Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak lankidetza-hitzarmena sinatu du Advanced Factoriesekin
Martxoaren 29tik 31ra Bartzelonan ospatzen den Advanced Factories ekitaldi liderra da Europa hegoaldean industria-automatizazioan, robotikan eta adimen artifizialean
Ekitaldiak, Industry Startup Forumaren, industria-sektorerako proiektu eta soluzio disruptiboenak dituzten startup-en arteko lehiaketaren, beste edizio bat hartuko du
Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak lankidetza-hitzarmena sinatu du Europako hegoaldean automatizazio industrialean, robotikan eta adimen artifizialean liderra den eta Bartzelonako Nazioarteko Konbentzioen Zentroan martxoaren 29tik 31ra bitartean egingo den Advanced Factories ekitaldiarekin.
Lortutako akordioaren barruan, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak Premium VIP Pass gonbidapen-paketea du, eta % 50eko deskontuak Business Pass sarreretan, ekitaldian parte hartu nahi duten Parke Sareko enpresentzat (interesatuak jarri harremanetan dnm@parke.eus helbidearen bitartez).
Ekimena Parke Sareak bere enpresei topaguneak sortuz eskaintzen dizkien zerbitzuen katalogoaren parte da, erakundeei beste enpresa eta funtsezko eragile batzuekin negozioa garatzeko harremanak izaten laguntzeko. Advanced Factoriesekin sinatutako akordioa Sareko campusetan lan egiten duten enpresa eta profesional guztientzako zerbitzua da, berrikuntza-gaitasunak indartzeko eta sareak eta kontaktuak eraikitzen laguntzeko.
Erakusketa-gunean, automatizazio industrial, robotika, instalazio industrialak kudeatzeko software, cloud industrial, digital twin, machine learning, zibersegurtasun, big data, IoT, adimen artifizial edo VR/AR arloetako azken berrikuntzak, eta 4.0 Industriatik sortzen diren eta industria-lehiakortasunaren hobekuntza, negozio-eredu berriak, produkzio-prozesu berriak eta bezero-esperientzia berriak bultzatzen ari diren teknologia guztiak bilduko dira.
Advanced Factoriesek Industry 4.0 Congress biltzarra ere hartuko du, berrikuntza industrialari buruzko Europako kongresu handiena. Kongresu horretan, nazioarteko lehen mailako adituek negozio-eredu berriak ezartzeko eta industria aurreratuaren eta digitalaren inguruko joera teknologiko puntakoenetan sakontzeko gakoak emango dituzte.
Industriak ingurumenean duen eragina eta 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) heltzeko estrategiak eta ekintzak izango dira Advanced Factories 2022 programaren gai nagusietakoa. Hainbat industria-sektoretako 280 profesionalek baino gehiagok azalduko dituzte jasangarritasunaren erronkari aurre egiteko ekintza-planak, Industry 4.0 Congress-en agendaren parte handi bat ardatz izango duen zeharkako gaian.
Industry Startup Forum, startup berritzaileenentzako lehiaketa
Advanced Factoriesek, halaber, industria-sektorea eraldatzeko gai diren proiektu disruptiboenak dituzten startup berritzaileenak bilduko ditu, Industry Startup Forumaren beste edizio batean. Lehiaketa horretan, ekintzaileek euren proiektuak eta soluzioak aurkeztuko dituzte sektoreko enpresa-liderren, partner potentzialen eta inbertitzaileen aurrean.
Industria-sektoreak bere produkzio-prozesuak automatizatzeko eta teknologia berrien aldeko apustua egiteko erronkari egin behar dio aurre, deslokalizazioari lotutako arriskuak murrizteko eta ekoizpen eraginkorragoa lortzeko. Horrez gain, 0 km ekoizpena bultzatu behar du, industria jasangarriagorantz aurrera egiteko. Egoera horren aurrean, konpainia handiek startup-etatik datozen berrikuntza disruptiboko iturriak behar dituzte balio-proposamen berriak eskaini eta aurrean dituzten erronkei aurre egin ahal izateko.
Industry Startup Forumek, soluzioen eta teknologien bitartez industriak aurrean dituen erronkei aurre egiten lagun dezaketen startupak bilatzen ditu. Automatizazioan, konektibitatean, datuen analitikan edo industria-sinbiosian soluzio berritzaileak dituzten enpresa, ekintzaile edo zentro teknologikoek aurkeztu dute Industry Startup Forumerako hautagaitza. Hautatuek datorren martxoaren 30ean izango dute euren proiektua Advanced Factories-en aurkezteko aukera.
Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko hiru startup izan dira aukeratuak aurtengo edizioan, Industry Startup Forumeko Pitch-ean euren proiektu berritzaileak aurkez ditzaten. Horietako bi Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean daude, RMS (Remote Monitoring Sistems) eta Wimbi Technologies, eta batek –Inalia– Arabako Teknologia Parkean du egoitza.
RMSk (Remote Monitoring Sistems) ii40_Connect eskaintzen du, industria-ekipoen funtzionamendua eta osasun-egoera denbora errealean gainbegiratzeko soluzio osoa, eta serbitizazio estrategiaren barruan saldu ondoko zerbitzu digitalak emateko tresna teknologikoak eskaintzen dizkie fabrikatzaileei.
Wimbitek, Internet of Thingsen paradigmari jarraituz monitorizazio eta telemetria sistemak sortzen dituen IKT sektoreko startup-a da. Bere ikuspegi berritzailea algoritmo propioak erabiltzean datza, haririk gabeko sentsore-sareetako akatsekiko tolerantzia handiagoa bermatzeko.
Inalia, mekanika, instrumentazioa eta datuen analisia barne hartzen dituen gaitasun teknologiko handiko diziplina anitzeko taldea duen ingeniaritza enpresa da.