den bezala. Emakumeak zientzian duen presentziari buruzko datuek agerian uzten dute genero arrakalak bere horretan jarraitzen duela, eta, gainera, ikerketa-karrerak aurrera egin ahala, gero eta nabarmenagoa dela.

Alde horretatik, dokumentuak jasotzen duenez, euskal CICetako doktoregoko ikasleen kopurua berdintsua da gizonen eta emakumeen artean, baina doktoretza lortu ondoren zientzian jarraitzen duten emakumeen kopurua pixkanaka murriztuz doa, eta jaitsiera handiena euren laborategien eta ikerketa-talde propioen buru izateko orduan gertatzen da, 90-10eko proportziora heldu arte. Beraz, CIC energiGUNE salbuespen nabarmena da arlo horretan.

Partekatu

Beste berri batzuk