Hamarkada oso bat erreferente gisa haurren hizkuntzen nahasmenduen ikerkuntzan

Laborategia 2011n sortu zen ikerketa zentroa eta ikastetxearen elkartasunaren ondorioz, haur eta nerabeetan ikasketa prozesuan zehar sortzen diren hizkuntza zailtasunekin (dislexia kasu) loturiko burmuin mekanismoak ikertzeko xedez

BCBLko zuzendari zientifikoa den Manuel Carreiras; Nieves Maya, ikastetxeko zuzendaria; Maite Alonso, Euskadiko Eskola Kontseiluko lehendakaria; Lucía Torrealday, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria; eta, Belén Uriarte, Gasteizko Berritzeguneko zuzendaria izango dira ekitaldian

Zein da irakurtzen ikasteko metodorik onena? Nolako eragina dute norbanakoen ezaugarriek ikaskuntzan? Zenbat hizkuntza ikasi behar dituzte gure seme-alabek? Zein da hizkuntzak ikasteko unerik egokiena? Aipatutako hauek dira 2011tik BCBLko JuniorLab-eko ikerketak erantzuten saiatzen ari diren galderetako batzuk. Laborategi hau Carmelitas Sagrado Corazón ikastetxean kokaturik dago eta Basque Center on Cognition, Brain and Language.ikerketa zentroak bultzatzen du.

Pandemia dela eta atzeratu behar izan badute ere, asteazken honetan, hilak 25, arratsaldeko 17:30ean BCBL eta ikastetxeak sinatutako itunaren emaitza izan den proiektuaren 10. urteurrena ospatuko dute bere JuniorLab-eko instalazioetan.

BCBLko zuzendari zientifikoa den Manuel Carreiras; Nieves Maya, ikastetxeko zuzendaria; Maite Alonso, Euskadiko Eskola Kontseiluko lehendakaria; Lucía Torrealday, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria; eta, Belén Uriarte, Gasteizko Berritzeguneko zuzendaria ospakizunean egongo dira.

«Lankidetza honen ondorioz erdietsitako emaitzekin oso pozik gaude, eta, bereziki, esker ona adierazi nahi diogu ikastetxeko zuzendaria den Nieves Mayari, ikerkuntzarako duen zaletasuna ezinbestekoa izan baita JuniorLab-a sortu eta gure jarduerararen helburu zientifikoak garatzen laguntzeko ingurune bikain bihurtzeko», azpimarratu du Carreirasek.

Lehendabiziko kolaborazioa 2010ean izan bazen ere, hamarkada bat igarota, adin ezberdineko ikasleen hizkuntzarekin lotutako prozesu neurokognitiboen ikerkuntzan erreferente bihurtu da espazio hau, ikasketa prozesuekin erlazionatutako hizkuntza zailtasunen atzean dauden garun mekanismoak hobeto ulertzea helburu izanik

BCBL JunoirLab-ak orotara 20 ikerketa proiektu baino gehiago abiarazi ditu, besteak beste, dislexia edo Hizkuntzaren Arazo Espezifikoa (HAE) bezalako hizkuntza nahasmenduen diagnostiko goiztiarrerako baterien garapena.

«Ikerketa, berriztatzea eta hezkuntza metodoen hobekuntza JuniorLab-eko jarduerarako oinarrizko euskarria dira. Hizkuntzaren ulermen eta ekoizpena, irakurketa-idazketa, eleaniztasuna edo hizkuntza prozesuekin loturiko ikasketako berariazko zailtasunak ikertzen ditugu», gehitu du Donostiako zentroko zuzendari zientifikoak.

Horretarako, Gasteizko ikastetxeko laborategia azken belaunaldiko ekipamendu teknikoaz hornitua dago, 4-15 urte bitarteko bertako ikasleek ikerlanetan parte har dezaten

BCBL JuniorLab-ak teknika hauek baliatzen ditu: kabinetan instalaturiko jokabide-teknikak, ordenagailu edo ukipen-pantailen bitartez ikus- eta entzunezko estimuluen aurrean erantzun denbora neurtzeko,  esaterako; begi-mugimenduak kameraren bidez erregistratzen dituen eye-tracking teknologia, alegia, partaidearen begirada grabatzen duen gailua, pantailan irakurri edo irudiak ikusten dituen bitartean; eta elektroentzefalografia (EEG) izenekoa, estimulu bisual edo auditiboen aurrean garunaren aktibitate elektrikoa erregistratu eta neurtzen duena buru-azalean.

«Eskertu nahiko genieke, batetik, familia zein ikasleei hasiera-hasieratik erakutsitako prestasuna eta zintzotasunagatik, eta, bestetik, BCBLri parte-hartzea sustazeagatik bere jarrera motibatzaile eta joku didaktikoen bitartez, eta ikasketxeko eguneroko jarduerarekiko uneoro azaldutako errespetuagatik», goratu du Nieves Mayak.

Eragina hezkuntzan

Ikasle boluntarioek burutzen dituzten proba eta teknika hauen emaitzak baliatuz, laborategi honetan garatzen diren ikerketa proiektuen bitartez eskola aldiko ikasketa prozesuak hobetzen lagundu eta hezkuntzan eragina izan nahiko lukete.

«Gainera, Carmelitas Sagrado Corazón ikastetxean egoteak epe luzerako proiektuak egitea ahalbidetzen digu. Haur berberak beha ditzakegu hezkuntza formaleko une ezberdinetan, honenbestez, denboran zehar beraien gaitasunak nola garatu diren aztertzeko aukera dugu», nabarmendu du Manuel Carreirasek.

Zentzu honetan, Gasteizko laborategian aurrera eramandako zenbait proiektu irakurtzen edo idazten ikasteko metodologia egokienaren bila aritu dira;  beste batzuek, irakurtzen ikastean edo bigarren hizkuntza baten ikaskuntzan jazotzen diren prozesu kognitiboen analisian jarri dute fokua.

«Bigarren hizkuntza bat nola eskuratu hobeto ulertzeko ume elebidunen irakurmenaren oinarri kognitiboak ezagutzeak eragin positiboa zein kaltegarria izan lezake irakurmenaren garapenean, eta epe luzera, euskaraz irakurtzeko metodo hezitzaileak hobetzeko baliagarria izango zaigu, eta halaber, nahasmenduak dituzten gazte elebidunen diagnosian lagunduko digu euskaraz irakurtzen ikasteko prozesuan zehar» esan du Carreirasek amaitzeko.

Era honetan, BCBLko adituek ikaskuntzan eta honen eboluzioan esku-hartzen duten oinarrizko prozesuak ulertzeko ezinbesteko informazioa erdiesten dute, etorkizunean eskola porrota gutxitzen laguntzeko itxaropenarekin, horretarako datu zientifikoetan funtsaturiko programa hezitzaileak diseinatuz.

Datozen urteetan lankidetzan egindako proiektua arlo berdinak aztertzen aritzeaz gainera, hizkuntza nahasmenduen antzemate goiztiarrerako gaztetan hasitako biomarkatzaileen bila ere arituko da.