GAIKER-IK4k jardunaldi batean aztertuko ditu eragile biologikoen eraginpean jartzeagatiko arriskuak

Bizkaia

Bakterioak, onddoak, birusak, protozooak, klamidiak, giza-endoparasitoak… Horiek guztiak giza-gorputzean sartzen direnean gaixotasun infekziosoak eragiten dituzten eragile biologikoak dira, horregatik, segurtasun-baldintzak erabakigarriak dira kutsatzaile biologiko horiek laneko elementu direnean. Aitzitik, arrisku biologikoa gutxi estimatua izan da tradizionalki, alde batetik, osasuna zaintzeari dagokionez zailtasunak dakartzalako eta, bestetik, arriskua egoki ebaluatu ahal izateko alderdi kritikoak ezartzerakoan zorroztasunik eza dagoelako.

Laneko Arriskuen Prebentziorako Legea (31/1995 Legea) oinarritzat duen legeriak prebentzio egokia gauzatzeko oinarrizko alderdiak eskaintzen ditu arrisku biologikoen eraginpean jartzeari dagokionez, baina dagokion moduan bete dadin, gai horren inguruan lortutako azkeneko aurrerapausoak gehitu behar zaizkio.

Laneko Arriskuen Prebentzioaren baitan gai horrek geroz eta garrantzi handiagoa eskuratu duenez, GAIKER-IK4 zentro teknologikoak arrisku biologikoaren ebaluazioari buruzko jardunaldi bat antolatuko du hurrengo azaroaren 26an zentroak dituen instalazioetan bertan. Jardunaldiak askotariko eragile biologikoen eraginpean jartzeagatiko arriskuak minimizatzeko behar diren neurrien gainean kontzientziatzea du helburu, ondoko parte-hartzaile eta edukiez baliatuz:

Jardunaldiaren aurkezpena / GAIKER-IK4.

Eragile biologikoen eraginpean jartzearekin loturiko hainbat alderdiren deskribapena / Mª Jesús Arenaza Amezaga doktorea / OSALAN.

Arrisku biologikoen ebaluazioa. Arrisku biologikoa eragile biologikoak nahita erabiltzen ez dituzten enpresetan / Juan José Gutiérrez / IBERMUTUAMUR PREBENTZIORAKO SOZIETATEA.

Eragile biologikoen eraginpean jartzeagatiko arriskuen ebaluazio eta prebentziorako metodoaren aurkezpena / Armando Cruz doktorea / GAIKER-IK4.

Esperientzien deskribapena / Esperanza Álvarez Maeztu / OSAKIDETZA.

ZABALGARBIko esperientzien deskribapena / Itziar Fernández / ORBERE.

Jardunaldiari probetxua atereaz, “Eragile biologikoen eraginpean jartzeagatiko arriskuak ebaluatu eta prebenitzeko gida” (Guía para la evaluación y la prevención en riesgos derivados de la exposición a agentes biológicos) banatuko da, GAIKERek egina OSALANen (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) babesarekin.

Jardunaldiaren helburuak

Jardunaldia segurtasuneko batzordeetako kideei eta arrisku biologikoarekin edo potentzialarekin lanean diharduten enpresa edo lantokietako nahiz besteren baten prebentzio-zerbitzuetan parte hartzen duten pertsonei zuzentzen zaie, baita laneko arriskuen munduarekin loturiko erakundeei ere. Topaketa antolatzeko helburuak hauexek izan dira:

• Eragile biologikoen eraginpean jartzeagatiko arriskuak egoki prebenitzeko garrantziaren eta beharraren gainean kontzientziatzea.
• Arrisku biologikoei dagokienez prebentziozko jarduera kontrolatzeko, planifikatzeko eta prebentzioa bera gauzatzeko praktika eta metodologiak hedatzea.
• Ikerketatik ondorioztatutako emaitzak laneko arriskuen eguneroko prebentzioan islatzea.

Partekatu

Beste berri batzuk