Euskadi erregai berriztagarrien garapen teknologiko-industrialaren buru da Europan, 250 milioi euroko inbertsioarekin
Euskadi-2030 Industria Planaren laugarren proiektu eraldatzaileak Europan erreferentzia izango den erregai berrizgarrien Hub bat sortuko du
Hub horrek EIC zentroan izango du basea, eta Euskadik erregai berriztagarrien garapena bultzatzeko dituen ahalmen teknologikoak bilduko ditu. Erregai sintetikoen, bioerregaien, CO2-aren eta hidrogeno berriztagarriaren inguruko funtsezko teknologiak garatuko dira
Proiektua erregai berriztagarriak erabiliko dituzten motor aeronautikoen belaunaldi berri bat garatuko duen lehen proiektu eraldatzaileari lotuta dago
Proiektuak ia 250 milioi euroko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 85 milioi euro I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira
Kualifikazio handiko zuzeneko 300 lanpostu eta zeharkako 900 lanpostu sortuko dira. Beraz, 1.200 enplegu berri izango dira guztira
Proiektua Petronor enpresak zuzenduko du, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, 51 enpresa trakzionatuko ditu (haietako 23 ETEak izango dira), eta Basque Energy Cluster izenekoaren laguntza izango du
Gainera, nagusiki, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) 4 zentro teknologiko inplikatuko ditu
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik “Erregai berriztagarrien Hub-a” proiektu eraldatzailea aurkeztu du, Energy Intelligence Center (EIC) izenekoan, Euskadiko Parke Teknologikoko Abanto Campusean kokatua, eta Euskadi-2030 Industria Planaren esparruan sortutako industria-oinarriko laugarren proiektua da. Proiektu horrek erregai berriztagarrien garapen teknologiko eta industrialaren Europako abangoardian kokatuko du Euskadi.
Hub berri horrek Energy Intelligence Center (EIC) zentroan izango du basea, eta Euskadik erregai berriztagarrien garapena bultzatzeko dituen ahalmen teknologikoak, industrialak eta zientifikoak egituratuko ditu. Erregai sintetikoei, bioerregai aurreratuei, CO2-aren inguruko teknologiei eta hidrogeno berriztagarriari lotutako funtsezko teknologiak garatu eta ezarriko dira.
Proiektua Euskadi-2030 Industria Planeko lehen proiektu eraldatzaileari hertsiki lotuta dago. Lehen proiektu hori erregai berriztagarriak erabiliko dituzten motor aeronautikoen belaunaldi berri bat garatzera bideratuta dago, eta ITP Aero enpresak zuzentzen du.
Ekitaldian, proiektuan parte hartzen duten enpresa, ETE, zentro teknologiko eta klusterretako arduradunak bildu dira, eta, Mikel Jauregi sailburuarekin batera, Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe; Petronorreko CEO, José Ignacio Zudaire; Nortegaseko CEO, Juan Villar, eta H2Site produktu zuzendaria, Guillermo García.
Mikel Jauregi sailburuak adierazi duenez, “proiektu hau gure zientziaren, teknologiaren eta industriaren batasunaren erakusgarririk onena da. Petronor trakzio-enpresak eta 23 ETEk bat egin dute industria-ehun berria sortzeko garapen teknologikoko proiektu batean”.
Jauregik azpimarratu duenez, proiektua “proiektu eraldatzaileen artean sortutako garapen teknologiko berrien adibide egokia da. Kasu honetan, erregai berriztagarrien Hub-ak lehen proiektu eraldatzaileko motor aeronautiko berriek erabili ahal izango duten erregai bat garatuko du”.
Petronorreko CEO Jose Ignacio Zudairek adierazi duenez, “gure apustua industria izan da beti, eta industriak, teknologiarekin bat eginik, deskarbonizazio-prozesuak gidatzea eta bestela ezinezkoa zaien jarduera guztietarako soluzioak eskaintzea ahalbidetzen digu. Gainera, guztion onerako den balio-kate batean elkartutako enpresa guztien —handien eta txikien— lankidetzan sinesten dugu. Eta lankidetza publikoan sinesten dugu, gure inbertsioetarako arau-esparru egonkor bat eskaintzen digulako eta gure proiektuak babesten dituelako”.
Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek adierazi duenez, “erregai berriztagarrien Hub honek zehatz-mehatz irudikatzen ditu eraikitzen ari garen Euskadi eta Bizkaia: erronka global handi bat —hots, deskarbonizazioa— industria berria, teknologia eta kalitatezko enplegua sortzeko aukera bihurtzen duen lurraldea. Trantsizio energetikoa emisioak murriztean datza, baina, batez ere, gure energia-subiranotasuna indartzean, sektore estrategikoetan gaitasun propioak garatzean eta etorkizuneko ekonomian lidergo-posizio batean kokatzean datza. Bizkaiko Foru Aldundia, Energy Intelligence Centerren bitartez bereziki, proiektu honen kolaboratzaile estrategikoa da, anbizio industriala, berrikuntza eta ongizatea batzen dituen eraldaketan sinesten dugulako, eta badakigulako arlo horretan erabakitzen dela, neurri handian, datozen urteetako lehiakortasuna eta oparotasuna”.
Bestalde, Juan Villar Nortegaseko CEOak adierazi duenez, “Proiektu Eraldatzaile hau ez da soilik teknologia berriak edo irtenbide industrialak ikertzean oinarritzen, baizik eta elkarlaneko ekosistema erreal bat hedatzea du helburu, non enpresek, zentro teknologikoek, unibertsitateek eta administrazioak lankidetzan lan egingo duten, ibilbide-orri komun batekin eta eskari industrialera bideratuta”.
Guillermo García, H2Site-ko produktu-zuzendariak nabarmendu duenez, “H2Sitek Proiektu Eraldatzailean parte hartzen du, Petronorrekin batera, eta mintz-teknologia findegietarako hidrogenoa ekoizteko prozesuetan txertatzen du. Gainera, parte hartzen du portuak deskarbonizatzeko proiektu estrategikoan, hidrogenoan eta amoniakoan oinarritutako soluzioen bidez “.
Ekimenak ia 250 milioi euroko hasierako inbertsioa mobilizatuko du datozen hiru urteetan, eta, haietatik, ia 85 milioi euro I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira. Horren bidez, Euskadik berrikuntza energetiko eta industrialean erreferentzia gisa duen posizionamendua sendotuko da.
Erregai berriztagarrien Hub-arekin, kualifikazio handiko zuzeneko 300 lanpostu eta zeharkako 900 lanpostu sortuko dira, eta, beraz, balio erantsi handiko industria-jarduerei eta jarduera teknologikoei lotutako 1.200 lanpostu berri izango dira guztira.
Proiektua Petronor enpresak zuzenduko du, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta 51 enpresak hartuko dute parte (haietako 23 ETEak izango dira). Gainera, Basque Energy Cluster izenekoaren laguntza jasoko da. Kluster horrek zeregin garrantzitsua beteko du ekosistema industriala eta teknologikoa dinamizatzeko zereginean.
Halaber, nagusiki, Hub-ak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) 4 zentro teknologiko integratuko ditu, eta lankidetza publiko-pribatua eta ezagutzaren, industriaren eta merkatuaren arteko lotura indartuko ditu.

Funtsezko teknologiak eta elektrifikatzen zailak diren sektoreak
Erregai berriztagarrien barruan, erregai sintetikoak eta bioerregai aurreratuak daude, besteak beste. Halaber, lotutako teknologiak hartzen dituzte barnean, hala nola CO2-aren atzipena, erabilera eta biltegiratzea eta hidrogeno berriztagarria, erregai sintetikoak fabrikatzeko beharrezkoak direnak.
Hub-ak emisioak murriztea bereziki konplexua den industria- eta garraio-sektoreei erreparatuko die. Hori dela eta, hainbat teknologiatan batera aurrera egitea eta arriskuak murriztuko dituzten eta soluzio lehiakorretarako aldaketa bizkortuko duten saiakuntza- eta frogapen-azpiegiturak izatea planteatzen du.
Hub-a industria-, energia- eta berrikuntza-politiken arteko lerrokatze-tresna gisa sortu da, Euskadi-2030 Industria Planarekin eta 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planarekin bat etorriz.
Gainera, Euskadi 2030 Erregai Berriztagarrien Ibilbide-orri Teknologikoa du kate osoan proiektuak identifikatzeko eta lehenesteko oinarri gisa: produkzioan, biltegiratzean, garraioan, banaketan eta erabileran.
Proiektu eraldatzaileak: 482 milioi euroko inbertsioa eta 3.102 enplegu
Orain arte, lau Proiektu Eraldatzaile aurkeztu dira, 482 milioi eurotik gorako hasierako inbertsioa dakartenak; haietatik, 208 milioi euro I+Gra eta garapen teknologikora bideratzen dira.
Lau proiektuetan, kalitatezko 3.102 lanpostu baino gehiago sortuko dira datozen urteetan. Eta euskal industria-ehuneko beste 91 enpresa —gehienak ETEak— trakzionatuko dituzte, herrialdeko zentro teknologikoen laguntzarekin.
Orain arte, hiru proiektu eraldatzaile aurkeztu dira: “Euskadiko abiazio jasangarri eta lehiakorrerako motor aeronautikoko arkitektura berriak” izenekoa, ROBOOST proiektua eta “Nanomedikuntza pertsonalizaturako hidrogel adimendunak”.
Lehenengoa, ITP Aero buru duena, Euskadik, trantsizio energetiko eta digitalean oinarrituta, etorkizuneko motor aeronautikoen belaunaldi berrien arloan rol garrantzitsua betetzeko asmoarekin sortu da. Proiektuak hurrengo hiru urteetarako 110 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du, eta, haietatik, 60 milioi euro baino gehiago I+Gra eta teknologiaren garapenera bideratuko dira. Proiektuak 800 lanpostu sortzea ekarriko du -zuzeneko 200 enplegu eta zeharkako 600 enplegu-.
Bestalde, ROBOOST proiektuak 50 milioi euro inguruko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 35 milioi euro baino gehiago I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira. Ekimenak 500 lanpostu sortzea ekarriko du —zuzeneko 200 enplegu eta zeharkako 300 enplegu—, eta euskal industria-ehunaren nazioarteko lehiakortasuna indartzen lagunduko du. Proiektu Eraldatzaile horri esker, Euskadi erreferentziazko eragilea izango da nitxo emergente batean, hots, robotika sendoan eta doitasunezkoan.
Bestalde, “Nanomedikuntza pertsonalizaturako hidrogel adimendunak” proiektuak 72 milioi euroko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 28 milioi euro inguru I+Gra eta garapen teknologikora bideratuko dira. Proiektua I+Med enpresak gidatuko du trakzio-industria gisa, eta kualifikazio handiko zuzeneko 232 lanpostu eta zeharkako 370 lanpostu sortuko dira 2026-2028 aldian. Beraz, 602 enplegu berri sortuko dira guztira. Proiektu Eraldatzaile hori abian jartzean, sare biofarmazeutiko aurreratu bat egituratu ahal izango da haren inguruan, Euskadi Europan nanomedikuntza pertsonalizatuko erreferentzia bihurtuko duena.