Epsilon Euskadik elkarlanerako hitzarmena sinatu du Loiola Berrikuntza Fundazioarekin
Loiola Berrikuntza Fundazioak eta Epsilon Euskadik elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten atzo, asteartea, fundazioak Azkoitiko Oinartxo poligonoan duen egoitzan. “Bailarako enpresen lehiakortasuna areagotzeko eta bertako industria sareari laguntzen dieten proiektu interesgarrietan bat egiteko” hasiko direla elkarlanean jakinarazi zuten Julian Eizmendi Loiola Berrikuntza Fundazioko lehendakariak eta Joan Villadelprat Epsilon Euskadiko lehendakariak.
Egun, Epsilonek Araban du egoitza nagusia, baina Azkoitian ere baditu instalazioak. Epsilonek formakuntzan, diseinuan eta ikerketan dihardu, eta kirol taldeetan ere bai. Loiola Berrikuntza Fundazioa, berriz, aurreko martxoan ekin zion ibilbideari. Fundazioa, ekonomia dibertsifikatzeko eta bailaran ekoizten diren produktuak balio erantsiz hornitzeko sortu zen.
Lankidetza akordioa egiteko “inoiz baino garai egokiagoa” dela adierazi zuen Eizmendik. Izan ere, behin ituna sinatuta, elkarlanean arituko dira bi erakundeak. Hori dela-eta, “beste bailara eta lurraldeekin lan egitea, Urola Erdiko enpresak beste zonalde lehiakorrekin harremanetan jartzea, oinarri teknologikoa duten enpresa berrietan parte hartzea, oinarri teknologikoa duten enpresa berrietan partaidetza eta babesa ematea, enpresa ekimenei lotutako adituen batzordeetan parte hartzea edo diagnostikoen garapen eta proiektu berritzaileetan elkarlanean aritzea” dute helburu itunaren sinatzaileek.
Loiola Berrikuntza Fundazioa hauek osatzen dute: Iraurgi Lantzen eta Urola Erdiko sozietate publikoek, Antzibar, Biele, Corrugados Azpeitia, Grupo Glual, Grupo Sarralle, Ibarmia, Juaristi eta Sammic enpresek. Gainera, laguntzaileak dira: Deustu eta Mondragon Unibertsitateak, Cidemco Fundazioa, Xabier Maria de Munibe Institutua eta Innobasque.