Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkeak inguruko alkateen bisita jaso du

Albisteak, Bizkaia

Abanto, Barakaldo, Erandio, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Trapagako alkateek bertatik bertara ezagutu dute euskal erakundeek onartutako eskualdeko Plan Estrategikoaren erreferentziazko proiektu eragilea den Ezkerraldea-Meatzaldeko Teknologia Parkearen obren aurrerapena

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak energiaren sektorearen alde egindako apustua aurkeztu du

IKUSI BIDEOA

Abanto, Barakaldo, Erandio, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Trapagako alkateek bertatik bertara ezagutu dute eskualdeko Plan Estrategikoaren erreferentziazko proiektu eragilea den Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkearen obren aurrerapena.

Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburuak, eta Ainara Basurko, Ekonomia Sustapeneko Foru Diputatuak, lanen egungo egoera azaldu die udal-arduradunei, eta, ondoren, EIC-Egoitza eraikineko obrak bisitatzeko aukera izan dute. Arantxa Tapiarekin batera, Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko Zuzendari nagusiak eta Borja Liaño Ezkerraldea-Meatzaldea eta Enkarterri proiektu estrategikoak koordinatzeko arduradunak hartu dute parte bisitan.

Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko jarduketa-eremutzat hartzen den Ezkerraldea-Meatzaldeak, eskualdeko ekonomia eta gizartea suspertzea helburu duen euskal erakundeek zehaztutako plan estrategikoa du. Alkateen eta erakundeen inplikazioa funtsezkoa izaten ari da Teknologia Parkeak aurrera egin dezan, abian jartzeko aurreikuspenak betez.

Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkeak Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak energiaren sektorearen alde egindako apustua indartzen du. Abantoko udalerrian, campus teknologiko berriak 505.361 m2-ko azalera hartzen du, eta horietatik 241.622 m2 eraikigarriak dira.

Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkean, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako Bikaintasun Zentro bat egongo da, Energy Intelligence Center (EIC-EGOITZA). Zentro horren helburua Bizkaia eta Euskadi energiaren sektoreko nazioarteko lehiakortasunaren polo bihurtzea da.

Barruti hori Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen estrategiaren barruan dago, berrikuntza eta garapen teknologikoaren eragile katalizatzaile gisa, enpresen, zentro teknologikoen eta unibertsitateen arteko ezagutza-trukea eta transferentzia teknologikoa bultzatuz, eta enpresa berritzaileen enplegua, sorkuntza eta hazkundea sustatuz. Bilboko Portutik eta Petronorren findegitik gertu dagoenez, leku horiei lotutako sinergia berriak sortzen dira.

Udal arduradunek, energiaren sektorean ezagutza teknologikoa eta I+G+b proiektuak garatzeko espazio malgu gisa proiektatutako EIC-EGOITZA eraikina ezagutu dute. Horrela, 18.500 m2-ko eraikina bi espaziotan banatuta egongo da. Alde batetik, alokairu-erregimenean enpresei zuzendutako Parke Teknologikoaren egoitza. Bilera-gelak eta Parkeak kudeatutako elementu komunak izango ditu. Bestalde, EIC bera, bi espaziotan banatua: ikerketa- eta proba-makinak egongo diren 2.000 m2-ko Fullscale eraikina, eta energia-sektoreko enpresak egongo diren eraikina.

Proiektua eraikitzeko eta abian jartzeko inbertsio osoa 40 milioi eurokoa da, eta eraikina egiteko lanak eta barruko ekipamendu eta instalazioak hartzen ditu barne, laborategi espezializatuak eta energia-sektorerako, zehazki hidrogenorako, makineriaz eta teknologiaz hornitutako tailerrak barne. Bere ekipamenduen artean, karga konbinatuen bankua, neke-kargen bankua eta ganbera hiperbarikoa nabarmentzen dira.

EIC Euskadiko energia-sektoreko enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko lidergoa bultzatzeko diseinatutako ekimena da, garapen teknologikoan eta ezagutzaren sorkuntzan oinarrituta. Gainera, bere kokapena dela eta, sinergia garrantzitsuak sor ditzake jarduera ekonomiko berritzaileak garatzeko, eta 4.0 industriara eta fabrikazio aurreratura zuzendutako Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkearen elementu eragilea izango da.

EIC-EGOITZA eraikineko obrak 2022ko abenduan amaitzea eta 2023ko urtarrilerako lehenengo enpresak instalatzea aurreikusten da. Besteak beste, Petronor Innovación, Edinor, Tubacex, Tubos Reunidos, Tecuni, Vinci H2Site, Ampo eta Vicinay enpresek bertara joateko interesa adierazi dute.

Modu berean, Maria Telkes (eguzki-energiaren erregina deitutako zientzialari hungariarra) izena eramango duen bigarren eraikin bat eraikitzea proiektatu da. Eraikin hori EIC-EGOITZAren partzela berean dago, eta 26.000 m2-ko eraikin-nukleo bateratua osatzen du. Bertan proiektu bereziak hartu ahal izango ditu, Hidrogenoaren BH2C Euskal Korridorearen Hidrogenoaren Living Lab-a, besteak beste.

Abanton dagoen Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkea Hidrogenoaren BH2C Euskal Korridorea garatzeko leku estrategikoa da. Hidrogenoaren ekosistema sortuz, partzuergo horrek aurrera egiten du energiaren, industriaren, etxebizitzen eta mugikortasunaren sektoreen deskarbonizazioan.

Gaur egun, Maria Telkes eraikina proiektu-fasean dago, eta eraikuntza-lanak ekainean lizitatzea espero da, obrak urrian hasteko, 24 hilabete inguruko epean amaitzeko, 15 milioi euroko aurrekontuarekin.

Partekatu

Beste berri batzuk