BC3ren ikerketa berri baten arabera Europako klima-politikak ez dira nahikoak kutsadura atmosferikoaren osasun-arriskuak arintzeko
The Lancet Regional Health aldizkari ospetsuan argitaratu den lanak ikuspegi berritzailea aurkezten du poluzioak kontinenteko biztanleengan duen eragina aztertzeko
Diru-sarrera txikiko familiek eta hiriguneek, bereziki Balkanetako herrialdeetan, arrisku handiagoa dute
Klima-aldaketa arintzeko ahaleginak eta Europako deskarbonizazio-plan zorrotzak gorabehera, poluzio atmosferikoa mehatxua da oraindik ere Europako osasun publikoarentzat. 2022an bakarrik, partikula finen (PM2,5) eraginpean egoteak 239,000 heriotza goiztiar baino gehiago eragin zituen Europan, eta, 2030erako proiekzioen arabera, poluitzaile horrek 153.000 heriotza baino gehiago eragiten jarraituko du urtean kontinentean.
Hala ere, eragin hori ez da modu uniformean banatzen: diru-sarrera txikienak dituzten familiek eta hiriguneek, bereziki Balkanetako herrialdeetan, neurriz kanpoko esposizioa dute kutsadura honen aurrean.
Hori da The Lancet Regional Health aldizkari ospetsuan argitaratutako eta Basque Centre for Climate Change (BC3) klima-aldaketaren ikerketa-zentroak zuzendutako ikerketa berri baten ondorio nagusia. Poluzioak hainbat taldetan duen eragina aztertzeko ikuspegi berria aurkezten du lanak, diru-sarreren mailaren, adinaren eta kokalekuaren (hirikoa edo landa-eremukoa) arabera.
“Eskala handiko politikak diseinatzerakoan, azterketa tradizionalek bloke uniforme gisa tratatzen dute gizarte osoa, benetako desberdintasunak islatu gabe. Gainera, eskala oso zabaletan lan egiten dute, eta oso gutxitan aztertzen dituzte klima-politika erreal eta zehatzak dituzten agertokiak. Gure lanaren emaitzak irudi askoz osatuagoa du, eta Europako trantsizio energetikoaren osasun-kostuak zein kolektibok bere gain hartzen dituen erakusten du, bai nazioartean, bai toki-mailan”, azaldu du Clàudia Rodés-Bachs BC3ko ikertzaile eta ikerketaren egileak.

Europako politikak
BC3ren lanak, Atenaseko Unibertsitate Tekniko Nazionalarekin (NTUA) eta Europako Batzordearen Ikerketa Zentro Komunarekin (JRC) lankidetzan, xehetasunez modelizatzen du Energia eta Klima Plan Nazionalak (NECP) eta “Fit-for-55” (FF55) neurri-sorta biltzen dituen “POLICY55” agertokia. Europako politika hauen helburua da berotegi-efektuko gasen isurketak % 55 murriztea 2030erako, 1990eko mailekin alderatuta.
“Gaingiroki, badirudi Europako trantsizio energetikoak ezustekorik gabe egiten duela aurrera, baina zifra globalek ezkutatzen dute irabazleak eta galtzaileak daudela. Batez bestekoen inguruan diseinatutako klima- eta kalitate-politikak ez dira nahikoak, eta ahulenak atzean uzteko arriskua dute”, nabarmendu du Rodés-Bachsek.
Hori dela eta, azterlanak ondorioztatzen du osasunean duen eragina hain eskala zehatzean eta faktore sozialekin gurutzatuta ebaluatzea ez dela aurrerapen metodologiko hutsa, baizik eta ezinbesteko baldintza politika klimatikoak, aldi berean, eraginkorrak, bidezkoak eta ebidentzia zientifikoan oinarritutakoak izango direla bermatzeko.
“Gure lanak aparmentu-eraikin handi bateko kamera termiko bat bezala jokatzen du: jabeak energia-faktura orekatua ikusten duen bitartean, kamerak agerian uzten du zein apartamentu dauden deserosotasun termikoan eta zein egoiliar ari diren, apartamentu bakoitzaren barruan, eraikin osoaren arauen kostua isilean bere gain hartzen”, adierazi du ikertzaileak.
Ikerketa esteka honetan dago eskuragarri, eta Europar Batasunak finantzatu du, Horizon Europe erakundearen eta Marie Skłodowska-Curie Actions diru-laguntzen bidez.