Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Klusterrak enplegua eta fakturazioa handitu ditu azken ekitaldian ere
Sektore aeroespaziala, atal estrategikoa Europako etorkizun teknologiko, industrial eta subiranorako
Carlos ALZOLA aukeratu dute HEGAN Klusterreko lehendakari
HEGAN Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkarteak urteko Batzar Nagusia egin du. Vitoria-Gasteiz Campusaren Eusdakiko Parke Teknologikoko eraikin nagusian egin da ekitaldia, eta Hipólito SUÁREZ HEGANeko lehendakari eta AERNNOVAko idazkari nagusiak gidatu du, Martin LOIZAGA Kluster Elkarteko zuzendari ondokoarekin batera. Ekitaldian, iazko ekintzak gogoratu zituzten, eta aurtengoak azaldu zituzten. Kudeaketa, planak eta aurrekontuak onartu ziren. Horrez gain, 2025eko datuak aurkeztu zituzten.
Egun klusterra osatzen duten 82 bazkideek joan den ekitaldian sortutako zifrek berriro erakutsi dute, gero eta konplexuagoa den ingurune global baten zailtasunak gorabehera, sektore sendo eta heldu baten berezko erresilientzia maila duela klusterrak. Elkarteko kideek zuzeneko 15.133 langile zituzten munduan zehar, beren ekoizpen-zentro guztietan, eta 3.400 milioi euroko fakturazio agregatua sortu zuten.
Batzarra ixtean, HEGANeko Zuzendaritza Batzordearen osaera onartu zen, karguak txandakatzeko ohiko prozesuaren barnean. Hala, bada, Hipólito SUÁREZek, Aernnovako idazkari nagusiak, lekukoa pasatu zion gaurtik aurrera eta datozen bi urteetan HEGANeko presidente izango denari, ITP AEROko zuzendari nagusi Carlos ALZOLAri, hain zuzen ere.
Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Klusterra
2025ean, HEGANi lotutako sektoreak zifra globalak handitu ditu 2024arekin alderatuta, % 4,4 enpleguan eta % 14,9 fakturazioan. Datu horiek berretsi egiten dituzte azken hilabeteetan aurreratutako hazkunde-aurreikuspenak, merkatua lehen aipatutako distortsioak jasaten ari den arren. Euskadiko industria aeroespazialak egoerara egokitzeko gaitasuna eta indarra erakusten jarraitzen du, HEGANeko kideen estrategiak berretsita eta bezeroen ekoizpen- eta hornidura-beharrak aurreikusita.
Hala ere, haztea ez da gehiago ekoiztea soilik, baizik eta hobeto egitea: eraginkortasun, jasangarritasun eta sendotasun handiagoarekin. Beraz, berrikuntzaren, digitalizazioaren eta garapen teknologikoaren zeregina lehiakortasunaren katalizatzailea da. Horrela, azken urte honetan, bazkideek I+G+b arloan egin dituzten inbertsioak salmenten % 6,3 izan dira; horrela, sektoreak I+G+b arloko sendoenetako bat izaten jarraitzen du, arlo horretan 2.400 pertsonak baino gehiagok egiten baitute lan.
Klusterraren zifrak 2025ean
HEGAN Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Klusterra 82 kidek osatzen dute, eta balio aeroespazialeko kate osoan daude kokatuta horiek. Bazkideen artean daude 3 Tier1, 55 industria-konpainia, 10 teknologia-zentro, 5 unibertsitate eta 9 aliatu. Gaur egun, HEGANeko kideek 168 instalazio dituzte munduan zehar: 107 Euskadin, 33 estatuko gainerako lekuetan, eta 28 atzerrian (Alemania, Brasil, Frantzia, Txina, Estatu Batuak, India, Malta, Mexiko, Polonia, Portugal, Erresuma Batua eta Errumania).
Elkarteko kideek 3.413 milioi euroko fakturazio agregatua sortu zuten 2025ean, munduko instalazio guztien artean. Azpisektoreen arabera, fakturazio osoaren % 59 motorren atalari dagokio; aire-egituren sektoreari, % 30; sistema eta ekipamenduen atalari, % 6; eta espazioari, berriz, % 5.
Enpleguari dagokionez, munduan zehar dituzten instalazio guztien artean 15.133 langile izatera iritsi ziren, eta, horietatik, % 22,5 emakumeen enpleguari dagokio.
Bazkideen esportazioak 2.896 milioi eurokoak izan ziren, hau da, salmenta guztien % 85. Helmugako herrialdeei dagokienez, Erresuma Batura (% 30), AEBra (% 22), Alemaniara (% 21) eta Frantziara (% 8) egindako esportazioak nabarmendu dira.
I+G+b arloan egindako inbertsioa da nabarmendu beharreko beste datu bat, 213 milioi eurotik gorakoa izan baitzen (horietatik % 87 autofinantzaketari dagokio).
Kopuru horiek banakatuta, eta EAEko hiru lurralde historikoetan sortutakoak kontuan hartuta, enplegua 6.000 pertsonatik gorakoa izan da (zehazki, 6.259), eta % 8,6 handitu da iazkoarekin alderatuta. Bestalde, Euskadiko lantegi eta instalazioetan sortutako fakturazioa hazi egin da, eta 1.690 milioi eurora iritsi da ia. % 13,5eko hazkundea izan du, beraz. Zifra horiek argi erakusten dute sektore honek gero eta garrantzi handiagoa duela Euskadiko industria eta ekoizpen osoan.