Gamesako akziodunen Batzar Nagusia bildu da gaur Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean

Bizkaia

  • Konpainiako presidentearen hitzetan, “Gamesa bide onetik doa, eta etorkizuneko aukera oso positiboak ditu”.

Junta de Accionistas de GamesaGamesak gaur egin du Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean bere akziodunen Batzar Nagusia, bigarren deialdian. Bertan, 2013ko kontuak ez ezik, konpainiak ekitaldian gauzatutako kudeaketa ere onetsi da, gai-zerrendako beste alderdi batzuen artean.

Gamesako presidente Ignacio Martínek laburki errepasatu ditu emaitzak. Izan ere, 45 milioiko mozkin garbiari eta %5,5eko Ebit marjina errepikariari esker, errentagarritasunaren hobekuntza finkatu da. “2013ko emaitzak eta aurkeztu berri diren 2014koak norabide onean goazela adierazten dute, bai eta lehiakorrenak soilik biziraungo dugun inguruan gauzatu ditugun ekintzak egokiak direla ere”, adierazi du Ignacio Martínek.

Gamesako presidenteak akziodunei azaldu dien moduan, merkatuari dagokionez, Negozio Planean aurreikusitako konpromisoak bete zituen Gamesak iazko ekitaldian; eta konpainiaren bilakaera sendoa izan dela erakusten du horrek. “Batez beste 1.900 MWe-ko salmentak edukitzeko konpromisoa hartu genuen, eta gure bolumena 1.953 MWe-koa izan zen. Baina are garrantzitsuagoa, errentagarritasunari erreparatuta: %3 eta %5 arteko Ebit marjina izango genuela esan genuen, eta %5,5ekoa izan da. Denbora asko igaro behar izan da errentagarritasun-marjina hain altuak ikusteko”, baieztatu du.

“Duela urtebete hitzemandako guztia lortu dugu 2013an, aurreikuspenak ere gainditu ditugu, eta prestatu egin gara bai orainaldiari bai gure akziodunentzat hain positibo igartzen den etorkizun hurbilari aurre egiteko”, gehitu du Martínek.

Konpainiaren garapen organikoaz gain, Areva konpainia frantziarrarekin izenpetutako akordioa aipatu du Gamesako presidenteak. Bi konpainiok joint venture-a sortuko baitute offshore-negozioa abiarazteko. “Egungo makinak baino handiagoak diren makinak beharko ditu offshoreak etorkizunean, eta oso konpainia gutxi izango dira horretarako gai”. “Gamesan, ziur gaude lankidetza horri esker gure hazkundea errentagarria izango dela, eta egungo Negozio Planaren osagarri. Gainera, offshore-industriako eragilerik garrantzitsuen bilakatuko da joint venturea, eta sinergia garrantzitsuak sortuko ditu gure onshore-negozioarekin”.

Martínek gehitu duenez, 2013an, Gamesak are gehiago indartu ditu lehiarako abantailak: besteak beste, bere posizionamendu komertzial eta geografikoa, hazten dauden merkatuetan presentzia sendoa duelako; eta baita lidergo teknologikoa ere, produktu berriak garatzen dituelako.

“Ekimen horiek guztiek agerian ipintzen dute Gamesa tinkatu dela sektoreko eragile garrantzitsuenen artean. Azken bi urteotan, industria eolikoak berregituraketa-prozesua bizi izan du. Orain, hazkundearen ordua da, pisu handiagoa izateko ordua. Eta, finkatze horretan, Gamesak zeregin esanguratsua izango du, baldin eta akziodunarentzat balioa eta balorea sortzen badira”.

Partekatu

Beste berri batzuk