Gaur hasi da BTEKanp, 40 neska-mutikoren parte-hartzearekin
- Gaurtik ostirala bitartean, tailer teknologikoak, enpresetara bisitak eta kirol ekintzak egingo dituzte Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean.
BTEKanp, Teknologiaren Interpretazio Zentroko kanpamentu teknologikoak gaur goizean hasi dira, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. 9 eta 14 urte bitarteko 40 haur eta gazte ari dira kanpamentuotan parte hartzen.
Lehen eguneko jarduna Scratch tailerrarekin hasi dute; programazio hizkuntza ikasiz, modu praktiko eta dibertigarrian, joko interaktibo eta multimediaren sorreraren esparruan murgildu dira. Ondoren IDOKI enpresara joan dira, bioteknologia alorreko enpresako laborategietan fluido superkritikoekin nola lan egiten duten ikusi eta ikasteko.
Eguerdian berriz, Zesta Punta ikastaroa izan dute Zamudioko frontoian eta arratsaldean Robotika tailerrarekin eman diote amaiera lehen eguneko egitarauari; bideo, jolas eta Lego Mindstorm robot bat programatuz, NXT software bisualaren bidez, robotikako oinarriak aztertu dituzte, modu praktiko baten: sarrerak (sentsoreak), irterrak eta informazioaren prozesua.
Bihar, asteazkena, argazki eta arte mundura hurbiltzeko modu desberdin bat ezagutzeko aukera izango dute, DURERO enpresan, hain zuzen ere DIDU teknika. Eta tailer teknologikoen atalean, zuhaitz eta errekei buruzko tailerra egingo dute: Euskadiko zuhaitzen identifikazio genetikoa, DNA sekuentzia eta polena erabiliz, eta BTEKen ondotik pasatzen den errekaren azterketa ere egingo dute, laginak bildu eta ingurumen-egoera ikusiz.
Etzi, ostegunez, ABEREKIN ezagutuko dute haur eta gazteek: izoztutako semenaren azterketa teknikak, ezohiko formak eta intseminazio artifizialarekin lotutako azken teknologietan emandako aurrerapausuak ezagutuko ditute. Ondoren, Hidrogenoa eta energia berriztagarriak tailerrari ekiteko: energia berriztagarriak aztertu eta hauetan oinarritutako kit praktiko desberdin eta multimediak erabiliz, hidrogeno bidez energia gordetzeko metodologia ikasiko dute.
Ostiralean, azken eguna izanik, aste osoan landutako proiektu bat bukatu eta aurkezteko eguna izango da; baita BTEKanp, kanpamentu teknologikoei agur esateko momentua ere.