Euskadiko «Stop fuga de cerebros» beka, Biodonostiako ikertzaile batentzat

Gipuzkoa

Gipuzkoa Zientzia eta Teknologia Parkean Biodeonostiaren egoitzan, ‘Stop Fuga de Cerebros’ beka emateko ekitaldia egin da. Roche Farmak abian jarri duen ekimen horren helburua euren proiektuak garatzeko baliabide falta dela-eta herrialdetik irten behar duten ikertzaileen talentuari eustea da.

Aurten, beka hori Estefanía Carrascok lortu du, eta bere ikerketa-proiektuarekin aurrera jarraitu ahalko du Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan.

20180510_Estefanía-Carrasco_2-300x239Ikerketa Institutuko zuzendari zientifiko Julio Arrizabalagak aurkeztu duen ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek eta Roche Farma Españako zuzendari mediko Annarita Gabriele-k parte hartu dute. Gainera, Osasun Saileko eta Osakidetzako arduradun gorenak egon dira, bai eta proiektuaren ebaluazio batzordeko kideak eta klinika arloko nahiz ikerketa arloko hainbat osasun-profesional ere.

Estefanía Carrascok bere proiektua,«Urdaileko minbizian sox1-en funtzioa zehaztea» izenburu duena, onkologia zelularreko ikerketa-taldean garatuko du. Talde horretako burua Ander Matheu da, Biodonostia Institutua barnean hartzen duen Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioko ikertzailea. Talde zabal batekin batera, ikertzaileak «zahartze- eta minbizi-prozesuetan zelula amen deserregulazioa eragiten duten mekanismo molekularrak aztertzen ditu, batik bat digestio-sistemako minbizietan, adibidez urdaileko minbizian».

Carrasco doktoreak doktorego osteko 18 hilabeteko kontratua lortu du, Euskal Autonomia Erkidegoko lehia bidezko deialdi baten bitartez. Horrela, urtean 700.000 heriotza eragiten dituen urdaileko minbiziari buruzko proiektu hori egin ahal izango du. Helburu nagusia mota horretako minbizian zelula amak erregulatzen dituen gene baten funtzioa zehaztea da; eta azken xedea, berriz, gaixotasunaren diagnostikoa aurreratzea eta tratamendua hobetzea da, hala pazienteen biziraupen-aukera luzatuko delakoan.

Deialdian, ebaluazio-taldearen iritziz, hautagaiaren curriculum arloko merituak baloratu dira, eta horiez gain proposatutako proiektuaren kalitatea eta ikerketa-taldearen ezaugarriak (taldeko buruaren ekoizpen zientifikoa, finantzatutako proiektuak eta abar).

Beka entregatu ostean, saritutako ikertzaileak zera esan du: «beka hau oso positiboa da, horri esker ikerketa hau Euskadin egiten jarraitu ahal izango baitugu. Ikertzaileok gure denboraren zati handi bat gure proiektuetarako finantzaketa bilatzen eman behar izaten dugu, eta finantzaketarik aurkitu ezean, azkenean erabaki egin behar dugu, bertan behera utzi ala beste herrialde batzuetara joan».

Estefanía Carrasco oraingo lanpostu honetan 2012an sartu zen; lehenago, Biokimikan lizentziatu zen Elxeko Miguel Hernández Unibertsitatean (Alacant) eta doktoregoa Biologia Molekular eta Zelularreko Institutuan (IBMC) (Elx, Alacant) egin zuen. Bertan, tumore kimioerresistenteetarako (glioblastoma multiformea) terapia alternatiboak ikertu zituen.

Orain arte 23 ikerketa-proiektutan parte hartu du, horietako 8 nazioartekoak (AICR, Marie Curie Esparru Programa eta abar), eta ikerketa-proiektu propio baten zuzendari izan da, oinarrizko ikertzaileek eta ikertzaile klinikoek osatutako diziplina anitzeko talde bateko ikertzaile nagusi gisa. Bere curriculuma 32 argitalpen zientifikok osatzen dute (20 artikulu aldizkari zientifikoetan, 6 berrikuspen, editorial bat eta hainbat liburutako 5 kapitulu), tartean eragin handiko aldizkari zientifikoetan (adibidez Cancer Research, AJCR edo Scientific Reports) argitaratutako artikulu batzuk. Gainera, bi patente asmatu ditu beste hainbat pertsonarekin batera.

Partekatu

Beste berri batzuk