Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean kokatu berri diren LANGUNE eta WATTIO enpresen aurkezpena egin da gaur

Gipuzkoa

  • Enpresa berrientzako harrera eta aurkezpena ekimenaren barruan antolatutako aurkezpenean, enpresa bakoitzeko arduradunak bere jardueraren berri eman du, bertaratutako 16 enpresetako ordezkarien aurrean.

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak Enpresa berrientzako harrera eta aurkezpena ekimena abiarazi du, Parkean kokatzen diren enpresei zuzendutakoa, hain zuzen ere, gainerako enpresen aurrean euren burua aurkezteko aukera gisa.

Ekimenaren lehen agerraldia gaur bertan egin da, Parkeko egoitza nagusian, Langune eta Wattio enpresekin. Joan den martxoaren 20an Administrazio Kontseiluak egindako bileran jaso zuten biek ala biek parkean kokatzeko oniritzia.

Langune Hizkuntzen Industriaren alorreko Euskal Herriko enpresen elkartea da; 2010eko urtarrilean eratu zen eta itzulpengintza, edukiak, irakaskuntza eta hizkuntzen teknologiaren alorreko Euskal Herriko 35etik gora enpresa elkartzen ditu. Euskal Herriko Hizkuntzen Industria sustatzea, sendotzea eta kohesionatzea du helburu, sektorearen eta kide elkartuen lehiakortasuna eta ikusgarritasuna hobetzearekin batera.

Wattio berriz, etxebizitza eta enpresentzat zerbitzu domotiko berritzaileak egiteko plataforma teknologikoaren diseinu, injiniaritza eta merkaturatzea garatzen dituen konpainia da, energia aurrezpena, erosotasuna, segurtasuna eta osasunaren zaintza kontutan hartzen dituena. Wattiok I+G+b garatzen du bere produktu propioa lantzeko eta sistemaren atal guztiak bateratzen ditu: hardware, firmware eta software.

Gaurko aurkezpenean, Parkean kokatutako 16 enpresatako ordezkariak bildu dira Langune eta Wattioren aurkezpena jarraitzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk