Euskadik Kolonbian aurkeztuko du Bilboko birsorkuntza eredua

Bizkaia

 

–       SPRI Taldeko zuzendari nagusi Tomás Orbeak Barranquilla hirian aurkeztuko ditu Euskadiko hiri iraunkorren kasu arrakastatsuak eta euskal enpresak atzerrian sustatzeko URBE2050 plataforma.

–       SPRIren eta, beraz, Eusko Jaurlaritzaren presentzia Basque Country Expertise izeneko ekimenaren barruan kokatzen da, zeinaren helburua baita Euskadiko kudeaketa-eredu arrakastatsuak atzerrian saltzea eta negozioak bilatzea euskal enpresentzat

SPRI Taldeko (Euskadiko enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoa) zuzendari nagusi Tomás Orbeak Euskadiko hiri iraunkorren kasu arrakastatsuak aurkeztuko ditu aste honetan Barranquilla hirian (Kolonbia). Orbea espresuki gonbidatu dute Hiri Iraunkor eta Lehiakorren Nazioarteko Topaketara Eusko Jaurlaritzaren ordezkari bezala, eta Bilboko birsorkuntza ereduaz mintzatuko da bere hitzaldian. Horrez gain, URBE2050 plataforma ere aurkeztuko du, zeinaren helburua baita EAEko eta nazioarteko enpresen eta erakundeen arteko lankidetza publiko-pribaturako erakunde bat eratzea, aliantzak ahalbidetzeko.  

Jardunaldietan Kolonbiako hiru ministrok parte hartuko dute: Germán Vargas, Etxebizitza ministroak; Juan Gabriel Uribe, Ingurumen eta Garapen Iraunkorreko ministroak; eta Mauricio Cárdenas, Ogasun eta Kreditu Publikoko ministroak.

SPRIren eta, beraz, Eusko Jaurlaritzaren presentzia SPRI Taldean integratutako Basque Country Expertise ekimenaren barruan kokatzen da, zeinaren helburua baita Euskadiko kudeaketa-eredu arrakastatsuak atzerrian saltzea eta negozioak bilatzea euskal enpresentzat. Zerbitzu hori aurten hasi da eta hiru proiektu kudeatzen ditu dagoeneko: berrikuntza arloko laguntza teknikoa Txileko Gobernuari, sare elektriko adimendunen garapena Brasilen eta hiri iraunkorren garapena Latinoamerikan.  Hain zuzen ere, azken proiektu horren harira joango da SPRI Taldea Barranquillara.

Patxi López lehendakariak Washingtonen aurkeztu zuen 2011. urtearen amaiera aldera Bilboko kasua eta aurtengo martxoan Montevideon eman zaio jarraipena, non SPRI Taldeko zuzendari nagusiak eta Bilboko Udaleko alkateorde Ibon ARESOk hiriaren eraldaketa esperientzia aurkeztu baitzuten. Itsas-, burdin- eta metal-mekanika industriek pisu handia zuten lehen Bilbon, baina gaur egun nazioarteko ikur bihurtu da, hiri moderno, berritzaile eta iraunkorra izateagatik. Kasu bietan, aurkezpenak Amerika Arteko Garapen Bankuaren (BID) aurrean egin zituzten, eta harrezkero, nazioarteko beste erakunde batzuek euskal ordezkaritzaren bisita jasotzeko eskaria egin dute.

 

Basque Country Expertise

 

Bere helburua da Euskadin gauzatu diren proiektu arrakastatsuak atzerrian ezagutaraztea, direla industria birmoldaketa planak, teknologia parkeen eredua, hiri iraunkorren sorkuntza (adibidez, Bilboko birsorkuntza plana), klusterrak zein enpresen nazioartekotzea. Ideia horiek esportatzerakoan, proiektu horiek Euskadin garatu dituzten enpresei berei aukera ematen zaie  lan bera atzerrian egiteko eta, hortaz, negoziorako oso aukera interesgarria eskaintzen zaie.

 

Beraz, Basque Country Expertise-k nazioarteko negozio aukerak sortu nahi ditu euskal enpresentzat, batez ere zerbitzu aurreratuen sektorean dihardutenentzat, xedetzat harturik Euskadik eta euskal erakundeek atzerrian duten ospea zabaltzea eta hobetzea. Ekimen horrekin osatu egiten da SPRI Taldearen beste atal batek —Invest in the Basque Country— egiten duen lana. Atal hori atzerriko inbertsioak erakartzeko asmoz sortu zen eta berari esker azken urte eta erdian bost proiektu kokatu dira Euskadin eta 200 lanpostu sortu dira hiru urtean. Invest in the Basque Country sortzean, Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz eratu du atal bat oso-osorik bideratua dagoena atzerriko inbertsioak erakartzera. Atal bat, atzerriko inbertsioak sistematikoki eta profesionalki bilduko dituena, kontuan hartu behar baita orain arte lan hori ez dela egin sistematikoki.

 

Bi ekimen horiek oinarritzat hartzen dute 2009-2013 Enpresa Lehiakortasun Plana, hots, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren jarduera gida, helburutzat duena euskal enpresen nazioartekotzea eta berrikuntza eta iraunkortasuna bultzatzea, iraunkortasuna ulerturik negoziorako egiazko aukera bat bezala. Euskal eredu arrakastatsuak kanpora saltzeko bide bat garapenerako erakunde multilateralak dira, hainbat proiektu sustatu eta finantzatzen dituztenak. Halako bat da Amerika arteko Garapenerako Bankua, urtean 10.000 milioi dolar mugitzen dituena kredituetan eta aholkularitza erosketan ––beste negozio aukera bat euskal enpresentzat.

 

Basque Country Expertise enpresak babestu eta sostengatzeko  ekimen bat da, ez diru-laguntzak banatzeko programa bat, eta ez du asmorik ahaleginak bikoizteko ez eta bere gain hartzeko beste organismo batzuek ––esaterako Merkataritza Ganberek–– euskal enpresen alde egiten duten lana.

 

Montevideoko aurrekaria

 

Aurtengo martxoan, Eusko Jaurlaritzak gonbita jaso zuen Euskadin bizi izan dugun hiri birsorkuntza iraunkorraren esperientzia aurkezteko Amerika arteko Garapenerako Bankuko (BID) gobernadoreek Montevideon (Uruguai) egin zuten urteroko bileran.

 

Testuinguru hartan, Latinoamerika eta Karibeko hiri gorakor eta iraunkorrei buruzko mintegi bat egin zen, non Tomás Orbeak URBE2050 plataforma aurkeztu baitzuen.

 

Harako hartan, Eusko Jaurlaritzak hainbat elkarrizketa izan zituen SPRIren bitartez garapen iraunkorreko prozesuak aurrera eramaten ari diren hirietako agintariekin, besteak beste, Bucaramanga (Kolonbia) eta Santa Anakoekin (Salvador), biek hala biek aukera berriak zabal baititzakete gure enpresentzat. Bestalde, ACLIMA ingurumen klusterreko ordezkaritza bat Rio do Sul eskualdean eta Uruguain izan zen, non euskal erakundeen ordezkaritza batekin elkartu baitzen.

 

Ekimen horiek denak Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren barruan daude, zeinaren helburua baita garapen bidean daude hiriekin eta hiri iraunkorrekin lotutako gaitasunak eta teknologia esportatzea, hala nola gobernantza, hiri garapena, birsorkuntza eta hondakinen kudeaketa, koordinazio publiko-pribatua, eta abar.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk