Euskaltelen 2011ko kamiseta, aurtengo udako irribarrea

Bizkaia

Euskal mitologia du ardatz Marea Laranjaren kamisetak: eguzki-lore bat, eta aharia hari irribarrea marrazten. Aurten, lehenbiziko aldiz, Euskaltelen web-orrian eskatu behar dira kamisetak: www.euskaltel.com. Tourrean arituko diren Eustalteleko ziklista guztiak izan dira aurkezpenean, baita Igor Antón eta Mikel Nieve ere.

Gaur goizean aurkeztu dugu, Bilboko Alondegian, Euskaltelen Udako kamiseta. Aurkezpen-ekitaldian izan dira Euskaltel-Euskadi taldeko ziklistak, hainbat kirolari eta euskal gizarteko zenbait ordezkari.

Dagoeneko tradizio bihurtu den kamiseta Kukuxumusuk diseinatu du, eta aurkezpenean izan dira Igor González de Galdeano —Euskaltel-Euskadi txirrindularitza-taldeko zuzendaria eta manager nagusia—, Gorka Gerrikagoitia —kirol-zuzendaria—, eta, Samuel Sánchez buru dutela, aurtengo Tourrean parte hartuko duten bederatzi txirrindulariak. Han izan dira Igor Antón eta Mikel Nieve ere. Guztiek hartu dute parte diseinu berriaren aurkezpen publikoan.

Horiez gain, ekitaldian izan dira Fernando García Macua, Athleticeko presidentegaia; Iker eta Eneko Pou, Josune Bereziartu eta Ricar Otegi eskalatzaileak; Apezetxea, Retegi II.a, Zabaleta, Pascual eta Ongay pilotariak; Garazi Sánchez eta Txaber Trojaola surflariak; Koldo Aiestaran eta Antton Iñarrea, Kukuxumusuren ordezkariak; Etxe abeslaria; Idoia Merodio eta Maribel Salas aktoreak; Mari Jose Sardón harri-jasotzailea, eta Guillermo Verdejo igerilaria, orain gutxi Gibraltarko itsasartea igerian zeharkatu duena. Han izango dira, halaber, Bilboko merkatari-elkarteen ordezkariak ere: Jon Aldeiturriaga (Zazpikaleak), Jorge Aio (Bilbao Centro) eta Jon Zarate (Bilbao Dendak). Ikastolen Elkartearen izenean, Koldo Tellitu presidentea izan da ekitaldian. Euskal gizartearen ordezkaritza zabala bertaratu da, beraz, gizarteak gure taldeari ematen dion elkartasunaren erakusgarri.

Kamisetaren aurkezpenean ikusi dugu Kukuxumusu marrazki-lantegiak uda honetarako prestatu duen diseinua. Zalantzarik gabe, Marea Laranjaren irudi askoren protagonista izango da diseinu hori 2011ko Tourrean, baita Euskal Herriko hainbat eta hainbat festatan ere. Euskalteleko harreman instituzionalen arduradunak, Nerea Lupardok, azaldu duenez, “aurten Bilboko Alondegia hautatu dugu, gizartearen aurrean aurkezpen berezia egin nahi izan dugu eta. Hamaika urte badira, izan ere, gizarteko era guztietako jendeak kamiseta hau janzten duela. Dagoeneko, gainera, kamiseta hutsa baino zerbait gehiago ere bada: talde batenganako maitasun-adierazpena da, hark hedatzen dituen mezuekiko adostasuna”.

Aurtengo irudian aharia ageri zaigu —Marea Laranjaren protagonista tradizionala—, eguzki-loreari —aurtengo diseinuaren ardatza— irribarre bat marrazten. Euskal kultura eta tradizioa ditu aipagai, beraz, irudiak, eta eguzki-loreak Euskal Herriko etxeetan zuen eginkizuna: jendea iluntasunetik eta espiritu txarretatik babestea, alegia. Eguzki-lorearen argitasun horrekintxe lagunduko diete euskal zaleek Euskaltel-Euskadiko-Euskadiko ziklistei Tourreko etapetan, lehenbizi, eta euskal taldeak parte hartzen duen gainerako proba guztietan, ondoren.

Nola eskuratu kamiseta

Aurten, aldatu egin da kamiseta eskuratzeko prozedura, aurreko urteekin alderatuta. Euskaltelen web-orriko (www.euskaltel.com) eremu batean egin behar dira aurten, lehenbizikoz, eskariak.

Orrira sartzean, sakatu kamisetari dagokion atal berezian, eta bete formularioa (harremanetarako datuak, eta kamiseta jaso nahi duzun saltokiaren izena). Eskaria egin ondoren, berrespen-erantzuna jasoko duzu, harremanetarako eman duzun helbide elektronikoan. Mezu horrekin egiaztatuko dugu jaso dugula eskaria. Hura baliozkotzen duzunean, kode bat bidaliko dizugu telefono mugikorrera. Kode hori eraman behar duzu, hain zuzen ere, kamiseta jasotzeko hautatu duzun saltokira. Bi kamiseta emango ditugu NAN-zenbaki bakoitzeko.

Kamisetak eskatzeko datak: ekainaren 21etik 29ra

Kamisetak banatzeko datak:
– Nafarroan: uztailak 1, 4 eta 5
– EAEn: uztailaren 5etik 8ra

Bestalde, aurreko urteetan bezala, Tourrean ere banatuko dira kamisetak. Zehazki, 12. etapan (211 km), Cugnaux eta Luz Ardiden artekoan, banatuko ditugu zaleen artean eguzki-loredun kamiseta laranjak. Uztailaren 14an, beraz, hitzordu bat dugu.

Esperientzia gogoangarria

Euskaltelen web-orriak lehiaketa bat ere badu aurten, bezero guztientzat. Esperientzia aparta, gogoangarria bizitzeko aukera da: Euskaltel-Euskadi taldearekin joatea etapa batean. Uztailaren 23ko etapa da, Grenoblen jokatuko den erlojuaren aurkakoa, erabakigarria Parisen maillot horia zeinek jantziko duen jakiteko.

Partekatu

Beste berri batzuk