Euskadiko Herri Administrazioaren eta IBILen arteko lehenengo hitzarmena sinatzea, ibilgailu elektrikoak kargatzeko

Bizkaia

• SPRILUR Taldearen menpeko zentroetan eta Euskadiko Teknologi Elkartegien sarean jarriko dira errekarga-guneak.

• Lehenengoak 2011ko ekainetik aurrera instalatuko dira.

• Euskadin, dagoeneko 10 errekarga-gune publiko daude abian, Eroski supermerkatuetako aparkalekuetan.

SPRIko Azpiegitura Saileko zuzendariorde nagusi Jose Manuel Iturrate Andechagak eta IBIL Gestor de Carga de Vehículo Eléctrico enpresako zuzendari nagusi Enrique Monasterio Beñaranek lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, Euskadiko poligono industrialetan, industrialdeetan eta teknologi elkartegietan ibilgailu elektrikoaren erabilera bultzatu eta ahalbidetzeko.

SPRIko Azpiegitura Sailaren bitartez Euskadiko Herri Administrazioak ibilgailu elektrikoen errekargarako sinatzen duen lehenengo akordioa eta konpromisoa da. 2010-2013 Lehiakortasun Planak zuzenduta eta Europa 2020 Estrategia berrian oinarrituta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Tutismo Saila gauzatzen ari den ekintza-ildoen barruan dago. Gaur egun, IBILek 10 errekarga-gune publiko ditu Eroskiren supermerkatuetako aparkalekuetan instalatuta, eta, era berean, errekargarako terminalak instalatu dizkie zenbait enpresari, aparkaleku pribatuetan. Aurreikuspenen arabera, 2011. urtearen amaieran, IBILek instalatutako 125 errekarga-gune izango ditu Euskadik; kopuru hori, gainera, gorako joango da, erkidego honetan mugikortasun elektrikoa bermatu arte.

Halaber, hitzarmen hau Euskadin ibilgailu elektrikoa sartzeko estrategiaren barruan dago sartuta, eta helburuak dira, batetik, garraioan eraginkortasun energetikoa hobetzea, eta, bestetik, Euskadiko industria-sarean negoziorako aukera berriak bultzatzea. Aipatutako estrategiaren xedea da 2020. urtean Euskadin saldutako ibilgailuen %10 elektrikoak izatea (entxufatzeko moduko hibridoak edo erabatekoak).

Lehenengo akordio honetaz gain, SPRIko Azpiegitura Sailean sartutako sozietateek (SPRILUR, Industrialdeak Sozietateak eta Teknologi Elkartegien Sarea) elkarrekin aztertu eta adostuko dituzte teknologi elkartegien eta elkartegi industrialen azpiegituraren barruan errekarga-guneen kokapenerako lekurik egokienak, eta, era berean, gune horiek instalatzeko egutegia ezarriko dute. Aurreikuspenen arabera, lehenengo errekarga-guneak aurtengo ekainetik aurrera jarriko dira abian.

Errekarga-gune horiek lanleku horietako enpresa eta langileei zein horietako bisitariei emango diete zerbitzu, eta IBILek instalatu, mantendu eta operatuko ditu. IBIL Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta REPSOLek %50ean eratutako enpresa da, eta helburua da Euskadin mugikortasun elektrikoa bermatzeko beharrezkoak diren errekarga-guneen azpiegitura egitea.

Sinatzaileek, era berean, EEErekin eta industria eta teknologia elkartegiekin kolaboratuko dute ibilgailu elektrikoaren sustapenean, lanleku horietan kokatutako enpresek ibilgailu horiek erabil ditzaten ohikoak erabili beharrean.

IBILek, errekarga geldoko guneak ez ezik, karga erdi-azkarra ere instalatuko du hasieratik zenbait gunetan, betiere, hemendik gutxira errekarga mota horrekin merkaturatuko diren ibilgailuei zuzendutako zerbitzua bermatzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk