Euskaltelek Gorakide bereizgarria jaso du, adimen-desgaitasuna duten pertsonekin erakutsitako konpromisoagatik

Albisteak, Bizkaia

Euskaltelek Gorakide saria jaso du, Gorabide elkartearen eskutik, telekomunikazio-operadoreak desgaitasun intelektuala duten pertsonekin erakutsitako konpromisoagatik, elkartearen Pertsona Hurbilerrazak programan parte hartu baitu

Sariak Euskaltelen egindako trebakuntza-saioen garrantzia erakusten du: izan ere, konpainiako zenbait pertsonak sentsibilizazio-saio interaktiboetan parte hartu dute, desgaitasun intelektuala duten pertsonekiko jarrera eta interakzio positiboak sustatzen laguntzeko. Saio horiek Euskaltelen Derioko egoitzan egin ziren, desgaitasun intelektuala duten pertsonekin batera osatutako taldeetan, eta kolektibo horretako pertsonen behar askotarikoak ulertzen laguntzeko neurriak proposatu zituzten elkarteko kideek.

Gorakide bereizgarria Bizkaiko erakunde eta partikularrei zuzendua dago, hain zuzen ere desgaitasun intelektualeko sektorearekin zerikusi zuzenik ez duten baina kolektibo horren gizarteratze erabatekoa lortzen ahalegindu diren erakunde eta partikularrei, nahiz erakundeok ez egon elkartearen funtzioekin edo xedearekin lotuta. Helburua bikoitza da: konpromiso hori aintzatestea eta desgaitasun intelektuala duten pertsonekiko jarrera positiboagoa sustatzea.

Ekintza horiei eta gizartearen inplikazio gero eta handiagoari esker, hobetuz doa pixkanaka desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizi-kalitatea. Hori dela eta, Gorakide bereizgarriak aintzatesten du Euskaltelek eta Euskalteleko langileek, sentsibilizazio-ekintza askotarikoetan parte hartuz eta Gorabide elkartearen balioak partekatuz, helburu horri egiten dioten ekarpena.

Gorabide irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, familiek osatua, eta helburu nagusi hau du: desgaitasun intelektuala duten Bizkaiko pertsonei eta haien familiei eta tutoreei (pertsona zein erakunde) laguntzea, beren bizi-kalitatea hobetzeko eta eskubideak defendatzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk