Energiaren eta garraioaren sektoreek eta Dubaiko Expo2020 erakusketak aukera berriak ireki dizkiete euskal enpresei Arabiar Emirerrietan

Bizkaia

–      Gaur Bilbon antolatu den SPRIren jardunaldiak arrakasta handia izan du

–      Une honetan euskal enpresen 71 proiektu daude zonalde horretan

–      Expo 2020 aitzakia bikaina da milioi askoko proiektu multzo bat plazaratzeko

expo 2020 Dubai. SpriNola parte hartu Arabiar Emirerri Batuek, eta batik bat Dubaik eta Abu Dabik, eskaintzen dituzten azpiegitura arloko eta azpiegiturei lotutako proiektu handietan, horixe izan da “Negozio aukerak Arabiar Emirerri Batuetan, MENA (Ekialde Ertaina eta Ipar Afrika) Eskualdeko hub ekonomikoan” jardunaldiaren eztabaidagai nagusia. SPRIk, Eusko Jaurlaritzako Enpresa Garapeneko Agentziak, antolatu du jardunaldi hori gaur Bilbon. Gaur egun eskualde horretan euskal enpresen 71 proiektu daude automatismoak, galdaketa, igogailuak eta energia bezalako sektoreetan.

Jardunaldiari hasiera emateko, SPRIko Nazioartekotze Saileko zuzendari Miren Madinabeitiak mintzagai izan ditu Arabiar Emirerri Batuen aurreikuspen ekonomikoak, egonkortasun politikoa eta hazkunde markoa. SPRIk 2007tik ematen du zerbitzua Arabiar Emirerri Batuetan bere Kanpo Sarearen bidez. Hala, aholkulari batek laguntasuna eskaintzen die Emirerrietako tokiko merkatura sartu nahi duten euskal enpresei eta baita ere ate hori Iparraldeko eta Erdialdeko Afrikara eta Asia Hego-ekialdera jauzi egiteko baliatu nahi duten dutenei. Miren Madinabeitiak aipatu du Arabiar Emirerri Batuak “interes handiena piztu duen jomugetako bat izan dela Kanpo Sarearekin egin diren elkarrizketetan, hilabete honen hasieran ospatu den Invexport azokan”.

Expo2020, hiriko garraio sareak eta energia berriztagarriak

SPRIk Arabiar Emirerrietan duen aholkulariak, Enrique Urrutiak, azpimarratu du Expo 2020 erakusketa Administrazio Publikoak sustatutako proiektu berrien motorra izango dela. Aurreikuspenen arabera, 25 milioi bisitari joango dira 150 hektarea itxi izango dituen eta 438 hektarea okupatuko dituen azpiegitura horretara. Sektore guztietako proiektuak egongo dira erakusketan, baina euskal enpresek puntu hauetan lor ditzakete lankidetzarako aukerak: mugikortasuna, garraioa eta energia alternatiboak.

Azken urteotan hiriko garraio sareak eta geltoki berriak sustatu dira, eta metro sarea 85 kilometroraino hazi da azken hiru urteetan. 2020rako 2.200 kilometro batu nahi dira eta, beraz, garraio proiektu berriak sortuko dira.  Dubain lehendik dauden 3 aireportuei laugarren bat gehituko zaie erakusketaren azoka-eremuan, eta, aurreikuspenen arabera, urtean 98 milioi bidaiari izango ditu.

Energia berriztagarriei dagokienez, Dubai munduko seigarren petrolio ekoizlea da, baina halere lehenengoa da energien azpiegitura berriak bilatu nahi dituzten eta petrolioaren mendekotasunetik urrundu nahi duten jomugen rankinean.

Azkenik, eta aukerak eskaintzen dituzten beste sektoreei gagozkiela, Enrique Urrutiak Dubain dauden euskal enpresekin izan duen esperientzia kontuan hartuz hauxe esan du: “Euskadik marketin erasokorragoa egin behar du, produktu mailan oso lehiakorrak garelako”.

Nola egin negozioak Arabiar Emirerri Batuetan

RLD Taldeko Raúl Calvok aztergai izan ditu Arabiar Emirerrietan kokatzeko eta negozioak egiteko kontuan hartu behar diren alderdi legalak eta formulak. “Expo 2020 aitzakia bikaina da milioi askoko proiektu multzo bat plazaratzeko”. Bere hitzaldian aipatu ditu zeintzuk diren onartzen ari diren neurriak. Batzuk, euste-neurriak dira, higiezinen burbuila saihesteko, beste batzuk, sustapen neurriak, zergarik gabeko guneak sortu eta bultzatzeko eta, azkenik, badaude baita ere inbertsioa sustatzeko neurriak. Araudi mailan, Dubai emirerri irekiena da nazioarteko negozio zentro bezala.

Ezarpen proiektuetarako dauden figura juridikoak azaldu ondoren -besteak beste, zergarik gabeko guneak (birresportaziorako zentro bezala), erantzukizun mugatuko sozietateak (bertako bazkideak %51 dira), Branch  direlakoak (bitartekariak dituztenak atzerriko enpresen eta Estatuaren artean)- Calvok esan du “oso konplikatua dela proiektu handi bat lortzea han presentzia fisikorik izan gabe”.

Emirerriak hazkunde betean daude, merkataritzako nazioarteko zentro bat dira, atzerriko enpresek negozioak egin ditzaten Emirerri Batuetan eta Emirerri Batuetatik. Hub komertzial bat da, araudi marko egonkorra duena eta zerga sistema onuragarria atzerriko inbertsiogilearentzat.

Dubai Airport Freezone (zergarik gabeko gunea)

Jardunaldian parte hartu du baita ere, Fouad Rezek-ek, Emirerrietako zergarik gabeko gune garrantzitsuenetako baten -DAFZA, Dubai Airport Freezone- ordezkariak. Dubaiko nazioarteko aireportuan kokatuta dago. Rezek-ek azaldu du zein ezaugarri dituen negozio zentro horrek, bere esanetan “2.500 milioi kontsumitzaile lortzeko aukera eskaintzen duenak”. Negozio-gune horrek kokapen ona du eta baldintza ezin hobeak inbertsiorako, hala, leku estrategikoa da eta zerga pizgarri garrantzitsuak ditu.

Hain zuzen, DAFZAn kokatuta dago TESA (Talleres Escoriaza). TESA ateen itxitura eta  segurtasunean lan egiten duen euskal enpresa bat da, Dubain lanean ari dena 2006tik. Herrialde hazkorretara hedatzeko bere estrategiari jarraiki, Dubai izan zen beren lehenengo nazioartekotze esperientzia eta gero Panama, Casablanca, Mosku eta Kuala Lumpurrera zabaldu da.

TESA, euskal adibide bat Arabiar Emirerri Batuetan

TESAko arduradun Hugo Quintanak esan du enpresa honek etengabeko erronka bati aurre egin behar diola, produktu tradizionala egokitu behar duelako arkitekto eta eraikitzaileen espezifikazio berezietara eta, aldi berean, segurtasun eskakizunak bete behar dituelako, eta hori guztia produktua berrituz eta, oroz gain, bezeroaren aldemenean egonaz.

Onartzen du esperientzia positiboa izan dela. “Baina saiatua izan behar da eta gogor ekin behar zaio, itzulera oso garrantzitsua da eta. Proiektu oso handiak dira. Han egon beharra dago. Merezi du”. Izan ere, TESArentzat Dubai hirugarren gune garrantzitsuena da, etxeko merkatuaren eta Frantziako merkatuaren ostean.

Jardunaldia amaitzeko, banan-banako elkarrizketak egin dira enpresa parte-hartzaileen eta profesionalen artean.

Partekatu

Beste berri batzuk