Gaiak bere estatutuak aldatu ditu nazioarteko taldeak onartzeko

Euskal Autonomia Erkidegoko Elektronika eta Informazio Teknologien Industrien Elkarteak, Gaiak, bere estatutuak aldatu ditu unibertsitate, elkarte eta nazioarteko enpresa-talde berriak sar daitezen errazteko.
Gaiak komunikatu bidez jakinarazi duenez, badira jada enpresa-multzo honetara batu diren hainbat konpainia, horien artean, Everis Spain, Sage Logic Control eta SATEC, Sistemas Avanzados de Tecnología. Gaiara gehitu dira ere Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkartea, Eptisa Tecnologías de la Información eta Vicomtech.

Sektorearentzako onurak dakartzaten eragileak barnera daitezen sustatzeko asmoz, Gaiak bi erregimen berri jaso ditu bere kideen artean: Enpresa-taldea, nazioartean jarduten diren enpresez osatua; eta Klusterra, trakzio-enpresak, zentro teknologikoak, unibertsitateak eta administrazioak biltzen dituena. Horrela, kluster honek Euskal Autonomia Erkidegotik haratago sendotzen du bere ekintza-eremua eta, aldi berean, elektronika, informatika eta telekomunikazioen alorrean jarduten diren erakunde berriei bere ateak zabaltzen dizkie.

Bestalde, Eslovakiako Zilina eskualdeko erakundeen ordezkari-talde batek gaur amaituko du Euskadira egindako bi eguneko bisita, merkataritza-elkartrukea eta negozio-aukerak areagotzeko asmoz euskal industria-birmoldaketa zuzenean ezagutzea eta enpresa eta erakundeei lurraldea aurkeztea helburu izan dituena (Efe). Bisitaldiak Spriren babesa du. Zilinako eskualdeak 700.000 biztanle ditu eta azkeneko urteotan hazkunde ekonomiko handia jasan du automozioaren sektorea hedatzearen ondorioz, Kia Motors Slovakia, Hyundai Mobis, Volkswagen Slovakia eta automozioko laguntza-sektoreko beste enpresa batzuk ezarri baitira bertan.