Haragitarako behien sektoreko karbono-aztarna neurtzeko plataforma digital berriari abal zientifikoa eman dio NEIKERek

Albisteak, Araba, Bizkaia

Teknologia-zentroak ingurumen-ebaluazioan duen esperientzia aplikatzen du plataforman, Provacunorekin (behi-aziendaren haragiaren lanbide arteko erakundea) hamarkada bat baino gehiagoko lankidetza-ibilbidea egin ondoren

Behi-aziendaren aztarna jasangarria izeneko tresna informatikoa Bizi-zikloaren analisiaren (BZA) metodologian oinarritzen da, eta Espainiako Inbentario Sistemarekin (SEI, gaztelaniazko sigletan) lerrokatuta dago

Aplikazioak dagoeneko badu abeltzaintzako modulu operatibo bat, eta irailean osatuko du katearen monitorizazioa, fase industrialaren integrazioarekin

Neutraltasun klimatikoa lortzea 2050ean. Hori da haragitarako behi-sektoreak jasangarritasunaren hobekuntzan aurrera egiteko planteatzen duen erronka. Horretarako, beharrezkoa da jardueraren ingurumen-inpaktua modu errealistan neurtzea eta balio-kate osoan zehar berotegi-efektuko gasen emisioak kuantifikatzea ahalbidetuko duten diagnostiko zorrotzak izatea.

Testuinguru horretan, NEIKER teknologia-zentroak, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakundeak, Espainiako haragitarako behien sektorearen karbono-aztarna kalkulatzeko aplikazio digital berri baten ikuspegi metodologikoaren garapenean parte hartu du. Zehazki, lan hori Provacunorekin (behi-aziendaren haragiaren lanbide arteko erakundea) duen lankidetza-harremanaren esparruan garatu da.

Lankidetza horren emaitza den tresna, Behi-aziendaren aztarna jasangarria izenekoa huellavacunosostenible.eu helbidean doan eskuragarri dagoena, sektorerako funtsezko soluzio informatiko gisa aurkezten da. Bere helburu sistema erraz, irisgarri eta metodologikoki zorrotz bat eskaintzea da, abeltzaintzari eta industriari berotegi-efektuko gasen emisioak kuantifikatzeko eta haien hobekuntza-eremuak identifikatzeko aukera emango diena.

BZAn oinarritutako metodologia

Neurketa zehatz bat lortzeko, tresna bizi-zikloaren analisiaren (BZA) ikuspegiaren arabera diseinatu da, hau da, ekoizpen-sistemen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko erreferentziazko nazioarteko estandarraren arabera. Eredu honek emisioak prozesuaren etapa guztiak kontuan hartuta aztertzen ditu, ikuspegi partzialak edo faseen arteko eraginen desplazamendua saihestuz.

Horrela, sistemak honako hauek barne hartzen ditu: pentsu eta bazken ekoizpena, ongarri sintetikoen erabilera, energia-kontsumoa, simaurraren kudeaketa, garraioa eta eraldaketa industriala. Halaber, Espainiako Inbentario Sisteman (SEI) jasotako Nekazaritza Ministerioaren emisio-faktoreak erabiltzean, plataformak bat egiten du informazio-esparru ofizialekin.

Maila teknikoan, aldagai horien guztien bilketa sinplifikatzeko, plataformak aplikazioen programazio-interfaze bat du (API), eta, horri esker, zuzenean konekta daiteke abeletxeetan eta haragi-industrietan erabiltzen diren kudeaketa informatikoko sistemekin (ERP). Integrazio horrek informazioa transmititzea automatizatzen du, datuen sarreraren bikoiztasuna ezabatuz eta kalkulu azkarra, fidagarria eta akatsik gabea ziurtatuz. Halaber, kudeaketa-softwarea ez duten instalazioentzat, plataformaren interfazeak eskuz sartzeko bide optimizatu bat eskaintzen du, jarduera-datuak modu azkar eta sinplean erregistratzeko aukera emanez, eta bi kasuetan berehalako kalkulu fidagarria bermatuz.

Hamarkada bat lankidetzan

Arkitektura teknologiko hori guztia NEIKERen eta Provacunoren arteko hamarkada bat baino gehiagoko lankidetza-ibilbidearen emaitza da. Proiektu honen bidez, teknologia-zentroak ingurumen-metodologien garapenean metatutako esperientzia praktikan jarri da, ezagutza espezializatu hori pixkanaka hedatzen den soluzio digital batean gauzatuz.

Lehen fasean, abeltzaintza-modulua merkaturatu da, ekoizle-sektoreari behi ume-hazleen ereduak (behi-txahalkiak) eta gizendegiak espezifikoki ebaluatzeko aukera ematen diona.

“Softwareak abeltzaintzaren jarduerari buruz erabiltzaileak sartutako datuak prozesatzen ditu eta txosten xehatuak sortzen ditu, irismenaren nahiz berotegi-efektuko gas motaren arabera banakatuak (CO2, CH4 eta N2O). Horri esker, iturri bakoitzaren eragin espezifikoa azter daiteke, hala nola hartzidura enterikoa, simaurraren kudeaketa, elikadura edo garraioa. Emaitzak hektareaka eta produktu-unitateka adieraztean (kilogramoko pisu bizia edo kanala), abeltzainak konparazio zorrotzak egin ditzake sektoreko erreferentziekin edo bere historikoarekin, eta horrek erraztu egiten du hobekuntza-puntuak identifikatzea eta datuetan oinarritutako erabaki estrategikoak hartzea”, azaldu du Óscar del Hierro NEIKEReko Natur Baliabideen Kontserbazioa saileko ikertzaileak.

Balio-kate osoaren modulua

Balio-kate osoaren monitorizazioa irailean osatuko da, tresnaren bigarren fasea aktibatzean, hiltegiari dagokion inpaktua integratzeaz arduratuko den industria-modulua txertatzen denean.

Aplikazio informatikoa garatzeko eta merkaturatzeko prozesu hori guztia “Sustainable European Beef” (SEUB) Sustapen Planaren barruan sartzen da. Hiru urtean behingo ekimena da, Europako funtsekin batera finantzatua eta Provacuno buru duena Espainian, Belgikako Apaq-W erakundearekin batera.

Partekatu

Beste berri batzuk