Euskadiren bultzada nanoteknologiari

Gipuzkoa

  • Abian da Imaginenano 2015, nanozientzia eta nanoteknologiako Europako topaketa handiena. Eusko Jaurlaritzaren Teknologia zuzendari Leire Bilbaok azpimarratu egin du Euskadik laguntza publikoa eman diola 2008tik hona hiru aldiz enpresa gehiago dituen sektore bati.
  • Phantoms-ek, Euskadin hirugarren aldiz jarraian egingo den azoka hori antolatzen duen fundazioak, nabarmendu egin du sektore horretan Euskadi egiten ari den ahalegina, esanez badirela Euskadin “oso ondo ari diren puntako zentroak”.
  • Milatik gora bisitarik hartuko dute parte Barakaldoko BEC-en ostiralera arte luzatuko den ekitaldian.

stand imaginenano“Eusko Jaurlaritza ematen ari den bultzada gogorra lagungarri gerta daiteke teknologia horiek industria sarean txertatzeko.  2008tik hona hirukoiztu egin da nanoteknologia sektore gorakorreko enpresa eta spinoff-en kopurua”, esan du astearte honetan Leire Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategia zuzendariak. Nanozientzia eta nanoteknologia arloko Europako bilera handienetako baten inaugurazioan izan da Leire Bilbao, Imaginenano 2015 topaketan alegia.  Imaginenano Barakaldoko Bilbao Exhitibion Centre/BEC-en egingo da martxoaren 13ra arte eta milatik gora bisitari erakarriko ditu.

Teknologiako zuzendariak esan duenez, sektore hori “esparru gorakorra” da eta hala agintari publikoen nola teknologia zentroen babesa dauka. “Gauza ona da Euskadik arlo horretan I+G+b-a bultzatzea eta guri merkatuetara ateratzen laguntzea”, esan du Leire Bilbaok ekitaldia kazetariei aurkeztean.

Antonio Correia, azoka antolatzen duen Phantoms fundazioaren presidenteak txalotu egin du Euskadi nanoteknologiaren esparruan egiten ari den ahalegina, esanez badirela Euskadin “oso ondo ari diren puntako zentroak”, baina faltan bota du Estatuko gainerako lekuetan halako babesik ez egotea. “NanoSpain hobeto ezagutzen dute Espainiatik kanpo barruan baino.”  Correia orobat kexu agertu da ikerlari espainiarrak honelako topaketetara erakartzeko zailtasunengatik.  “Krisiak ikerketa kolpatzen jarraitzen du”. Halere, pozik agertu da milatik gora bisitari hurbilduko direlako Imaginenano-ra, non ostiralera arte ehundik gora hizlari arituko diren hizpide hartuz nano unibertsoa delakoa:  grafenoa, biloteknologia, fotonika, optika, kimika.

Azokak ehundik gora stand ditu eta industria foru bat antolatu da teknologia berritzaileenak aurkezteko, jakintza trukatzeko eta harremanetan jartzeko I+G proiektuetako balizko bazkideekin. Brokerage event bat ere antolatu da, teknologia garatzen dutenen eta erabiltzaileen arteko topaketak bultzatzeko.

Hirugarren aldiz jarraian egiten da Euskadin Imaginenano, urte birik behin egiten den azoka eta arrakasta ederra bildu zuena 2011ko eta 2013ko edizioetan. Azoka horrek konfirmatu egiten du Eusko Jaurlaritzaren apustu estrategikoa, apustu horren xedea delarik Euskadi nanozientzien eta nanoteknolgien mapa globalean kokatzea. Apustu hori 2008an hasi zen nanoBasque Estrategia definitu zenean, eta bere helburua da enpresen garapena sustatzea mikro eta nanoteknologiak txertatuz Euskadiko sektore industrial guztietan.

Izan ere, mikro eta nanoteknologiak teknologia bideratzaile gisa identifikatu dira espezializazio adimenduneko Euskadi RIS3 estrategian, eta  200dik gora euskal enpresak dagoeneko integratu dituzte teknologia horiek –batzuek beste batzuk baino gehiago- beren produktu/prozesuetan.

NanoBasque Agentziak koordinatutako 175 m²ko pabilioiak kokaleku estrategikoa eskaintzen die nanozientzien eta mikro eta nanoteknologien esparruetan lan egiten duten euskal enpresa eta eragileei; pabilioi horretan aukera dute beren eskaintza erakusteko eta eduki teknologiko handiko merkatuetara zuzendutako beren proiektu berritzaileak ezagutarazteko.

7 euskal enpresa eta Ikerketa eta Garapen Teknologikoko Zentroak (CIC nanogune, CIC microgune, CIC biomagune, CIC energigune, Tecnalia, IK4, DIPC eta CFM) elkartuko dira espazio horretan beren produktu eta teknologiak erakusteko.

Graphenea enpresak goi-mailako kalitateko grafeno tipologiak erakutsiko ditu, Nokia, Philips, Nissan eta Canon bezalako enpresei eta 40tik gora herrialdetako multinazional handiei saltzen dizkienak. C-technano-k eta Simune-k, CIC nanoGUNE zentroko spin off-ek, estalki nanoteknologikoen arloko konponbideak eta simulazio atomikoko zerbitzuak eskainiko dituzte. Praxis Pharmaceutical enpresak intzidentzia baxuko adierazle umezurtzen tratamenduan espezializatutako produktu farmazeutikoak garatzen, fabrikatzen (hirugarrenentzat) eta merkaturatzen ditu, eta nano-farmakoen eremuan egin dituen azken garapenak aurkeztuko ditu. Sensia-k grafenozko lehenengo biosentsoreak aurkeztuko ditu, zeintzuen bidez muturreko sentsibilitateak lortzen baitira SPR delakoen merkatuan. Sensia euskal enpresak SPRn (gainazaleko plasmoien erresonantzia) oinarritutako Instrumentazio Analitikoa egiten du bizitza zientziekin eta ingurumen neurketekin lan egiten duten laborategientzat eta lider teknologikoa da arlo horretan.

Sisteplant-ek, ingeniaritza industrialeko zerbitzuak eskaintzen dituen enpresak, bere jarduera eta zerbitzuak aurkeztuko dizkie produkzio prozesuetan nanomaterialak erabiltzen dituzten enpresei eta, azkenik, denetan berrienak, Nanoinmag izenekoak, hemendik gutxira ekoitziko dituen nanopartikula inorganiko, polimeriko eta magnetikoak aurkeztuko ditu, zeintzuk hainbat sektore industrialetan erabili ahal izango baitira, hala nola automozioan, energian, makina-erremintan, eraikuntzan, e.a.

Partekatu

Beste berri batzuk