Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak eta LHko zentroek Zibersegurtasunaren, Fabrikazio aurreratuaren eta Biozientzien lan-aukerak erakutsiko dizkiete Batxilergoko ikasleei

Albisteak, Bizkaia

Eguna: Asteartea, 2019ko martxoak 12

Tokia: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Teknologia Parkeak

Ikaslanek, Hetelek eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak antolatutako LH-Parke Foroak, enpresa teknologikoetako lanbide-prestakuntzari buruzkoak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Parke Teknologietako puntako enpresetara bisitak eginda lanbide teknikoekiko gazteenen interesa piztu nahi du

Zibersegurtasuna, fabrikazio aurreratua eta biozientziak dira gaur egun hazkunde-itxaropen onena duten sektore ekonomikoetako hiru. Euskadi dagoeneko nazioarteko erreferentzia da arlo horietan. Euskal parke teknologikoak hiru nitxo horietan espezializatu dira pixkanaka, eta enpresek etengabe eskatzen dute talentua horietan. Profil behar horri erantzun ahal izateko, martxoaren 12an, Euskadiko Parkeen Sareak ateak zabalduko dizkie LH-Parkea III. Foroan parte hartuko duten Batxilergoko ikasleei. Foroa Ikaslanek, Hetelek eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak jarri dute martxan.

Azken edizioan deialdiak izan zuen arrakasta errepikatzea espero du Foroak. Izan ere, iaz 800 ikaslek lehen eskutik ezagutu ahal izan zituzten Lanbide Heziketak eta Euskal Parke Teknologikoetan jarduera garatzen duten enpresek eskaintzen dizkieten lan-aukerak eta garapen profesionala. Hain zuzen ere, Bizkaikoa bisitatzen duten ikasleak punta-puntako enpresa teknologiko hauen instalazioetara sartu ahal izango dira, besteak beste: ESS Bilbao, Itelazpi eta Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa, CFAA.

Aeronautikako, ingeniaritzako eta biozientzietako sektoreek, hurrenez hurren, Arabako Parke Teknologikoko enpleguaren % 25, % 20 eta % 12 dute, eta ikasleek aukera izango dute sektore horietan erreferentzia diren enpresa batzuk ezagutzeko, besteak beste: Aernnova, AEG Power Solutions Ibérica, CIC Energigune edo I+Med.

Azkenik, Gipuzkoako Parke Teknologikora joango direnek (aurten 25. urteurrena du gainera), bertan biozientzien sektorean lider diren enpresek egiten dituzten ikerketa aitzindariak ezagutu ahal izango dituzte: VIVEBiotech, ILine Microsystems edo BCBL.

Jardunaldia amaitzeko, hiru parkeetan aldi berean egingo den hitzaldi-programa bat izango da, eta horietan, LHko ikasle ohiek, gaur egun lan-munduan sartutakoak, Lanbide Heziketaren enplegagarritasun handia nabarmenduko dute, 140 titulazio guztiak kontuan hartuta % 86 inguruko batez besteko tasa baitu, baina ziklo industrialetan, ia % 100ekoa da. Azalduko dute, gainera, prestakuntza dualak haien lan-aurreikuspenak nola hobetu zituen (batzuetan unibertsitateko titulazioa lortu ondoren ere bai), baita aurreikuspen ekonomikoak ere.

Ikasketa industrialak dira matrikulazio guztien % 44,4, ikasturte honetan LH aukeratu duten 42.353 euskal ikasleen artean gogokoenak. Zifra hori iazkoa baino % 6,4 altuagoa da, baina oraindik ere ez da nahikoa 2020rako sektoreko enpresek aurrez ikusitako eskaria estaltzeko. Espezialitate industrialetan aurten emakumezko ikasleen kopurua ere handitu da (% 14,6 gehiago), baina oraindik ere guztizkoaren % 10 bakarrik da.

LH-Parke Foroa, aurten hirugarren edizioa duena, Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen 2017-2020 Plan Estrategikoan sartuta dago, eta bere helburuen artean ditu gazteenen artean bokazio zientifiko-teknologikoak ahalbidetzea. Hain zuzen ere, Sarean txertatutako 530 enpresak dira euskal industria-egituraren punta, hain zuzen ere, I+G arloko inbertsio handiari esker (Euskadiko gastu osoaren % 42) eta, batez ere, goi mailako titulazioetan nahiz erdi mailakoetan talentua biltzeko gaitasunagatik.

Bizkaiko Teknologia Parkeko egitaraua

Bizkaiko Teknologia Parkean, jardunaldiko egitaraua topaketa batekin osatuko da; bertan, ikasleek LHko bi ikastetxetako (Bilboko Maristak eta Somorrostroko Lanbide Ikastetxea) ordezkariak entzungo dituzte Euskadin ikas daitezkeen LHko 140 familiek eskaintzen dituzten laneko irtenbide eta prestakuntza-ibilbideak azaltzen.

Global Training beka bati esker Portugalen dagoen ikasle bat ere entzun ahal izango dute. Aitziber Ruizek beka hau lotu ahal izan du, Erasmus programari esker, Lisboako lan-zentro batean prestakuntza-aldia egitea ahalbidetu zionarekin. Hala, Sestaoko Saturnino de la Peña Institutuan Animazio Soziokulturala eta Turistikoa ikasi ostean, Lisboako Centro Social da Musgueiran hasi ahal izan zen jarduera garatzen eta bertan jarraitzen du oraindik.

Gainera, Vicent Molina gazteak azalduko die nola erabaki zuen lorazaintzako bere enpresa sortzea Urratsbat programaren bidez. Programa horren helburua da ekintzailetza-espiritua duten LHko ikasleei laguntzea hain zuzen ere negozio propioa abian jartzeko lehen urratsetan. Molinak azalduko du nola lagundu ahal izan dien Lorategiko eta Lorezaintzako erdi mailako zikloko ikasketek eta baso-aprobetxamenduetako profesionaltasun-ziurtagiriak lehiatik bereizteko eta sektorean zerbitzu berritzailea eskaintzeko.

BISITA BIZKAIKO TEKNOLOGIA PARKEKO ENPRESETARA

Foroa osatzeko, ikasleek Bizkaiko Teknologia Parkean dauden enpresa batzuk bisitatuko dituzte: CFAA, ESS Bilbao, Gaiker, Ingeteam, Itelazpi, Tecnalia, ZIV, Fanox, BIC Bizkaia eta Aberekin, besteak beste.

Bisitaldi horietan, ikasleek arlo profesional espezifiko batek eskaintzen dituen aukerak eta eskakizunak ezagutzeko eta enpresa teknologikoen funtzionamendua modu orokorrean ikusteko aukera izango dute. Horren bidez, zentzuzko elementuak eskainiko zaizkie beren etorkizunerako horren garrantzitsua den erabakia hartu ahal izateko: ikasketak hautatzea, alegia.

Programa FP-Parke Bizkaia

Informazio gehiago eta elkarrizketak: prentsa@parke.eus

Partekatu

Beste berri batzuk