Europako CYCLALG proiektuak sei zentro teknologiko elkartu ditu algetan oinarritutako biofindefi bat garatzeko
Proiektuak mikroalgen hazkundearen bitartez biodiesela lortu nahi du, eta martxan jartzeko bilera gaur egin da
Sortutako hondakinak elementu nutrizional moduan erabiliko dira mikroalgak hazteko prozesu berean
CYCLALGek hiru urteko iraupena du eta 1,4 milioi euroko aurrekontua
Euskadi, Nafarroa eta Frantziako hainbat zentro teknologikok osatutako partzuergo batek –NEIKER-Tecnalia, Espainiako Energia Berriztagarrien Zentroa (CENER), Tecnalia Research & Innovation, Nafarroako Industriaren Elkartea (AIN), Akitaniako Ingurumen eta Segurtasunerako Elkartea (APESA) eta Agrobaliabideen Aplikazio eta Eraldaketarako Zentroa (CATAR-CRITT)– parte harten du Europako CYCLALG proiektuan, algetan oinarritutako biofindegi bat garatzeko, mikroalgen hazkundearen bitartez biodiesela lortzera zuzendutako prozesu teknologikoak garatzeko eta balioztatzeko.
Helburua gauzatzeko, proiektuak ekonomia zirkularrean oinarritutako eskema bat planteatzen du, non sortutako hondakinak elementu nutrizional moduan erabiltzen baitira mikroalgak hazteko prozesuan bertan. CYCLALGen beste oinarri batzuk dira biomasa mikroalgalaren aprobetxamendu integrala lortu nahi duen biofindegi eredu bat, prozesuan sortutako hondakinen bizitza baliagarria luzatzea, eta industria kimiko, energetiko eta agropekuarioentzat interesgarriak diren produktu berrietan dibertsifikatzea; horrenbestez, balio erantsia gehituko zaio mikroalgen biomasari eta prozesuaren eskema ekonomikoa hobetuko da.
NEIKER-Tecnaliak Gasteizko Arkautiko nekazaritzako elikagaien campusean duen egoitzak hartu du gaur CYCLALG proiektua abiarazteko bilera, zeina Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzako Programa Operatiboak finantzatzen duen (2014-2020). NEIKER-Tecnaliarekin batera, Euskadi, Nafarroa eta Frantziako beste bost zentro teknologikok parte hartzen dute. NEIKER, proiektua koordinatzeaz gain, hazkuntza heterotrofikoak egiteko baldintza ezin hobe, errentagarri eta iraunkorrak ezartzeaz arduratuko da, biodiesela lortzera zuzendutako algen biomasa ekoizteko.
Hiru urteko iraupena
CYCLALG egitasmoa datozen hiru urteetan garatuko da, eta 1,4 milioi euroko aurrekontua izango du. Aurrekontu horren %65 FEDER fondoetatik lortuko da.
ENERGREEN EFA217/11 proiektuan lortutako emaitzei jarraipena ematen dio proiektuak. Proiektu hartan egungo partzuergoko kide gehienek hartu zuten parte, eta bertan frogatu zen mikroalgak haziz biodiesela lortzea teknikoki bideragarria dela, ingurumenerako abantailak dituela eta landaketa horiek ustiapen integrala edo biofindegiak ezartzeko ere balio dutela.
Mikroalgen hazkuntzak biodieselaren iturri gisa industrialki ezartzea mugatuta dago, industria aurreko etapan olioen produktibitatea asko murrizten delako eta horrek prozesu osoari kalte egiten diolako. CYCLALG proiektuak arazora hurbiltzeko modu berriak planteatzen ditu. Olio-mikroalgen espezieen landaketa heterotrofikoa sartzen du, prozesuaren efizientzia produktiboa hobetzeko bide alternatibo gisa.
Biodiesela lortzeko ohiko landaketa fotoautotrofoen aldean, CYCLALGen planteatutako mikroalgen hazkuntza heterotrofikoak abantaila ezagunak eskaintzen ditu produktibitateari dagokionez, baina karbono eta nitrogeno iturri organikoak behar ditu, eta horiek ohiko ongarri inorganikoak baino askoz garestiagoak dira.
CYCLALGek planteatzen du mugapen ekonomiko hori konpontzea eta, aldi berean, baliabideen kudeaketa efizienteagoa lortzea. Horretarako proposatzen du olioak ateratzeko prozesuetako hondar biomasa erabiltzea (azukre eta proteina ugari ditu) landaketak elikatzeko baliabide nutritiboak egiteko. Horretarako, proiektuaren helburu teknologikoetako bat da hondakinen hidrolisirako, zatikatzeko eta kontzentratu nurizionaletan disolbagarri egiteko teknologiak garatzea eta balioztatzea. Alternatiba gisa, CYCLALG proiektuak aurreikusten du hondakinei eta koproduktuei balioa ematen uzten duten beste teknologia batzuk garatzea, hala nola biopolimeroen eta beste biomolekula batzuen sintesia, eta bio-ongarriak eta pentsuak lortzea eta biometanoa sortzea.
Proiektuaren %65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatuta dago (FEDER), Espainia-Frantzia-Andorra arteko Interreg V-A Progamaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia-Frantzia-Andorra arteko mugako aldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurraldearen garapen iraunkorraren alde estrategiak batera landuz.