Zilina eskualde eslovakiarreko ordezkaritza bat Euskadin izan da

Bizkaia

Zilina (Eslovakia) eskualdeko ordezkaritza bat, Ing. Juraj Blanár Zilinako Eskualde Autonomoko gobernatzailea buru duela, Euskadin izan da irailaren 7an eta 8an. Bisita antolatzeko, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SPRIren laguntza izan dute. 8 laguneko ordezkaritzaren barruan dago Andrej Hrnčiar jauna ere, Martin hiriko alkatea.

Bisitak helburu bat baino gehiago dauzka: batetik, eslovakiarrek lehen eskutik ezagutuko dute Euskadiko industria eraldaketaren esperientzia eta, bestetik, Zilina eskualdea eta hark euskal enpresa zein erakundeentzat eskaintzen dituen aukerak aurkeztuko dizkigute, merkataritza trukea eta negozio aukerak handitzeko.

Zilina eskualdeak 700.000 biztanle dauzka eta azken urteetan hazkunde ekonomiko handia izan du, batez ere automozioaren sektoreak izandako zabalkuntzari esker. Izan ere, han ezarri dira KIA MOTORS SLOVAKIA, HYUNDAI MOBIS, WOKSWAGEN SLOVAKIA eta automozioaren sektore laguntzaileko enpresa batzuk. Telekomunikazioak, papera, elikadura eta beste hainbat sektorek ere garrantzi handia dute Eslovakiako eskualde horretan.

Euskadin egindako egonaldian zehar, ordezkaritzak Zamudioko Teknologi Parkea eta Boroako AIC (Automotive Intelligence Center) bisitatu ditu eta elkarrizketa instituzionalak izan ditu Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko ordezkariekin eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintza Bulegoko arduradunekin. Halaber, Eslovakian eta zehazkiago Zilinan interesak dauzkaten hainbat sektoretako enpresa ugarirekin bildu dira. Euskadira egindako bisitaren ondoren, ordezkaritza Madrilera joango da Industria eta Merkataritza Ministerioarekin eta Espainiako beste enpresa batzuekin elkarrizketatzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk