Garapen pertsonala eta emaitzen hobekuntzari buruzko jardunaldia hartu du Gipuzkoako ZT Parkeak

Gipuzkoa

  • Parkeak, Novia Salcedo Fundazioak eta Baketik erakundeak antolatu dute, Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko hainbat enpresatako ordezkari hurbildu dira gaur Parkeko areto digitalean Garapen pertsonala eta emaitzen hobekuntza Erakunde berritzaileetan izeneko jardunaldira. Parkeak, Novia Salcedo Fundazioak eta Baketik erakundeak antolatuta, Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin, erakundeetan taldekako lana izan da ardatz nagusi.

Sabino Ayestarán, Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunak lankidetzan oinarritu du bere hitzaldia: elkarrekin ideiak eta baloreak eraikitzeko gaitasuna dakar lankidetzak eta horrek izan behar du, hain zuzen ere, taldekako lanaren zutabe.

Novia Salcedo Fundazioko Ana Diazek bere aldetik, Icaro ekimenari buruz hitz egin du: krisialdi ekonomiko eta sozialari erantzuna emateko helburuarekin sortu zen ekimena da; talde sustatzaile bat du Icarok, egoeraren azterketa egin eta maila desberdinetan irtenbideak proposatzen dituena.

Ion Irurzun, Baketik erakundeko zuzendariak azkenik, bereziki enpresetara zuzendutako Lanetik proposamena izan du hizpide. Irurzunen esanetan etikak izan behar du aldaketaren ardatz eta ardatz honen barruan enpresak bi elementu landu behar ditu: alde batetik zentzuaren esparrua eta bestetik benetako eginkizun soziala.

Jardunaldiaren alde teorikoa amaituta, Guillermo Matiak Decathlon Bilbao konpainiak talde berritzaileen arloan izan duen eskarmentuaren berri eman du, abiarazitako ekimenak eta egindako lanaren emaitzak azalduz.

Jardunaldiari amaiera emateko, galdera-erantzunen txanda interesgarria eman da hizlarien eta entzuleen artean, bakoitzak bere esparruan izan dituen esperientziak partekatuz.

Partekatu

Beste berri batzuk