GAIKER-IK4, Erakunderik Iraunkorrenari EMAS Sariaren finalista
Mahou-San Miguelekin batera, Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioak aitortu egin du baliabideen kudeaketan duen eraginkortasunagatik eta inguruarekiko duen konpromisoarengatik
“Enpresa ertain” finalista izaki, GAIKER-IK4 Bruselan egon zen azaroaren 25ean Europar Batasuneko (EB) EMAS sariaren banaketan. Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioak 1.200 erakunderen artean hautatu du Estatuko ordezkari izateko baliabideen kudeaketan duen eraginkortasunagatik eta inguruarekiko duen konpromisoarengatik. Aldez aurretik, Eusko Jaurlaritzak 53 erakunderen artean aukeratu zuen zentro teknologikoa –oraingoan ITP ingeniaritzarekin batera– EAEren ordezkari izateko Madrilen.
Ingurumen Adierazpenari eta 1993an jaiotako Ingurumena Kudeatzeko eta Ikuskatzeko Europako Erkidegoko Sistemari (EMAS) atxikitako erakundeen ingurumen-kudeaketaren bikaintasuna aitortzen dute sari hauek. Bart, guztira 42 erakundek –Batasuneko 15 herrialderen ordezkari gisa– izan zuten 6 kategorietakoren batean saria lortzeko aukera eta finalista nagusien artean Mahou-San Miguel, Oxfam-Solidarité (Belgika), Sandwell Casas (Erresuma Batua) egon ziren.
GAIKER-IK4k iraunkortasunarekin duen konpromisoaren fede ematen duten aurreneko mugarriak 2003ko ekitaldian jarri ziren, zentroak ISO 14001 ingurumen-kudeaketarako ziurtagiria lortu zuenean. 2005ean EMAS II egiaztapena eskuratu eta bere ingurumen-kudeaketa esparru zorrotzagora bideratzeko erronka bere gain hartu zuen. Alde batetik, I+G+B egitasmoen kudeaketan ingurumenaren gaineko eragina neurtzeko tresnak diseinatzea eskatzen zuen esparru horrek eta, bestetik, interes-taldeen artean jardunbide egoki iraunkorrak eta ingurumenari buruzko informazioa hedatzea. EMAS III (2010ean berrikusia) sistemak ezartzen dituen baldintza berriei egokitu zaie duela gutxi eta ingurumen-adierazle egokiak –langileekin lankidetzan– ezartzeaz gain, zeharkako alderdiak identifikatzea eta ebaluatzea eskatzen du horrek, bai eta ingurumenari dagozkion legeak betetzeari buruzko informazioa derrigorrez ematea edo produktuaren diseinuarekin loturiko jardunbide sektorial egokiei buruzko gidaliburuak egitea ere, beste alderdi batzuen artean.
Enpresa Eraginkorrekin bat egiten du
GAIKER-IK4ren konpromisoaren ildoari jarraiki, azaroan zentro teknologikoak Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programarekin bat egin du, alegia, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta ingurumen kudeaketarako sozietate publikoak, Ihobek, enpresa-eremuan ingurumenaren alorreko jarduerak areagotzeko asmoz oraintsu abiarazi duten programarekin.
15 milioi euroz hornitutako eta guztira 1.000 erakunderi zuzendutako programa honek 2014rako orotara 100.000 tona hondakini balioa ematea aurreikusten du eta baita 100.000 tona CO2 gutxiago isurtzea edo 200.000 tona lehengai gutxiago kontsumitzea ere.