Eureka! Zientzia Museoak plastinazioari eta anatomia konparatuari eskainitako areto berri bat inauguratu du

Gipuzkoa

  • Eureka! Zientzia Museoak plastinazioari eta anatomia konparatuari eskainitako areto berri bat inauguratu du, eta PLASTINATION deitutakoa. 70 metro karratu ditu, eta anatomia da bertan protagonista.

2012ko abenduan inauguratu zuen Eurekak! ZU – TÚ – VOUS – YOU aretoa. 480 metro karratu zeuzkan, eta horrela Eureka! Zientzia Museoak etapa berri bati eman zion hasiera, zientzia esperimentalen maila gaindituz eta museoaren edukia bizitzaren zientzietara bideratuz.

Orain PLASTINATION aurkeztu dute, museoaren lehenengo solairuaren birmoldaketaren bigarren eta azken fasea burututa,  bisitariak liluratuta utziko dituenaren esperantzarekin.

Erakutsitako elementuek eta erakusketan bertan erabilitako teknikek gune berezi eta paregabea bihurtzen dute PLASTINATION. Herrialde bakar batean ere ez dago horrelako beste museorik espezializatu gabeko publikoari aukera ematen dionik errealitate-maila horren handiko piezak ikusteko, modu iraunkorrean ikusteko gainera. Errealitatea da erakusketaren ardatz nagusia, eta hezurrezko piezek zein plastinatuek (17 eta 20 pieza, hurrenez hurren) egiazkoak, originalak eta benetakoak izateko bertutea dute, eta ez errealitatea simulatzen duten modeloak

Museotako bitrinetan erakusten diren hezurrezko elementuetako asko fosilak izaten dira, harri bihurtutako hezurrak, eta horretara gaude ohituta, baina gure erakusketaren kasuan ez da hori gertatzen. Beren ezaugarri organiko guztiak atxikitzen dituzten hezurrak dira, egiazko hezurrak, erakutsiak izateko garbitze-prozesu eta zuritze-prozesu bat baino jaso ez dutenak.  Organo eta elementu plastinatuak, halaber, pieza originalak dira, kontserbatuak eta erakutsiak izateko prozesu fisiko-kimiko bat jaso dutenak. Gure erakusketaren kasuan Alemaniatik, Estatu Batuetatik eta Murtziako Unibertsitatetik datoz.  Pieza horien guztien artean nabarmentzen da 100 cm x 70 cm x 35 cm neurriko gizakiaren gorputz-enborra, Alemanian plastinatutakoa. Hainbat organo eta sistema tamaina naturalean ikusteko berezitasuna eskaintzen du elementu horrek, eta haren kalitatea eta xehetasun-maila bikainak dira.

EZAUGARRI TEKNIKOAK

Zer da plastinazioa?

Azken belaunaldiko teknika bat da, egiazko organoak kontserbatzeko berezia.

Zertan datza teknika hori?

Polimero batekin ordezten du organoen ura.

Mugarik gabe kontserbatzen ditu gorputzak, hori da teknikaren abantaila nagusia, betiere gorputzaren egiazko itxurari eutsiz eta organoa maneiatzeko baldintza egokietan.

Zer prozesu jasotzen dituzte organo plastinatuek?

Egiazko organoek honako fase hauek jaso behar dituzte:

FINKATZEA: Finkatze-metodo klasikoak.

DESHIDRATAZIOA: Ura azetonarekin ordeztea -30 ºC-ko tenperaturan.

INPREGNAZIOA: Azetona polimeroarekin ordeztea -30 °C-ko tenperaturan.

POLIMERIZAZIOA: Polimeroa solidotzea.

Zer ezaugarri dute organo plastinatuek?

Organo egiazko, garbi, lehor eta erresistenteak dira, eskularrurik gabe edo bete edozein prebentzio-neurririk gabe azter daitezkeenak. Ez daukate usainik eta substantzia toxikoetatik (hala nola formaldehidoa, fenola eta alkoholak) libre daude. Ez dute tratamendurik behar kontserbatzeko, eta iraunaldi mugagabea dute.

Zer aplikazio dituzte organo horiek?

Irakaskuntza: Irakaskuntza praktikoaren kalitatea hobetzea

Ikerketa: Ebakidura-anatomiaren alorrean aurrera egiteko aukera, irudi bidezko diagnostikoa egiteko teknika modernoak interpretatzeko oinarri gisa (Tomografia Axial Konputerizatua, Erresonantzia Magnetikoa, Endoskopia, eta abar).

 

Erakusketak giza anatomia ulertzea ahalbidetzen du, hainbat espezietako organo eta sistemen konparazioaren bidez. Anatomia konparatuari esker, ikuspuntu morfologikotik begiratuta eta animaliekin konparatuz gero, gizakiak zenbateraino garen antzeko edo desberdin uler dezakegu.

Urtarrilaren 17an museoak 13 urte beteko ditu, hau da, museoari laguntzeko kutxak egindako apustu garrantzitsua nabarmentzen duen ibilbidea, eta horri esker zabaldu ahal izan dugu areto berri hau.

Eureka! Zientzia Museoak erreferentzia izaten jarraitzen du gure erkidegoan zientziaren zabalkundeari dagokionez, eta areto berri hau ere horren erakusgarri da. Zientzia eskuragarri, ulergarri eta hurbileko egitearen aldeko apustuarekin jarraitzen dugu. Eta areto berriak museoaren erakusketa iraunkorraren edukia sendotzen du. Aukera hau baliatuz, azken urteotako 1.803.117 bisitariak gonbidatu nahi ditugu aitzakia bat izan dezaten Eureka! Zientzia Museora itzultzeko eta beren gorputzari buruz duten ezagutzan sakontzeko.

      ORDUTEGIA

PLASTINATION atalak gaurtik aurrera (urriaren 18a) zabaltzen dizkio ateak publikoari, eta egunero bisitatu ahal izango da, museoaren erakusketa iraunkorraren zati gisa.

ORDUTEGIA: museoarena.

Astelehena: 10:00etatik 16:00etara
Asteartetik ostiralera: 10:00etatik 19:00etara

Larunbat, igande eta jaiegunetan: 11:00etatik 20:00etara.

Abenduaren 24an eta 31n: 10:00etatik 14:00etara.

Itxita abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean.

Partekatu

Beste berri batzuk