Eurest Euskadi eta AZTI lankidetzan ari dira menu osasungarrien ikerketan
EUREST Euskadik –erreferentziazko enpresa da talde handientzako sukaldaritzaren alorrean Euskadin, eta Compass Group taldeko kide ere bai– eta AZTI-Tecnalia zentro teknologikoak lankidetza-hitzarmena sinatu dute nutrizionalki hobetutako produktuak sortzeko. Ondoren, euren menuetan jasoko dira produktuok, eta konpainia osora, nazioan, esportatu ahalko dira.
Akordioaren helburua ondokoa da: “Talde handientzako –enpresetako eta zahar-egoitzetako jantokiak, bereziki– prestatzen diren menuen elementu batzuk diseinatzea eta birformulatzea, behar dietetiko, nutrizional eta sentsorial espezifikoetara egokitze aldera”.
Elkarlan horren lehen pausua etxeko postreen diseinua izan da. Horien artean aurrena, “Cremosín” izenekoa, gaur aurkeztu da Kai-Onan, Eurest Euskadik Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean kudeatzen dituen jatetxeetako batean. Establezimenduak bere eguneko menuan eskaintzen dituen azkenburukoen artean dago proposamena, eta harrera bikaina izan du.
Esnez egindako “Cremosín” postre krematsua nutrizionalki hobetua izan da, eta sentsorialki harritzen du kontsumitzailea. Izan ere, testura eta gozotasunari esker, produktu ezin hobe bilakatu da, aldez aurretik ezezaguna zuen merkatuan.
Merkaturatze berritzaileari ekiteko, Eurest Euskadiren interesa eta AZTI-Tecnaliaren eskarmentua uztartu egin dira goi-mailako kalitate nutrizional eta organoleptikoko produktu berriak diseinatzerako orduan. Nutrizioak eta teknologiak bat egin dute, eta horrek aukera eman du sentsorialki erakargarriak diren produktu berriak diseinatu eta merkaturatzeko, balio nutrizio altuagatik nabarmentzen baitira.
Esnez egindako krematsua diseinatzerakoan hainbat osagai nahastu direnez, testura krematsua eta zapore gozoa ditu ezaugarri. Konbinazio horrek, era berean, gantz eta azukre edukia murrizten du; hortaz, nutrizioaren aldetik profil hobea duen produktua lortu da. Halaber, elikagai kritiko, guztizko gantz, gatz ase eta azukre edukia murriztearekin batera, postreak kaloria gutxiago ditu.
Krematsua modu osasuntsuan konbina daiteke frutekin, eta azkenburuko orekatu zoragarria da dietan jasotzeko, egunero behar den zuntz kantitatearen laurdena eskaintzen du-eta.
Eurest Euskadi lanean ari da jada beste postre batzuk egiten, bai eta proposamen berriak birformulatzeko ere, besteren artean, nutrizionalki hobetutako saltsak, kremak eta zopak.
Zahar-egoitzen sektoreari dagokionez, menu osasungarriagoak diseinatzeko aurrerapausoak eman guran, produktuetako azukrea eta gatz aseak murriztu eta/edo ordezkatuko dira, adibidez.
Egitasmo horren barruan planteatutako jarduerak bat datoz dela Eusko Jaurlaritzak 2015erako ezarritako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin, dela 2010-2013 epealdirako Lehiakortasun Planarekin. Egitasmoaren azken xedeak dira, batetik, enpresen modernizazioa eta gaitasun berritzaile nahiz sortzailea sendotzea, eta, bestetik, balio erantsi gehiagoko ekoizpenak sustatzea. Horrela, potentzialki balio handiagoko merkatuetarako sarbidea bermatuko da, ikerketaren bidez eta teknologiak aplikatuz.
AZTI-Tecnalia erreferentziazko zentro teknologikoa da ikerketa zientifiko eta aplikatuan, itsasoaren eta elikaduraren alorretan. Elikagaiak Ikertzeko Unitatearen egoitza Derion (Bizkaia) dago, zerbitzu eta instalazio aurreratuenak dituen eraikin berritzaile batean. Bertan, elikagaien industriara bideratutako ikerketan, garapenean eta berrikuntzan dihardute, ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko asmoarekin.
11.000 langile baino gehiagorekin, Compass Spain zenbait marka komertzialen bidez jarduten da, hala nola, Scolarest (hezkuntzaren alorra), Medirest (ospitaleak eta egoitzak), Eurest (enpresak), Vitarest (etxez etxeko sukaldaritza), Eurest Services (zerbitzu osagarriak) eta Vilaplana Catering (gama altuko sukaldaritza). Euskadin, Eurest Euskadiren bezero nagusiak dira, besteak, beste, Osakidetza sareko ospitaleak, ikastetxe publiko zein pribatu garrantzitsuak, eta hainbat enpresa handi, horien artean, Petronor, Vicrila eta, berriki, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea.
Horrez gain, enpresak sukalde nagusi handia du Derion, eta hurbileko erosketei lehentasuna ematen die, batez ere, tokiko hornitzaile nahiz ekoizleei eta sasoiko produktuei.