Euskal enpresek aukera izango dute Txekiar Errepublikako negozio aukerak ezagutzeko

Gipuzkoa

–       Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailak, bere enpresa garapenerako agentziaren bitartez (SPRI), jardunaldi bat antolatu du datorren martxoaren 5ean, nazioartekotze aukerak, pizgarriak edo alderdi legalak azaltzeko.

–       Euskal kapitaldun 48 enpresa daude ezarrita Txekiar Errepublikan, autoen per capita ekoizpen handiena duen munduko bigarren herrialdean.

–       Enpresek aukera izango dute banan-banako elkarrizketak hitzartzeko jardunaldiko hizlariekin.

Grupo-SPRI+GV-640x163Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailak, bere enpresa garapenerako agentziaren bitartez (SPRI), jardunaldi bat antolatu du datorren martxoaren 5ean, euskal enpresek Txekiar Errepublikan dituzten negozio aukerak aztertzeko. Txekiar Errepublika da autoen per capita ekoizpen handiena duen munduko bigarren herrialdea. Jardunaldi horretan hainbat giltzarri emango dira nazioartekotzeko enpresa aukerei, pizgarriei eta alderdi legalei buruz. Eta Txekian ezarrita dauden hainbat enpresaren adibideak azalduko dira.

Txekiar Errepublikak indar handia du industria arloan, batez ere sektore hauetan: makina-erreminta, ekipo ondasunak, automozioa, elektroteknika, burdinbideak, aeronautika, kimika eta siderurgia.  Bere industriaren tamaina herrialdea berarena baino askoz ere handiagoa da. Kokaleku estrategikoa dauka (Alemania, Austria, Polonia eta Eslovakia artean) eta hornitzaileen eta eskola teknikoen sare trinko bat ere bai. Hala, lehentasunezko jomuga bihurtu da atzerriko produkzio ezarpenentzat. Horrezaz gain, eros-ahalmen handia eta merkatu heldua duenez, luxuzko produktu, arropa edo delicatessen hornitzaileentzat plataforma egokia da Ekialdeko Europan.

Azkenaldian nabari da atzerriko inbertsioak hazi egin direla, batez ere automozioaren sektorean. Txekiar Errepublika da munduko bigarren herrialdea, Eslovakiaren ondoren, auto gehien ekoizten dituena per capita. Bi herrialde horiek, tradizionalki merkatu bakartzat hartu direnak, 2 milioi auto ekoizten dituzte urtero. Euskal kapitaldun 48 enpresa daude ezarrita bertan eta merkatu horretarako euskal esportazioak 361,8 milioi eurokoak dira (Euskaditik Txinarako esportazioak 493,5 milioikoak dira, Mexikorakoak 424,9 milioikoak, Errusiarakoak 199,9 milioikoak eta Indiarakoak 162,1 milioikoak).

Txekiako merkatua une honetan ez dago saturatuta, eta beraz euskal enpresek balizko bezeroak aurki ditzakete hainbat sektoretan. Txekian eta inguruko herrialdeetan ezarrita dauden multinazional aleman, japoniar edo korearrengana jo dezakete eta baita ere une honetan hedatzen ari diren tokiko enpresa taldeengana. Europa erdigunean dagoenez, Txekiako atzerriko ezarpen askok handik hornitzen dituzte Alemanian, Austrian eta Europa Ekialdean dituzten bezeroak.

Jardunaldiari hasiera emateko, Tomás Buchtele-k, SPRIk Txekiar Errepublikan eta Eslovakian duen bulegoko zuzendariak aurkezpen bat egingo du. Hizlari bezala parte hartuko dute baita ere Marketa Tomková-k, Inbertitzeko Pizgarrientzako Finantza Laguntzen administratzaileak, Jakub Lichnovský-k, Atzerriko Inbertsioen Elkarteko kideak eta, besteak beste, Kepa Bastida Sasiainek, Lana Taldeko zuzendari kudeatzaileak.

SPRIk aukera ematen die interesaturik dauden enpresei banan-banako bilerak egiteko hizlariekin, eta bilera horiek  www.spri.eus web orriaren bidez hitzartu daitezke.

 

Partekatu

Beste berri batzuk