Euskal komunitate zientifikoak komunean jarri ditu garunaren inguruan egin dituen ikerketak

  • BCBLko, Achucarro zentroko, Biodonostia Institutuko eta UPV/EHUko 140 ikertzaile baino gehiagok hainbat gai izan zituzten hizpide, hala nola, elebitasuna eta neuroendekapenezko gaixotasunak

 

NEUROGUNEEuskal komunitate zientifikoak hainbat ikuspegitatik aztertzen du garuna, ikuspuntu fisiologikotik psikologiara arte. Besteak beste, oroitzapenak nola sortzen edo garunean nola gordetzen diren moduari buruzko ikerketak gauzatzen ditu.

Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) zenbait zentro espezializatu eta sail dabiltza organo horren inguruan ikertzen. Batzuek, buruko osasunera bideratzen duten beren jarduna, beste batzuek, gaitasun kognitiboetara, eta beste batzuek Alzheimerra bezalako gaixotasunei aurka egitera. Baina horiek guztiak jakitun dira geroz eta garrantzitsuagoa dela diziplinarteko ikuspegia egungo zientzian.

Horregatik, garuna aztertzen duten euskal zentroetako 140 ikertzailek komunean jarri dituzte giza-gorputzaren organorik konplexuena aztertzeko egindako hurbilketa anitzak, eta bigarrenez bildu dira Neurogune Biltzarrean. Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak antolatu du topaketa, Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroarekin eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuarekin elkarlanean.

BCBLko zuzendari eta Neurogune 2014 Batzorde Zientifikoko kide Manuel Carreirasen arabera, “ikerketa-arlo konplexu eta diziplinartekoa da neurozientzia, ezagutzaren hainbat alorreko profesionalen lankidetza behar duena (psikologoak, medikuak, ingeniariak, fisikariak, etab.). Hori dela-eta, biltzar honen helburuetako bat da ezagutzea Euskadin zer egiten dugun sinergiak lortzeko, eta horien bidez arazo konplexuak ebatzi ahal izateko, oso ezberdinak diren ikuspegi teoriko eta metodologikoetatik abiatuta”.

Antolatzaileen arabera, hainbat ikuspegitatik egin behar zaie aurre neurozientzian hain garrantzitsuak diren arazoei, besteren artean, ikaskuntza-prozesuei, horiekin loturiko desorekei edo neuroendekapenari. Carreirasek deritzonez, “Euskadin neurozientziaren esparruan diharduten ikertzaileen eta zentroen arteko lankidetza sustatu eta areagotzeko lagungarria izan daiteke biltzarra”.

Ahozko hiru saio

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak babestuta, ekitaldia uztailaren 9an egin zen Gipuzkoako Teknologia Parkeko auditoriumean. Bertan, ahozko saioetan, askotariko hitzaldiak aurkeztu ziren, adibidez: euskal jaioberrien espezializazio neurala, bai familia elebakarretan, bai elebidunetan; edo baita cannabisa kontsumitzeari uzteak garunarentzat duen eragina ere.

Garuna bera, bere funtzionamendua eta giza-gogamenari eragiten dioten desorekak aztertzeko ikuspegi global horri esker, euskal zentroetako ikertzaileek ikuspuntu zabalagoa izango dute garunari dagokionez, eta diziplina anitzak kontuan hartuko dituzte, neurologia, psikiatria, neurozientzia kognitiboa edo psikologia, kasu.

Programaren barruan, bi saiotan, poster zientifikoak ere aurkeztu ziren. Hala, partaideek begi-kolpean izan zituzten euren kideak gauzatzen ari diren ikerketarik berrienak.

Topaketa zientifikoari amaiera emateko, Javier de Felipe neurobiologoak “Sinaptoma miatzea: etorkizun handiko teknologia berriak” mintzaldia eskaini zuen. Neuronen arteko konexioa aztertzeko, nola egituraren hala ikuspuntu sinaptiko edo ultraestrukturalaren aldetik, zientziak erabiltzen dituen teknika berriak aipatu zituen ikertzaileak.