Grafenoa, Europako Batzordearen lehentasunezko ikerketa-material berria

Araba

 

. CIC Energigune materialak energia-gordailuaren eremuan izan ditzakeen aplikazioak aztertzen ari da

CIC Energigune Ikerketa Kooperatiboko Zentroak Arabako Parke Teknologikoan du egoitza, eta nazioarteko patzuergo batean parte hartzen ari da, grafenoak energiaren sektorean izan ditzakeen aplikazio teknologikoak ikertzeko. Europako Batzordeak lehentasunezkotzat jotzen du material honen ikerketa, teknologia berriak garatzeari dagokionez. Graphene Flagship proiektuak Europa osoko 126 ikerketa-talde biltzen ditu, eta lehen 30 hilabeteetarako hasiera-aurrekontua 54 milioi eurokoa da.

Graphene proiektuaren helburua da grafenoari buruzko ikerketetan sakontzea, laborategietatik haraindi joateko eta produktu teknologiko berritzaileak azkar lortzeko, euren aplikazioengatik zein industriak eraldatzeko eta hazkunde ekonomikoa eta enplegua sortzeko gaitasunarengatik gizartearentzako erabilgarri izango direnak. Proiektuaren lehen hilabeteak igarota, aurreikusita dago hurrengo 10 urteetan inbertsioak 1.000 milioi eurotara iritsiko direla Europa osoan.

Ildo horretatik, CIC Energigunek bi ikerketa-lerro jorratuko ditu, grafenoak energiaren eremuan dituen aplikazio teknologikoak aztertzeko proiektu honetan. Zehazki, superkondentsadoreak aztertuko ditu, hots, grafenoz estalitako elektrodoak potentzia eta energia-dentsitate handiko energia-metagailu elektrokimikoetarako. Horien artean daude Li-ion bateriak, eta karbono-material berrien karga, iraunkortasuna eta egonkortasuna neurtzeko probak egingo dizkie.  Lantalde horretan izango da Graphenea euskal enpresa ere, eta parte-hartze garrantzitsua edukiko du.

Grafenoa karbono-atomoz osatutako orri-egitura laua da. Material honek propietate oso bereziak ditu, eta elektronikan horren erabilia den silizioak baino askoz maila handiagoan, gainera. Horrela, aplikazio asko izan ditzake hainbat sektoretan, hala nola komunikabideak, garraioa eta energia. Esaterako, abiada handiko gailu elektronikoetan eta optikoetan erabil daiteke, paper elektronikoa bezalako gailu elektroniko malguetan, energia nabarmen aurrezten lagunduko duten osagai arinak hegazkintzarako, eta baita energiaren eremuan ere, gaitasun handia eta pisu gutxi duten bateria aurreratuak garatzeko aukera ematen baitu. Etorkizunean, medikuntzaren sektorea ere eraldatuko duela espero da, erretina artifizialak bezalako produktu berriekin.

Graphene Flagship patzuergoan eremu akademikoko eta industrialeko 126 ikerketa-taldek parte hartzen dute, eta, beraz, orain arte Europan egin diren ikerketa-ekimen koordinatuen artean handienetako bat da. Parte-hartzaileak 17 herrialdetatik datoz, eta guztira 54 milioi euroko aurrekontua osatu dute proiektuaren lehen 30 hilabeteetarako. Aurrerantzean, proiektua handitzea espero da, grafenoari lotutako ingeniaritza aplikatuan aritzen diren beste 20 edo 30 lantalderekin. Talde berriak grafenoaren ekoizpenean –proiektuaren lehentasun nagusietako bat izango dena– eta material berriaren garapenean eta aplikazio teknologikoetan arituko dira.

 

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk