Euskadiko Orkestrak Schubert jaialdi batekin ekingo dio bere Denboraldi zailenari

Albisteak, Gipuzkoa

Schuberten sinfonia guztien ziklo batekin, Euskal Herrian sekula aurkeztu ez den proposamen batekin, emango dio Euskadiko Orkestrak hasiera irailaren 25etik urriaren 1era ohiko lau hiriburuetan antolakuntza oso zaila izan duen Denboraldi bati, baina musikari dagokionez asmo handikoa ere izango dena

Egungo pandemia-egoerak, eta haren ondorioz kontzertu-egoitza guztietan (Euskalduna, Kursaal, Principal eta Baluarte) edukiera murriztu behar izateak, Denboraldiaren programazioa berrantolatzera behartu dute Euskadiko Orkestra, publiko guztiari sarrera eman ahal izateko. Kontzertu kopurua bikoiztu egin da eta programa bakoitzean egin ohi zituen bost kontzertuen ordez, orain 10 kontzertu egin beharko ditu: 4 Donostian, bi Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Eta hasieran aurreikusitakoez bestelako programa eta formazioekin egingo du. Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak hitz hauekin azaldu du:

“Kontzertu-denboraldi baten hasiera beti izaten da une zoriontsu bat, baita oraingoan ere, ziurgabetasunari eta, beraz, plangintza oro marrazteko zailtasunari lotutako garaietan jarraitzen dugun arren. Lurraldeko orkestra bat gara, eta gogo biziz zeharkatzen dugu gure herrialdea abonatu guztiengana iristeko. Eta esentzia horretan datza, une honetan, gure Denboraldiaren konplexutasuna. Aurtengo programek kasuistika eta ezaugarri desberdinak izango dituzte: egun berean saioak bikoiztuko dira kasu batzuetan, programa bakoitzeko kontzertuen egun kopurua handituko da besteetan, hasiera batean programatutakoez bestelako ordutegiekin eta martxora arte iritsi ahal izan ditugun irtenbideekin. Ondoren, pandemiaren bilakaerak ahalbidetuko digun bidea marrazten jarraituko dugu”.

Horregatik, eta sasoiko programak martxora arte berrantolatu eta Denboraldiaren bigarren zatiari aurre egiteko erabakiak ekaina arte behin-behinean atzeratu ondoren, Oriol Rochek honako mezu hau helarazi nahi dio publikoari: “Egoera horren aurrean, ulermena, pazientzia eta konplizitatea eskatzen dizugu. Segurtasuna eman nahi dizugu, gure auditorioek lan handia egin baitute kontzertuetan seguru egon eta senti gaitezen”.

Schubert jaialdia

Euskadiko Orkestrak ostiral honetan, irailak 25, ekingo die Denboraldi honetako kontzertuei Gasteizen, eta ondorengo egunetan gainontzeko hiriburuetan izango ditu hitzorduak: astelehenean (28) eta asteartean (29) Donostian, asteazkenean (30) Bilbon eta ostegunean (urriak 1) Iruñean. Eta oso modu berezian irekiko du Denboraldia gainera: Schuberten sinfonia guztien ziklo bat interpretatuz, schubertiada edo Schubert jaialdi moduan. Konpositorearen zortzi sinfoniak lehendabizikoz entzun ahal izango dira hain jarraian Euskal Herrian, bost egunetan, saio bikoitzekin, ehun kilometroko itzulinguruan, ohiko lau hiriburuetan. Gasteizen 1., 3., 6. eta 9. sinfoniak entzun ahal izango dira; Donostian guztiak entzungo dituzte bi egunen buruan; Bilbon 2., 4., 5. eta 8.a izango dituzte; eta Iruñean 1., 3., 6. eta 9.a. Euskal Herrian aurrekaririk ez duen musika-maratoi bat eta proposamen bat da, espiritu positibo, kementsu eta alai batekin planteatua eta, aldi berean, pandemia garaian musikak sendatzeko duen ahalmena helaraztea ahalbidetuko duena.

Zentzu horretan, Robert Treviño Euskadiko Orkestraren zuzendari titularrak nabarmendu egin nahi izan du inaugurazio-proiektu honek duen interesa:

“20/21 Denboraldiaren irekiera-programara gonbidatu nahi zaituztet guztioi. Aurten, proiektu berezi batekin hasiko dugu: Schuberten Sinfonien ziklo osoa. Jaialdi hau, proiektu hau, ezin hobea da orkestra honentzat eta baita Euskal Herriarentzat ere une zehatz honetan. Berriro elkartzeko, normaltasunera itzultzeko, kulturari eta arteari berriro heltzeko aukera bat behar dugu. Franz Schubert garai guztietako konpositore handienetako bat da. Bere musika, orkestra moderno baten errepertorioaren muinean txertatua dago. Sinfonia horietako asko ia ahaztuta daude eta oso gutxitan interpretatzen dira. Guretzat, aukera bikaina da orkestra txikiago batekin lan egiteko, gure ikusle guztiak biltzeko eta Franz Schuberten musika Euskal Herri osoan zabaltzeko”.

Erromantizismoa eta askoz gehiago Denboraldiaren gainerakorako

Schubert jaialdiaren ondoren, beste programok izango ditugu: Wagner, Rinat Shaham mezzosopranoarekin; Enigmatikoa, Pablo Ferrandezekin Xostakovitxen biolontxelorako bi kontzertuetan; Aire Nordikoa, Behzod Abduraimov pianistarekin Bartoken 3. pianorako eta Beethovenen 1. pianorako kontzertuetan; Bizirik,  Urquizaren Nire itsas munstroak obraren estreinaldiarekin (Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuko bigarren lana), eta Ruth Reinhardten zuzendaritzapean;  Bidaiak, zeinean Vadim Gluzmanek Prokofieven Biolinerako 2. kontzertua interpretatuko duen, Gemma Newk zuzenduta.  Bidaia musikal honekin guztiarekin batera Schumann, Sibelius eta Dvoraken sinfonia handiak ere izango dira, eta Erromantizismoaren garaian arreta jarri duen Denboraldiari zentzua emango diote.

Hortik aurrera, orkestrak ekaina arteko Denboraldi osoa diseinatuta badu ere, pandemiaren bilakaerak gainerako kontzertuen programa guztien antolaketa berrikustera behartuko du. Denboraldiaren tarte ziurgabe horretan Hans Graf (Euskadiko Orkestrako zuzendari ohia 1994tik 1996ra) eta Anja Bihlmaier zuzendarien bisita jasoko du orkestrak, baita Nikolai Lugansky pianista, Birgit Kolar biolinista eta Manuel Walser baritonoarena ere. Mahler eta Rakhmaninov izango dira martxotik aurrera errepertorioan gehien nabarmenduko diren musikagileak.

Kontzertuen segurtasuna bermatzeko neurriak

Aipatzekoa da kontzertu-aretoek bertaratutako publikoaren segurtasuna bermatzeko egindako lanarekin batera, kontzertu-programak laburragoak eta atsedenik gabekoak izango direla, ikus-entzuleen joan-etorria ahalik eta gehien saihesteko.

Halaber, abonatu-taldeak sortu dira, hiri bakoitzaren edukiera berrantolatzeko eta kontzertuei buruzko gida argi bat jarraitu ahal izateko.

Kontzertuetarako sarreren salmenta Covid-19k ezarritako edukiera murrizketen arabera egongo da eskuragarri, eta kasu bakoitzean saltzeko aukera iragartzen joango da. Garrantzitsua izango da beti euskadikoorkestra.eus orkestraren webgunera jotzea informazio eguneratua lortzeko.

Amaitzeko, eta antolaketa zaileko eta musika arloan asmo handiko Denboraldi honi ekin baino lehen, orkestrak mezu baikor eta indartzaile bat helarazi nahi die bere publikoari eta euskal gizarteari, Robert Treviñoren hitzetan honela zehazten den garai zail hauetan:

“Ongietorria eman nahi dizuet Euskadiko Orkestraren 20/21 Denboraldira. Azken egunotan asko pentsatu dugu etxeak zer esan nahi duen, eta agian konturatu gara etxea ez dela leku bat, pertsonak baizik. Orkestra-musika komunitatean elkartzeko aukera eta lekua da, jendea elkartu eta gizaki egiten gaituen guztia partekatzeko: maitasuna, bizitza, poza, zoriontasuna, emozioa, irudimena, haurtzaroa, zahartzaroa eta askoz gehiago. Hori egiten saiatzen gara Euskadiko Orkestran. Zuekin elkartu nahi dugu komunitate bat eta etxe bat sortzeko, musikan zentratuz, inoiz baino gehiago behar dugulako. Zatozte zuen orkestrara. Espero dut gure kontzertuetan ikustea”.

Partekatu

Beste berri batzuk