Eraikuntzako Produktuen Europako Erregelamendu berriari buruzko jardunaldia antolatu du TECNALIAk

Albisteak, Bizkaia

Martxoaren 20an egingo da, 10:00etatik 13:15era, TECNALIAren Zamudio/Deriok Campuseko instalazioetan (700 eraikina), eta laguntzaile ditu Industria eta Turismo Ministerioa, Ebaluazio Teknikoko Europako Erakundea (EOTA), BUILD:inn klusterra, Certinalia eta Eusko Jaurlaritza

TECNALIA ikerketako eta garapen teknologikoko zentroak Eraikuntzako Produktuen Europako Erregelamendu berriari buruzko jardunaldi bat antolatu du ostegun honetarako (martxoaren 20an, 10:00etatik 13:15era) Zamudio/Derio Campusean dituen instalazioetan (Astondo bidea, 700 eraikina); Industria eta Turismo Ministerioa, Ebaluazio Teknikoko Europako Erakundea (EOTA), BUILD:inn klusterra, Certinalia eta Eusko Jaurlaritza dira laguntzaileak.

2024ko abenduaren 18an argitaratu zen Eraikuntza Produktuen Europako Erregelamendu berria (RPC 2024/3110), 2011tik indarrean zegoen erregelamendua ordeztu duena. 2025eko urtarrilaren 7an jarri zen indarrean, baina zenbait betekizun pixkanaka sartzen joango dira 12 hilabete geroagotik aurrera.

Ehun bat pertsonak hartuko dute parte jardunaldian, eta CE markatzea Eraikuntza Produktuen Europako Erregelamenduaren arabera kudeatzen ikasteko balioko du; izan ere, erregelamendu horren inplikazioak eta funtsezko eskakizunak azalduko zaizkie parte-hartzaileei. TECNALIA erreferentea da eraikuntzako laborategi gisa eraikuntzako produktu berritzaileen ebaluazioaren testuinguruan.

Hona nori zuzentzen zaion ekitaldia: eraikuntzako material, produktu eta sistemen fabrikatzaileak, eraikuntzako material, produktu eta sistemen banatzaileak, zuzendari eta arduradun teknikoak, garapen, erosketa eta kalitate-segurtatzeko sailak, eraikitzaile eta ingeniaritzak eta preskriptoreak.

Berrikuntza esanguratsuak ditu erregelamendu berriak:

Normalizazio-prozesua Acquisaren prozesua ezarri da, halako moldez non estatu kideen premiei erantzungo baitiete sortzen diren arau harmonizatuek. Eremu Harmonizatua ere ezarri da, zeinak EBren arau-esparru bat mugatzen baitu, RPCaren araberako produktuak estatu kide guztietan merkaturatu ahal izatea bermatzeko, ziurtagiri gehigarrien premiarik gabe.  

Jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra: Eraikuntza-produktuak berrerabiltzea eta berregokitzea sustatzen da; hala, jardunbide jasangarriagoak bultzatzen dira eta ingurumen-inpaktua murrizten.

Digitalizazioa: Produktuaren Pasaporte Digitala ezarri da, produktuen ezaugarriei, prestazioei eta adostasunari buruzko informazio zehatzerako irispidea errazteko.

Eraikuntza Produktuen Europako Erregelamendu berriak —(EB) 2024/3110— betebehar espezifikoak xedatzen ditu eraikuntza-produktuen fabrikatzaile eta banatzaileentzat.

Fabrikatzaileek bermatu behar dute beren produktuek betetzen dituztela espezifikazio tekniko harmonizatuak eta segurtasunaren eta jasangarritasunaren inguruko ezinbesteko eskakizunak; horretarako, beharrezkoa bada, erakunde jakinarazi bat sartu beharko da. Besteak beste, prestazioen eta baimenen aitorpen zehatz bat prestatu beharko dute eta CE marka jarri beharko dute produktuetan. Gainera, dokumentazio tekniko xehatua aurkeztea eta produktuaren trazabilitatea bermatzea exijitzen zaie.

Banatzaileei dagokienez, merkaturatutako produktuek CE markatzea dutela eta beharrezko dokumentazioarekin datozela egiaztatzeko erantzukizuna dute. Bermatu behar dute, halaber, biltegiratzeak eta garraioak ez dutela arriskuan jarriko ezarritako eskakizunak betetzea produktuek.

Hala, eraikuntzako produktuak eskuratzean, ezinbestekoa da:

CE markatzea egiaztatzea: produktuak EBn merkaturatzeko eskakizunak betetzen dituela bermatzen du.

Prestazioen eta baimenen aitorpena aztertzea: Produktuaren ezaugarri eta prestazio aitortuei buruzko informazioa ematen du.

Jasangarritasuna ebaluatzea: Produktuaren ingurumen-inpaktua eta eraginkortasun energetikoa kontuan hartzea.

Trazabilitatea berrestea: Produktua jatorriraino jarraitu dakiokeela bermatzea, benetakoa eta kalitatezkoa dela bermatzeko

Partekatu

Beste berri batzuk