GAIA Klusterrak irekiagoak eta partizipatiboagoak diren formulen aldeko apustua egin du
Euskadiko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazio Klusterraren xedea da bazkideek erabakiak hartzean gehiago inplikatuta egon daitezela eta protagonismo handiagoa izan dezatela.
Euskadiko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazio Klusterrak (GAIA-EIKT Klusterra) ezohiko batzarra egin du bere estatutuak eta barne-araudiak alda daitezela onartzeko; hala, Klusterrean parte hartzeko eredu berriak abiarazi ahal izango dituzte. Bilakaera horren xedea da ahalik eta enpresa gehienak aktiboki inplika daitezela sektoreko ekimenak erabakitzean, haien Gobernu Organoetako antolakuntzan aniztasuna sustatzea, eta lan-dinamika eta aukera-eremu berriak proiektatzea.
Halaber, GAIAtik azaldu dute helburu hauek bete nahi dituztela: Klusterrean bazkide denaren jabekuntza areagotzea, ekimenen arteko koordinazioa hobetzea, bazkideen parte-hartze prozesuetan eraginkortasuna bermatzea, elkartearen bizitasuna areagotzea eta gizartera zabaltzeko prozesua abiaraztea.
Horretarako, GAIAren funtzionamendu-aldaketek zerikusia daukate konbergentzia-taldeen eta -batzordeen lan egiteko moduarekin eta baita ere Zuzendaritza Batzarraren karguen hautaketarekin. Batzarrean parte hartuko dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen ordezkari batek eta sektorearen garapenerako gakoak diren aliatu estrategikoek. Modu horretara, 14 kide edukiko ditu (gaur egun 12 kide dauzka).
Batzordeen kasuan, aktiboago parte hartuko dute eztabaidetan eta iritziak ematean, eta azpimarratzekoa da Elektronikako Batzordeei eta IKTei Zuzendaritza Batzarreko bokalak hautatzeko eman zaien zeregin berria eta beste batzorde espezifiko batzuekin batera izango duten parte-hartzea elkartearen Plan Estrategikoak eta Eragileak prestatzean.
“Klusterraren 32 urteko historia osoan ezohiko batzar bat egiten den lehenengo aldia da, formula irekiagoen eta partizipatiboagoen alde apustu eginez. Bazkideei protagonismoa eman nahi diegu; gainera, ingurune berriak inplikazio eta lidergo handiagoak eskatzen dizkie enpresei, eta, horregatik, gure bazkideek partaidetza handiagoa izan dezatela sustatzen ari gara” azpimarratu du Tomás Iriondo GAIA-EIKT Klusterraren zuzendari nagusiak.
Zuzendaritza Batzarreko aldaketez gain, GAIAko estatutuetan eta araudietan egindako aldaketek GAIA egituratzen duten hiru egituren funtzioak eta funtzionamendua berrantolatzen dituzte:
- · Batzordea: bi egitura-batzorde egongo dira: Elektronika eta IKTak. GAIAko bazkide guztiek eratzen dituzte, GAIAren azpisektoreen arabera multzokatuta.
- Batzorde espezifikoa:bere izaeragatik (adibidez, mikroenpresak) edo jardueragatik (adibidez, BasqueGame edo ERP) talde honen barruan dauden bazkide guztiek eratzen dute.
- Konbergentzia-taldea:Konbergentzia-taldearen erronka bete nahi duten erakundeek (elkartuek edo ez) eratzen dute. Gaur egun “Enpresa-itunaren” osaeran lanean ari diren enpresa-taldeak dira.