Gaiker-IK4 zentroak, eta A&B laboratorios eta Guserbiot enpresek garatu dituzten jatorri mikrobianoko detergente berriek ingurumena errespetatzen dute

Bizkaia

Produktuok mikroorganismo biren hazkuntza industrialetik ateratako biosurfaktanteak dituzte, eta tratamendurik gabe kendu ahalko dira, naturako florak modu naturalean degradatzen baititu

 

 cepa productora de biosurfactanteGarbiketaren industrian tradizioz erabili izan diren produktuen osagai aktiboak korrosiboak eta ingurumenarentzako oldarkorrak dira (polialkoholak, amonioak…). Horrenbestez, geroz eta gehiago mugatzen da produktuon erabilera, eta industria behartuta dago ingurumenarekiko konpromiso are sendoagoa hartzera. Hortaz, aukera egokiak bilatu behar dira ezinbestean. Sintesi kimiko bidez lortzen diren produktuak bezain eraginkorrak diren produktu biologikoak lortu behar dira, baina desabantailak eta eragozpenak alde batera utzita.

Testuinguru horretan kokatzen da GAIKER-IK4 Zentro Teknologikoak, A&B Laboratorios de Biotecnología eta Guserbiot euskal enpresekin batera, gauzatu duen I+G proiektua. Aipatu enpresek garbiketa-produktu industrialak merkaturatzera eta osagai biologikoak ekoiztera bideratzen dute euren jarduera, hurrenez hurren; betiere ingurumenarekiko konpromisoa bermatzen duten estandar altuekin. Izan ere, iragan ekainaren 5an, A&B Laboratorios konpainiak Ingurumenaren Sari Europarra jaso zuen “Garapen iraunkorrerako kudeaketa” kategorian. Europar Batasuneko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ematen du golardoa, euren erakundeetan iraunkortasun-politikarik aurreratuenak aplikatzen dituzten enpresak aitortzeko. 

Azken bi urteotan gauzatutako ikerketaren xedea izan da biosurfaktante mikrobiano berriak lortzea detergente industrial berriak formulatzeko, arriskutsuak diren surfaktante kimikoen aurrean aukera ekoeraginkor gisa. Proiektu horrek hainbat alderdi uztartu ditu, besteak beste, garapen bioteknologikoarekin eta ingurumenarekin loturikoak, nola produktu berriak diseinatzeko, hala biosurfaktanteen ekoizpen-prozesurako. Biosurfaktantea ekoizteari dagokionez, ikuspegi iraunkorra hartu da kontuan, eta, horretarako, elikagaien industriatik eratorritako azpiproduktuak erabili dira funtsean (esne-gazura, melazak, sakarosa, zuntza…). Hazkuntza-ingurune ekologikoak dira, erraz ken daitezkeenak, naturan dagoen florak modu naturalean degradatzen ditu-eta.

Surfaktanteak beharrezko agenteak dira garbiketa-produktuetan, koipeak eta bestelako konposatu hidrofoboak kentzen dituztelako; eta, tradizioz, prozesu kimikoen bidez sintetizatu egin dira. GAIKER-IK4n I+G egitasmo horretaz arduratzen direnen asmoa da probetxu ateratzea ehunka mikroorganismok, elikagaiak lortzeko prozesuan, naturalki sintetizatzen dituzten surfaktanteei, gero garbiketa-produktuetan erabiltzeko.

Ikerketaren aurreneko helburuetako bat izan zen, beraz, hazkuntzarako egokiak zitezkeen mikroorganismoak zehaztea. Hainbat ingurutan laginak hartu (besteren artean, lekadunen sustraietatik edo makina-erreminten fabrikazio prozesuan sortutako ebaketa-likidotik atereak) eta hautagaiak izan zitezkeen 27 mikroorganismo mota hasiera batean identifikatu ondoren, jatorri ezberdineko koipeen aurrean (oliba-olioa, olio minerala, gurina eta parafina) portaerarik onena duten biak aukeratu dira. Hautatutako mikroorganismo biek emaitza bikainak eskaintzen dituzte biosurfaktanteen ekoizpenean, eta hazkuntza hasi eta 24 ordutara dago euren ekoizpen puntu gorena.

Gaur egun, enpresek dituzten hazkuntza bildumen zati dira mikroorganismo horiek, eta bertan sortzen diren mikroorganismoak zein biosurfantanteak A&B Laboratorios de Biotecnología enpresak erabiltzen ditu zenbait produktu biologikotan.

Partekatu

Beste berri batzuk