Espainiako Kimika Elkartearen (RSEQ) domina jaso du CIC biomaGUNE zentroko zuzendariak, bere ibilbide zientifikoari esker

Gipuzkoa

  • RSEQk, urtero, ikertzaileren baten ibilbide zientifikoari egiten dion aitorpenik garrantzitsuena da, eta aurten Luis Liz Marzánek eskuratu du
  • “Ohore handia da; oso harro nago kimikari nabarmenez osatutako zerrendan nire izena ikusteaz”, baieztatu du 

Luis Liz Marzánek, biomaterialen ikerketan diharduen CIC biLiz Marzan_CIC biomaGUNE_webomaGUNE euskal ikerketa-zentroko zuzendari zientifikoak, Espainiako Kimika Elkartearen domina jaso du gaur. Hala, zientziaren eta kimikaren komunitate espainiarra ordezkatzen duen erakundeak golardo horren bidez aitortu dio zientzialari galiziarrari bere ibilbidea. Azaroan emango diote domina.

2013ko urtarriletik, CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoa da Liz Marzán, Kimikan doktorea (Santiago de Compostelako Unibertsitatea), eta nanopartikula plasmonikoen azterketara bideratu du bere ikerketa. Halaber, munduko aurrendarietako bat da kimika koloidal eta nanoplasmonikoan, alegia, hainbat eremutan –besteak beste, biomedikuntzan– esanguratsua den alorra.

Ikertzaile galiziarrak eskarmentu handia du kimika fisikoan eta materialen zientzian. Izan ere, 15 urte baino gehiagoz zuzendu du Vigoko Unibertsitateko Kimika Koloidaleko ikerketa-taldea, fellow-a da Royal Society of Chemistry eta Optical Society of America elkarteetan, baita American Chemical Society-ko ‘Langmuir’ aldizkariko zuzendaria ere. 2011n, Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC) Advanced Grant laguntzarik prestigiotsuenetakoa eman zion Senior kategorian, eta, iaz, ECIS-Rhodia saria jaso zuen European Colloid and Interface Society-ren (ECIS) eskutik.

Gainera, aitorpen zientifiko garrantzitsuak izan ditu nazioan zein nazioartean, hala nola, Humboldt saria, Zientziaren DuPont saria, Espainiako Kimika Elkarteak emandako Kimika Fisikoaren saria, Burdinola saria eta ACS Nano Lectureship Award-a.

“Ohore handia da Espainiako Kimika Elkartearen golardorik garrantzitsuena jaso izana, oso harro nago kimikari nabarmenez osatutako zerrendan nire izena ikusteaz”, adierazi du Liz Marzánek.

Kimikari galiziarrak gogoan izan ditu Vigoko Unibertsitatean eta CIC biomaGUNE zentroan dituen lankideak: “Euren laguntzarik gabe, ezinezkoa izango litzateke aitorpen hori jasotzea”. Era berean, sarirako izendatu dutenen “konfiantza” eskertu du.

Partekatu

Beste berri batzuk