Euskadiko Teknologia Parkeek 2014an lortutako jarduera-zifrek susperraldia berretsi dute

Gipuzkoa

  • Magnitudeak nabarmen hobetu dira 2013koekin alderatuta.
  • Euskadiko hiru parkeetan kokatutako enpresa handiak dira gorakadaren liderrak.
  • 2014an, 32 enpresa berri kokatu ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Teknologia Parkeetan.
  • Hauxe da Teknologia Parkeen jardueraren eragina, 2014an: BPGd-aren gainean, %5; enpleguaren gainean, %4,70, eta bildutakoaren gainean, %5,3.

Edificio CentralArabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Teknologia Parkeek bertan kokatutako enpresei –2014an 402 ziren– urtero egiten dieten inkestatik abiatuta hainbat eremu aztertu dira, non hobekuntza nabaria ikusten den.

Oro har, datuak aurreko ekitaldikoak baino hobeak izan dira. Azpimarratzekoa da I+G+B arloan (%15) gastuak izandako igoera, konfiantzarengan eta etorkizunarengan dagoen fedearen isla baitira, 475 milioi euroko inbertsioarekin.

Enpresen fakturazio globala ere aurreko ekitaldikoa baino nabarmen handiagoa izan da, alegia, 3.868 milioi eurokoa. Ondorioz, %8,6 igo da 2013rekin alderatuta.

Bestalde, enpleguak gora egin du 2014an. Krisialdiko urterik gogorrenen aurrean, Teknologia Parkeak sendo agertu ziren enpleguari dagokionez: ez zen lanposturik galdu, nahiz eta lan-ingurua negatiboa izan. Horrez gain, iazko ekitaldian 14.926 langile zeuden guztira –hau da, %5,5 gehiago 2013arekin alderatuta– eta horietatik 4.496 I+G+Bn esklusiboki ziharduen.

“Handien” lidergoa

Datuak agregatuak diren arren, aipatzekoa da, batez ere, enpresa handiak izan direla hobekuntzaren buru. Egungo egoeratik irteteko “eragileak” direla berretsi da, beraz.

Aipatutako enpresen datuen arabera, euren jarduera-emaitzak eta enplegua suspertzeko emaitzak gainontzekoenak baino askoz hobeak dira. Hortaz, euren enpresa-inguruan ere eragina izatea aurreikus daiteke.

Enpresen sorrera

Ekintzailetza eta enpresen sorreraren arloaren ibilbidea ere arrakastatsua izan zen iaz, hiru parkeen artean, guztira, 32 enpresa berri sortu ziren-eta. Inguru teknologikoetan bertan dauden “sehasketan” jaio dira enpresa berrietako asko.

Horrenbestez, panorama ekonomiko berriak konfiantzari ireki dizkio ateak eta aldez aurretik zeuden ideiak egi bihurtu dira.

Eragin garrantzitsua euskal barne-produktu gordinean

Hiru parkeetan gauzatutako jarduera garrantzitsua da berez. Hala, dibertsifikazioak, masa kritiko ikertzailearen sorrerak, berrikuntzaren aldeko babesak eta lortu nahi diren beste ondorio ezagun batzuek eragin handia dute euskal ekonomian; hau da, maila makroekonomikoan esanguratsuak diren zifrak lortu dira. Horrela, EAEko barne-produktu gordinaren %5ekoa da Parkeetan kokatzen diren enpresen fakturazioa.

Sektorizazioa

2014an enpresek fakturatu dutena kontuan hartuta, informazioaren teknologien sektoreak (IKT) dira buru; ondoren, elektronika, I+G+B, aeronautika eta goraka ari den biozientzien sektorea daude.

Hiru Parkeetan diharduten 14.926 langileak ez ezik, 3.500 behargin ere ari dira laguntzako “kanpo-zerbitzuak” eskaintzen. Horiei Euskadiko enpleguaren %4,70 dagokie.

Era berean, jarduera ekonomikoari esker, administrazioek diru-sarrera esanguratsuak izan dituzte. Batetik, zerga-bilketen bidez, hala nola PFEZa eta sozietateen gaineko zerga. Bestetik, OHZren eta ekonomia-jardueren gaineko zergaren bidez, eragin zuzena baitute Parkeak kokatuta dauden udalerrietan (Vitoria-Gasteiz, Derio, Zamudio, Donostia, Eibar, Hernani eta Leioa).

Balorazioa

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidente José Miguel Corresen arabera, “ekitaldia positiboa izan da, etortzeke dagoenaren bezperetan”. Corresek baieztatu duenez, “susperraldi-zantzuak agerian daude; inkestatutako zifra guztiak positiboak dira, baina kolektibo osora hedatu beharrekoak. Orain hautematen den klimarekin adierazleak hobetu egin dira, baita itxaropenak, pertzepzioa eta konfiantza ere”.

Gure industria-ehun dinamikoan –gaineratu du presidenteak– horren ondorio dira “interes-adierazpenak”, ezarpenak, enpresak handitzea, etab.

Azkenik, 2015eko lehen hiruhilekoaren zantzuek joera hori baieztatu egin dute, enpresak ezartzen jarraituz doaz eta, jada daudenetan, hedapen-planek gorantz egin dute.

Partekatu

Beste berri batzuk