Europa osoko gizarte-berritzaileek enplegua sortzeko irtenbideak bilatzen dituzte Bilbon, Europako Batzordearen lehiaketan
- Bilbon, martxoaren 3tik 5era, European Social Innovation Competition-en bigarren fasea gauzatuko da; Europako Batzordeak antolatu du eta enplegua sortzeko edo lan mota berriak sortzeko irtenbide berritzaile onenak bilatuko dira, inpaktu-ahalmena dutenak eta eskalagarriak izango direnak.
- Lehiaketaren bertako bazkidea Basque Social Innovation plataforma da, 22 erakundek osatua eta Innobasquek bultzatua; idazkaritza teknikoa, berriz, Agirre Lehendakaria Center-ek hartu du.
Datozen hiru egunotan, martxoaren 5era –asteazkenera– arte, Bilbo da European Social Innovation Competition-en bigarren edizioaren egoitza; gizarte-berrikuntzaren lehiaketa hau Europako Batzordeak antolatu du, eta enplegua sortzeko edo lan mota berriak sortzeko konponbide berritzaileak bilatzen ditu. Europako Batasunean 27 milioi pertsona daudelarik langabe, lehiaketak erronka hau bota die parte-hartzaileei. Hiru egun hauetan 30 proiektu finalisten ordezkariak eta beraien mentoreak, bertako nahiz Europar Batasuneko espezialista ospetsuak, lanean ariko dira hautaturiko ekinbideen ahalmen guztia garatzeko. Parte hartzaileen artean daude Gorka Espiau, Agirre Lehendakaria Center-eko senior fellow eta lehiaketako epaimahaikoa; Geoff Mulgan, Nesta berrikuntzaren britainiar agentziako zuzendari nagusia; Angela Catley, Community Catalysts-eko Eragiketa-zuzendaria; Deborah Szebeko, thinkpublic-eko zuzendaria; edo Max Bulakovskiy, i-propeller-eko Negozio Garapen zuzendaria.
Etapa honetan, ‘Social Innovation Academy’ deiturikoan, proiektuak mentoring saioen bidez aberastuko dira, eta beraien berrikuntza mailan, inpaktu-ahalmenean, iraunkortasunean eta eskalagarritasunean eragingo da, horiek baitira epaimahaiaren ebaluazio-irizpideak Londresen izango den hurrengo fasera igaroko diren 10 proiektuak aukeratzeko. Horien artetik aukeratuko dira maiatzean Bruselan sarituko diren hiru irtenbideak, ekitaldi batean 30.000na euro emango zaizkiolarik bakoitzari.
Europako Batzordeak Bilbo aukeratu du European Social Innovation Competition-en bigarren etapa honetarako, idazkaritza teknikoa Agirre Lehendakaria Center-ek hartu duelarik; izan ere, Euskadin badago gizarte-berrikuntzako ekosistema propioa, baita Basque Social Innovation (BSI) ere, hau Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzatua eta kasu honetan Batzordearen bertako bazkidea. BSI gizarte, enpresa, unibertsitate eta Herri Administrazioko 22 erakundek osaturiko plataforma da.
Martxoaren 3ko jardunaldia Bilbon EHUren Bizkaia Aretoan ari dira egiten, eta proposaturiko ekinbideek konpondu behar dituzten erronka eta premietan sakontzen ari dira; Europako Batzordeko politika publikoen diseinatzaileekin ere izango da topaketa. Martxoaren 4an taldea Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkera joango da, eta bertan proiektuen balio erantsia, iraunkortasuna eta komunikazioa landuko dituzte, eta ondoren Tecnalia bisitatuko dute. Azken egunean, lehiaketa Bilbora itzuliko da elkarlanean jarraitu ahal izateko.
Hau European Social Innovation Competition-en bigarren edizioa da, Europako Batzordeak Diogo Vasconcelos-en ohoretan antolatua, eta bere garapena Twitter bidez jarrai daiteke #diogochallenge hashtag edo traolarekin.