Euskal enpresek zerga hobariak aplikatu ahal izango dituzte beren I+G+B-ko proiektuetan, hiru Foru Aldundietako Ogasun Sailek eta SPRIk lortutako erakunde arteko konpromisoari esker

Bizkaia

Euskal enpresek SPRIri eska diezaiokete igor ditzala garatzen ari diren I+G+B-ko proiektuei buruzko Kalifikazio Txosten Teknikoak. SPRIk bidalitako txosten horrekin, enpresentzat errazagoa izango da euskal foru ogasunetan kontzeptu horregatik eskainitako kenkari fiskalak aplikatzea, izan ere txostena loteslea izango baita Zerga Administrazioarentzat jarduera jakin bat ikerketa, garapen edo berrikuntza arloko jarduera bezala kalifikatzeko orduan.
Prozedura hori erakunde arteko konpromiso baten emaitza da, zeina 2009ko apirilaren 29an sinatu baitzuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Ogasun Sailek eta SPRIk.

Aipatu txostena eskatzeko prozesua irekita dago eta indarrean egongo da 2009ko abenduaren 31ra arte. SPRIko web orriaren bitartez Eusko Jaurlaritzako Industria eta Berrikuntza Sailaren I+G programetako laguntzen onuradun izateko aurkeztu diren proiektuek (1.400 proiektu gutxi gorabehera), zuzenean jasoko dute beren txostena. Txosten Teknikoa jaso nahi duten gainerako enpresek www.spri.net web orriaren bidez eskatu beharko dute. Abenduaren 31a baino lehen aurkeztutako proiektuek 2010eko lehen seihilekoan zehar jasoko dute beren balorazioa, txostena eskura izan dezaten Sozietateen gaineko Zerga aurkezteko epea amaitu baino lehen.

Ebaluaketa eta ondorengo txostena SPRIk euskal enpresei eskaintzen dizkien doako zerbitzuak dira. SPRIren eta foru erakundeen helburua da euskal enpresetan ikerketa, garapen eta berrikuntza jarduerak sustatu, bultzatu eta indartzea.

Partekatu

Beste berri batzuk