Euskadiko Teknologia Parkeek antolatutako “Kudeaketa gaitasunak eta taldeen motibazioa” jardunaldi-zikloari amaiera eman zaio
Deusto Business School, Deusto Alumni eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen artean sinatutako hitzarmenaren esparruan, “Kudeaketa gaitasunak eta taldeen motibazioa” jardunaldiak egin dira aste honetan, parte-hartzaile kopuru arrakastatsuarekin.
Irailaren 24an eta 25ean, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean eta Arabako Teknologia Parkean, hurrenez hurren, “Profil teknikoetarako kudeaketa gaitasunak hobetzea“ jardunaldiari ekin zitzaion. Bertan, teknikari baten zereginak eta taldeko buru edo arloko kudeatzaile batek dituen zereginak bereizteko oinarriak finkatu ziren. Halaber, arreta berezia jarri zen profil teknikoak mailaz igotzen dituzten kasuetan; izan ere, goragoko karguak bete behar dituztenez, pertsona taldea gidatu behar baitute eta emaitzen kontua eman.
Bestalde, gaur, ostirala, zikloaren azken jardunaldia egin da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean: “Agertoki berriaren aurrean taldeak motibatzea”. Taldeak ilusioari eutsi diezaion beharrezkoak diren giza-motibazioen gakoak sakonki aztertu dira. Hala, enpresaren eta langilearen arteko helburu komunak bilatzerakoan, jarduerak hobeto gauzatu ez ezik, emaitza hobeak ere lortzen dira.
Jardunaldi guztietan, lehenengo zati teorikoaren ondoren, zati praktikoa egon da, non partaideek eguneroko egoeretan ikusi dituzten euren buruak, zailtasunei zelan aurre egiten ikasteko.
Jardunaldien gidaria Jon Segovia izan da, Enpresen Antolakuntzan doktorea (Euskal Herriko Unibertsitatea), MBA (Nafarroako Unibertsitateko IESE) eta coach-a (Coaching Eskola Europarra).