Euskadiko Parke Teknologikoen Abanto Campusa abian jarri da, EIC eraikina entregatu baitzaie, dagoeneko, Euskadi trantsizio energetikoan erreferente bilakatzea xede duten enpresa eta proiektuei
Petronor, Tubos Reunidos, Vicinay, AMPO eta Tubacex enpresak izango dira, hasieran, Energy Intelligence Center-en instalazioetan; haietan, 8.000 m2 baino gehiago daude proiektu berritzaileetarako eta ekipamendu aurreraturako, energia garbien eremuan ikerketarako bide emateko.
Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Abantoko Campus berriaren aurkezpen-ekitaldian parte hartu dute; hura funtsezko pieza izango da zenbait proiektu estrategiko garatzeko, hala nola BH2C Hidrogenoaren Euskadiko Korridorea.
Euskadiko Parke Teknologikoek Abanto Campusean 70 milioi euro baino gehiago inbertitu dituzte, eta, inbertsioetan, sarbide berriak, urbanizazioa eta Egoitza eraikinaren eraikuntza sartzen dira.
Abanto Campusa hidrogeno-hornikuntza duen enpresa-espazio bakarra da, Nortegasek dagoeneko gauzatu duen hidroduktoari esker.
Euskadiko Parke Teknologikoen Abanto Campus berria abian da, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak EIC- Energy Intelligence Center eraikina aurkezteko eta hura Petronor, Tubos Reunidos, Vicinay, AMPO eta Tubacex enpresei entregatzeko ekitaldia egin ondoren; astelehenean izan da ekitaldia. Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia izan dira instalazioak Euskadiko trantsizio energetikoaren prozesurako funtsezko azpiegitura bati bizitza emango dioten entitateen ordezkariei entregatzeko ekitaldi sinbolikoko protagonistak.
Topaketan, era berean, honako hauek izan dira: Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Elixabete Etxanobe eta Ainara Basurko foru-diputatuak; Estibaliz Hernáez eta Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen presidentea eta zuzendari nagusia, eta Ezkerraldeko eta Meatzaldeko alkateak, Maite Etxebarria Abantoko alkatea buru izan dela.
Estíbaliz Hernáez presidenteak aurkezpen-ekitaldian esan duenez: “Abanto Campus honen inaugurazioa une garrantzitsua da Bizkaiarentzat eta Euskadirentzat, eta, bereziki, parke teknologikoentzat, ekosistema jasangarriagoak eta eraginkorragoak sortzearen alde eta, kasu zehatz honetan, energia garbien alde egiten duen apustuagatik, kontuan hartuta azken apustu hori Eusko Jaurlaritzak sustatzen dituen RIS3 sektoreetako bat dela”.
Energiarako Bikaintasun Zentroa
Campus berriak 70 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, eta 505.361 m2-ko azalera hartzen du; haietatik, 241.622 m2 eraikigarriak dira. Bilboko Portutik hurbil dagoenez, Petronorren findegiari eta Kantauriko Autobideari (A8) garapenerako eta sinergiak sortzeko aukera handiak eskaintzen dizkie.
EIC – Energy Intelligence Center Egoitza eraikina gaur entregatu zaie enpresei; proiektuaren ageriko lehen pieza da. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatu dute eraikin hori, eta bikaintasun-zentro eta sektore energetikoak ezagutza teknologikoa eta I+G+b proiektuak garatzeko espazio malgu gisa proiektatu da.
18.500 m2-ko azalera du, eta eraikina bi espaziotan banatuta dago. Batetik, Parke Teknologikoaren Egoitza eraikina dago; hura enpresei zuzentzen zaie, alokairu-erregimenean, eta bilera-gelak eta Parkeak kudeatzen dituen elementu komunak ditu. 4.300 m2 ditu, hiru solairutan banatuta, energia garbien sektorearekin lotura duten enpresa-proiektuak hartzeko, nagusiki hidrogenoaren balio-katearekin zerikusia dutenak. Eraikinak, aldi berean, eremu komunen 1.700 m2 baino gehiago ditu: ekitaldi-areto bat, Hall Showroom/erakusketa-eremu bat eta erabilera anitzeko aretoak. Haien bidez, energiaren-hidrogenoaren ekosistemako enpresek beren proiektuak zabaltzeko, prestakuntza emateko edo networkinga egiteko espazioak izan ditzakete.
Bestetik, EIC eraikina dago, hura ere bi espaziotan banatuta: Fullscale eraikina, 2.200 m2-koa, ikerketako eta probetako makinak dituena, eta sektore energetikoko enpresak finkatzeko eraikin bat. Hala, EIC lehiakortasuna sustatzeko eta, garapen teknologikoan eta ezagutzaren sorreran oinarrituta, Euskadiko sektore energetikoaren enpresen nazioarteko lidergoari bide emateko tresna gisa eratu da.
Era berean, erritmo onean doa aurrera bigarren eraikinaren eraikuntza; María Telkes izena du, eguzki-energiaren teknologietan lan egin zuen eta lehen sorgailu termoelektrikoa asmatu zuen emakumezko zientzialari hungariar horren omenez. Eraikin horren bidez, aurrekoa osatuko da; 12.000 metro koadro izango ditu eta, haietan, industria aurreko espazioak izango dira, dimentsio handiagokoak, eta ezaugarri bereziagoak dituzten proiektuak hartzeko gaitasuna izango dute, hala nola Hidrogenoaren Living Lab delakoa.
Abanto Campus berria, gainera, BH2C Hidrogenoaren Euskadiko Korridorea garatzeko espazio estrategiko gisa eratzen da; partzuergo horrek, Hidrogenoaren ekosistema baten sorreraren bidez, aurrera egiten du energiaren, industriaren, egoitzaren eta mugikortasunaren sektoreen deskarbonizazioan. Hori horrela, Abantoko instalazioak hidrogeno berriztagarriarekin elikatuko dira, eta egoitza-inguruneetan hidrogenoaren erabilera erakutsiko duten eraikinak eraikiko dira. Halaber, ‘Mugikortasun Partzela’ bat izango du hidrogeno-estazioarekin, laborategiarekin eta karga- eta zerbitzu-estazioarekin.
Estatuko Lehen Hidroduktoa
Nabarmendu behar da hidrogeno-proiektuak, Abanto Campusekoak, hidrogenoaren kanalizazio bat eraikitzea barne hartzen duela –hidroduktoa–, findegiko 2,5 MW-ko elektrolizagailutik, eta hidrogeno berdea emango duela EICerako, campuseko Petronorren egoitzarako, mugikortasun-soluzio berrietarako eta Hidrogenoaren Living Laberako. Nortegas enpresak eraiki du, eta Estatuan egiten den mota horretako lehen instalazioa da. Petronorren elektrolizatzailea findegian eta Abanto Campusa lotzen ditu, eta bertan finkatzen diren eta hidrogenoa eskatzen duten enpresen zerbitzura egongo da.
Abanto Campusaren inaugurazioarekin, Euskadiko Parke Teknologikoek, dagoeneko, sei kokapen dituzte aktibo (Zamudio/Derio, Leioa, Abanto, Vitoria-Gasteiz, Donostia eta Hernani), eta, laster, Bilboko, Ortuellako eta Hondarribiko campusak ere izango dira. Gaur egin, Parkeek 618 enpresa baino gehiago dituzte Euskadin, eta, haietan, 20.000 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute eta, urtean, 6.000 milioi inguru fakturatzen dituzte.
Abanto Campusaren sorrera, era berean, Parkeek modu antolatuan hazteko egiten duten apustuaren zati bat da; 6 milioi eta erdi metro koadro arteko azalera izango dute, 2024ra arte egingo den 126 milioi euroko inbertsio globalari esker.