Europako Batzordeko “Horizonte 2020 – ETEentzako talde aholkularian” daude Euskadiko Teknologi Parkeak
- Bizkaiko Parkeko Berrikuntza zuzendari Marian Ibarrondo da taldea osatzen duten 20 adituetako bat, Estatuko bakarra.
- Horizonte 2020 esparru-programaren barruan dago ETEentzako talde aholkularia eta bere helburua da ETEek programan duten parte-hartzea hobetzea.
“Advisory Group on SMEs under HORIZON 2020” aholkulari-taldea sortu du Europako Batzordeak, Horizonte 2020 finantzaketa-programa berriaren esparruan. Horren bidez, Europako ikerketa eta berrikuntzaren alorrean ETEek gehiago parte hartzeko neurri espezifikoak sustatu nahi dira.
Europako zenbait herrialdetako instituzio eta erakundeetako 20 adituez osatuta dago aholkulari-taldea, horien artean Marian Ibarrondo, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Berrikuntza zuzendaria eta Estatuko ordezkari bakarra.
Advisory Group on SMEs taldearen lehenengo bilera irailaren 30ean izan zen Bruselan. Bertan, Batzordeko ordezkariek Horizonte 2020 esparru-programaren barruan egingo diren ekintzak aurkeztu zituzten, ETEentzako laguntza eta ETEetan berritzeari buruzko 2014/2015rako lan-programa hain zuzen ere.
Urtean lautan bilduko den aholkulari-taldeak eginkizun aktiboa du enpresa txiki eta ertainak gehiago eta hobeto inplika daitezen Europako ikerketa eta berrikuntzaren alde egiteko eta horretarako neurri espezifikoak sustatuko ditu. Autonomia izango du edozein motatako proposamenak egiteko Batzordeari, betiere ETEek parte-hartze handiagoa izan dezaten Horizonte 2020 esparru-programa.
Europan ikerketa eta berrikuntza finantzatzeko programa berria da Horizonte 2020. 7 urte iraungo ditu (2014-2020), gutxi gorabehera 80.000 milioi euroko aurrekontuarekin.